Bide beretik jarraitzea erabaki dute Irlandan, Fianna Fail gailenduta

Behin-behineko emaitzen arabera, eskuineko alderdiak bildu du boto gehien: %21,8. Atzetik daude Sinn Fein (%19), 39 eserlekurekin; eta Fine Gael (%20,8), 38rekin. Litekeena da eskuineko koalizioa osatzea berriz.

Fianna Faileko buru Micheal Martin, artxiboko argazki batean. WAEL HAMZEH / EFE
Fianna Faileko buru Micheal Martin, artxiboko argazki batean. WAEL HAMZEH / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 2a
17:45
Entzun

Hautesbarrutitako bateko botoak zenbatzeko faltan —43 dira denera—, bide beretik jarraitzea erabaki dute Irlandan. Ostiralean egindako parlamenturako bozetan, eskuineko alderdi Fianna Failek eta Fine Gaelek bildu dute boto gehien: hurrenez hurren, %21,8 eta %20,8. Sinn Fein ezkerreko alderdiak hirugarren egin du, botoen %19 lortuta. Horiek horrela, litekeena da datorren agintaldian Fianna Failen eta Fine Gaelen arteko eskuineko koalizioa osatzea berriz; hori bai, 46 eserlekurekin, Fianna Faileko buru Micheal Martinek du hurrengo lehen ministro bihurtzeko aukera handiena, eta espero da negoziazioak hark abiatzea. 

Hurrengo asteetako eztabaiden gakoa izango da zer beste alderdik osatuko ote duen koalizioa. Denera, 174 eserleku daude parlamentuan, eta, behin-behineko emaitzen arabera, 38 eserleku izango ditu Fine Gaelek; hortaz, ganbera horretan gehiengoa izateko beharrezkoak diren 88 eserlekuetara iristeko lau eserlekuren faltan geldituko lirateke eskuineko bi alderdiak. Aurreko agintaldian, Berdeek osatu zuten koalizioa. Aurten, ordea, beste alderdiren batekin egin beharko dute akordioa, Berdeek eserleku bakarra lortu baitute. 

Emaitzei erreparatuta, irudi du eskuineko alderdiak laboristekin eta sozialdemokratekin negoziatzen aritu beharko dutela. Sozialdemokratek 11 eserleku lortu dituzte, eta laboristek, beste horrenbeste. Hain justu, laboristen buru Ivana Bacikek aurreratu du, gaur goizaldean herrialdeko RTE hedabidean egindako elkarrizketa batean, prest egongo litzatekeela Fianna Failekin eta Fine Gaelekin hitz egiteko, baldin eta eztabaida horiek ezkerreko alderdiek osatutako plataforma baten bidez egiten badituzte. Laboristek bakarrik haiekin negoziatuko luketen galdetuta, erantzun du «une honetan» ez daudela horretarako prest.

Bestalde, sozialdemokraten buru Holly Cairnsek ez du iragarri, oraingoz, alderdiak zer asmo duen. Atzo iluntzean prentsari egindako adierazpenetan, esan zuen alderdia «posizio indartsu batean» dagoela, eta aukerak izango dituela hurrengo gobernuaren osaketan eta parlamentuan «rol esanguratsu bat» izateko. Nolanahi ere, adierazi zuen «zehazteko» dagoela gobernuan edo oposizioan egongo diren. 

Sinn Fein, behera

Berdeek ez ezik, behera egin du Sinn Feinek ere, eta litekeena da beste behin gobernutik kanpo gelditzea. Ezkerreko alderdiak botoen %19 lortu ditu, eta 39 eserleku ditu. Edonola ere, ez Fianna Failek, ez Fine Gaelek ez dute asmorik Mary Lou McDonald buru duen alderdiarekin gobernua osatzeko, eta ezkerreko alderdiak ez dira gehiengora iristen. 

Bozen aurreko azken inkestek aurreikusten zuten Sinn Feinek duela lau urteko emaitzak lortuko zituela berriro. 2020ko bozetan, boto gehien bildu zuen alderdia izan zen, baita parlamentuan eserleku gehien lortu zuena ere. McDonaldek esan izan du bera «prest» dagoela eztabaidei ekiteko. Emaitzen inguruan, dena den, oraingoz ez du adierazpenik egin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.