Gerra Ukrainan. Bigarren urteurrena.

Bi urteren ondoren, higatze gerra

Ukrainako armada eta Errusiakoa ez aurrera ez atzera daude fronte militarrean. Aurtengo Europako Parlamenturako eta AEBetako presidentetzarako bozek eragin handia izango dute Kieven garaipenerako aukeretan.

(ID_13326932) UKRAINE RUSSIA CONFLICT
Ukrainako armadako unitate bateko komandantea, Donetsk eskualdeko lubaki batean, joan den azaroaren 6an. OLEG PETRASYUK / EFE
ander perez zala
2024ko otsailaren 24a
05:05
Entzun

Bi urte pasatu dira Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik. Iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik, erasoaldia eskala handikoa izan zen 2022ko otsailaren 24 hartan, eta bazirudien gerra denbora gutxiko kontua izango zela; besteak beste, militarrak berehala iritsi baitziren Kiev hiriburuaren kanpoaldera. Baina 730 egun pasatu dira harrezkeroztik, eta gatazka ez aurrera ez atzera geratu da; batez ere, ekialdeko frontean blokeatuta. Iaztik hona, ezinbestean, higatze gerra bilakatu da.

Hilabeteak dira bi aldeetako inor ez dela gai izan bere helburu estrategikoetan aurrera egiteko; are gutxiago horiek betetzeko. Ildo horretan, fronte militarra bera mugatu egin da, espazio fisikoari dagokionez —mila kilometro ingurukoa da—: borrokak gogorrak izaten ari dira, hildako eta zauritu askorekin, azkenean kilometro gutxiko aurrerapausoak edo atzerapausoak egiteko. Horretan da gerra.

Azken albistea zera izan da: Errusiako armadak Avdiivka hiriaren kontrola (Donetskeko Herri Errepublikan) hartu zuela joan den larunbatean. Garaipen militar nabarmenez arituz gero, hori izan du bakarra azken bederatzi hilabeteetan, iragan maiatzean Bakhmut hartu zuenetik. Behintzat, horretaz harago, Errusiak azken urtean lortu du Luhansketik Krimeara doan korridorea bere mesederako egonkortzea, eta herri errepubliketan kontrolpean ez zituen geroz eta eremu gehiago lortzea. Denera, Ukrainako lurren %18 ditu okupatuta.

%18

Errusiako armadak Ukrainako lurraldearen zenbateko ehunekoa duen okupatuta. Bi urteren ondoren, Errusiako armadak Ukrainako lurraldearen %18 du bere kontrolpean: ekialdean eta hego-ekialdean, Luhansketik Krimeara.

Ukrainako armadaren kasuan ere antzekoa da blokeoa. Mendebaldean itxaropena sortu zuen kontraerasoa abiatu zuen iaz, baina ez zuen lortu esperotako ezer; eta horrek desilusioa eragin zuen, bai etxean, baita atzerriko aliatuen artean ere. ISW Gerra Ikertzeko Institutua gatazka aztertzen ari da, eta azaldu du pare bat arrazoiren ondorio izan zela hutsegite hori: batetik, artilleriako munizio eta, oro har, ekipamendu faltagatik —batik bat, AEB Ameriketako Estatu Batuek laguntza militarra izoztu dutelako—; eta, bigarrenik, hutsegite taktikoak egiteagatik, eta Errusiako armadak erresistentziarako gaitasuna izan zuelako.

Horrez gain, Ukrainak badu arazo bat: soldadu eskasia. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea kritiko agertu zen hilaren 8an, errekrutatzea poliki doalako, eta joan den asteazkenean zera erabaki zuen: herrialdean «modu legalean» bizi diren atzerritarrei Guardia Nazionalean —Barne Ministerioaren kontrolpean dago— sartzeko baimena ematea. Gainera, parlamentuan lege proiektu bat onartzear dira, errekrutatzeko adina 27 urtetik 25era jaitsi eta beste 500.000 lagun armadan sartzeko.

Horri, gainera, ezinbestekoa zaio gehitzea, Oleksandr Sirskii armadako komandanteburuaren arabera, «aireko nagusitasuna» lortzeko baliabideak. Eta hori lotuta dago Mendebaldeko aliatuekin. Datorren ekainean hauteskundeak egingo dituzte Europako Parlamentua aukeratzeko —eskuin muturrekoek gora egingo dutela aurreikusi dute inkestek—, eta horren araberakoa izango da hurrengo Europako Batzordea, eta, beraz, laguntza; azaroan, gainera, presidentetzarako bozak dituzte AEBetan, eta horien emaitzek ere zeresana emango dute.

Berez, EB Europako Batasunean ez da jarrera aldaketa handirik espero, baina ikusteko dago AEBetan zer gertatuko den; batez ere, Donald Trumpek berriz irabaziko balu. Hori baita Vladimir Putin Errusiako presidentearen itxaropenetako bat: Mendebaldearen laguntza politiko, ekonomiko eta militarrean pitzadurak izatea.

Fronteaz harago

Errusiako armadaren Ukrainako inbasioak herritarren exodoa eragin zuen, gerraren lehen hilabeteetan batez ere. Bi urteren ondoren, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, 6,4 milioi lagun atera dira Ukrainatik —horietako 1,1 milioi Alemanian daude—, eta 5,2 milioi pertsonak lekualdatu behar izan dute herrialde barnean.

Iheslariez gain, beste afera batek ere izan du garrantzia urteotan: Mendebaldearen zigor ekonomikoek. Gutxienez Errusiaren kontrako 15.039 zigor agindu dituzte 2022tik, eta horietako gehienak, 10.173, norbanakoen kontrakoak izan dira —besteak beste, politikariak eta Putinen gertukoak—, horiek aztertzen ari den Atlantic Council AEBetako think tank-aren arabera. 4.089, berriz, enpresen eta erakundeen kontrakoak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.