Klima larrialdia. Lola Vallejo. IDDRIko Klimaren Programako zuzendaria

«Bide onean doaz konpromisoak, baina asko dago egiteko»

AEBak klima aldaketaren aurkako borrokara itzuli izanaren garrantzia azpimarratu du Vallejok, baina oroitarazi du mundua oso urruti dagoela oraindik zientziak aipatzen dituen helburuetatik. Uzkur dauden potentziak, garabidean diren herrialdeak eta finantza erakundeak erakarri beharra nabarmendu du, Glasgowko goi bilerara begira.

JEAN LARIVE.
inaki petxarroman
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Parisko IDDRIko (Nazioarteko Harremanetarako eta Garapen Iraunkorreko Institutua) klima programako zuzentzailea da Lola Vallejo (Tolosa, Okzitania, 1984). Klimari buruzko akordioen eta diplomaziaren nondik norakoei gertutik erreparatzen die institutuak, eta, besteak beste, horretarako aholkularitza eskaintzen du.

Joe Bidenek antolatutako goi bileran aurrerapenak izan dira potentziek hartutako konpromisoetan. Zer irizten diezu?

Gertatu denaren albiste nagusia da AEBak itzuli direla klima ekintzara, eta agindu dutela 2030erako erdira gutxituko dituztela karbono dioxidoaren isurketak 2005ekoen aldean.Joe Bidenen presidentetzarekin hartutako konpromiso horiek baloratzekoak dira, zeren eta testuinguru politikoa ez zen horren erraza. Polarizazioa eta tentsio politiko eta ekonomikoa oso handiak dira; eta, hala ere, aurrera egin du. Beste potentzia batzuek ere hartu dituzte konpromisoak: Japoniak, Kanadak... Bide onean doaz, baina oraindik asko dago egiteko beste herrialde batzuek ere neurriak hartzeko, Brasilek eta Australiak, kasurako... Edonola ere, jokaleku politikoak orain erraz dezake, potentzia batzuek asmo handinahiagoak baitituzte; esaterako, Europako Batasunak (EB).

Esan genezake egunotan egindako akordioen bidez mundua gertuago dagoela Parisko Hitzarmena betetzetik?

Akordioek helburu kolektibora gerturatzen gaituzte pitin bat, baina pentsatu behar dugu oso urrun gaudela oraindik. Izan ere, zientziak dioenez, 2030erako %45 gutxitu beharko lirateke berotegi gasen isurketak, eta gaur-gaurkoz %1eko murrizketa besterik ez gara bermatzen ari. Egia da EBk, Kanadak eta Japoniak erakutsitako asmoen bidez hurbil gaitezkeela helburura. Hala ere, goiz da hori dena egintzat jotzeko. Interesgarria da, hala ere, Biden presidentearen deiari erantzun diotela 40 herrialdek, eta, gainera, Parisko Hitzarmenaren helbururik handinahiena izan dutela ahoan, hau da, munduaren batez besteko tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago industria aurreko aroarekin alderatuta.

Ekintzak ez datoz bat epe luzeko asmoekin. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) esan berri du aurten %5 igoko direla CO2 isuriak.

Egia da iaz asko jaitsi zirela murrizketak, eta aurten, ekonomia berriz martxan jarri ahala, handitzen ari direla. Baina kontua ez da hainbeste baikortasuna edo ezkortasuna izan dezakegun, baizik eta ea zertan oinarrituko duten estatuek euren berraktibatze ekonomikoa, hau da, erregai fosilen erabileran sakonduko duten edo iraunkortasunean oinarrituko duten, deskarbonizaziorako bidea errespetatuz. Oraingoz, AEBek eta EBk agindu dituzten neurriak egokiak izan daitezke, baina hitz xeheak ezagutzea falta zaigu, hau da, ea horiek nola jarriko dituzten indarrean.

Egun munduko potentzia kutsatzailerik handiena izanik, zer esango zenuke Txinari buruz?

Jokaleku klimatikoari begiratuz gero, herrialderik garrantzitsuena da Txina, berotegi gas gehien isurtzen duen herrialdea delako, nahiz eta oraindik, per capita isuriei erreparatuz gero, ez den iritsi beste herrialde batzuen mailara. Oraingoz, oso epe luzeko konpromisoak hartu ditu, 2060rako agindu baitu karbono neutraltasuna. Bere bost urteko plangintza ekonomikoetan, hasita dago erakusten deskarbonizaziorako nolabaiteko keinu herabe bat, eta agindu du 2025erako joko duela goia bere ikatz kontsumoak, baina ikusi egin behar da zer egingo duen aurten. Haren hazkunde ekonomikoan eragin handia dauka haren esportazio tasa handiak, eta produktu horiek karbono aztarna nabarmena daukate oraingoz. Bide horretan, ikusi beharko da ea geratzen duen martxan duen ikatz zentral handi berrien eraikuntza.

Ekologistek kritikatu egin dute Europako Batasunaren Klima Legea, handinahiagoa izatea posible zelakoan. Zer iritzi duzu?

Uste dut Europako Batasunari aitortu egin behar zaiola, nazioarteko egoera dena delakoa izanik ere, klimari dagozkion politiken ardatz sendoena bihurtu izana. Klima Legeak baditu hutsuneak, baina abiapuntu positiboa da, legez ezartzen duelako Europan isuriak %55 murriztea 2030erako, eta adituen kontseilu bat eratzea onartu duelako helburu horiek lortzen laguntzeko. Helburuei dagokienez ere, aitortu behar da esanguratsuak direla, baina proposamenak gauzatu ahala lortuko dela sinesgarritasuna. Baditu horretarako eskaintza eta arautegi ugari.

Noiz has daiteke praktikan sumatzen, benetan, berotegi gasen isurien malda behera hasi dela, kontuan edukita iazko beherakada ez dela oso fidagarria?

Egia da iazko jaitsiera oso lotuta dagoela energiaren kontsumoaren eta garraioaren beherakadari, eta ez hainbeste petrolio, ikatz eta erregai fosiletatik askatuko gaituzten eraldaketei. Horrek transformazio handiak eskatzen ditu, eta espero dut berehala aurrerapenak egiten hastea, orain arte baino ahalegin handiagoak, behinik behin, planetaren beharren neurrira iristeko.

Topaketa honen ondoren, Glasgowko COP26 goi bilerari itxaropen handiagoz begira dakioke?

Zalantzarik gabe, anbizioz jokatzen duten herrialdeen artean AEBak egotea positiboa izango da COP26arentzat ere, zeren bestela Erresuma Batua oso bakarrik geratuko baitzen ahalegin hori aurrera eramateko, konpromisoen bultzada eta babesa azkartzeko: nazioarteko finantza erakunde publikoen norabidea bermatzeko, eta, haien bidez, finantzaketa pribatua erakartzeko, besteak beste, garabidean diren herrialdeetara ere eraman ahal izateko. Kontuan eduki behar da oraintxe Parisko Hitzarmena berrikusi egin behar dela, eta espero dezagun azterketa gainditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.