Bilera luzea izan zuten atzo DUP Alderdi Demokratiko Unionistako zuzendaritzako kideek. Baina urratsa egin dute azkenean: alderdiko buruzagitza prest agertu da Ipar Irlandako gobernura itzultzeko, betiere Londresek hitzemandako neurriak indarrean jartzen dituenean. Hala jakinarazi du goizaldean DUPeko buru Jeffrey Donaldsonek. BBCk argitaratu duenez, bihar emango du Erresuma Batuak akordioaren xehetasunen berri, eta ostegunean eztabaidatuko dute parlamentuan. Horren helburua litzateke DUPek Ipar Irlandako Protokoloaren inguruan agertutako kezkak baretzea —esaten dute «muga bat» sortu duela Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean—.
Ipar Irlandako Asanblean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiak gaur dira biltzekoak, baina Sinn Feineko presidente Mary Lou MacDonaldek aurreratu du helburua dela gobernua osatuta egotea otsailaren 8a baino lehen. Hala, lehen aldiz, buruzagi errepublikano bat izango litzateke lehen ministro, eta unionista litzateke lehen ministrordea. 2022ko maiatzaren 5ean, Asanblearako hauteskundeak egin zituzten, eta, lehen aldiz, alderdi errepublikano batek lortu zuen ordezkaritzarik handiena, Sinn Feinek. Alderdiko buru Michelle O'Neill izango da gobernuburu berria.
Donaldsonek ohartarazi du, baina, hori baino lehen Londresek unionisten zenbait eskaera bermatu beharko dituela. Hilabeteotan zazpi puntu nagusi plazaratu ditu DUPek: Erresuma Batuaren eta Ipar Irlandaren arteko merkataritza produktuek kontrolik ez izatea; Batasun Tratatuan jasotako Britania Handiaren parte diren nazioen arteko berdintasun egoera bermatzea —merkataritzari dagokionez—; Ipar Irlandako kontsumitzaileek britaniarrak ez diren hornitzaileak bilatu behar ez izatea; Irlandako itsasoan mugarik ez ezartzea; etorkizunean Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak indarrean jar ditzaketen erregulazioetan Ipar Irlandako herritarrek erabakitzeko ahalmena izatea; erregulazio oztopo berririk ez egotea Ipar Irlandak ez baditu ezartzen; eta Ostiral Santuko Akordioetan onartutako konstituzioarekiko estatusa mantentzea —konstituzioan edozein aldaketa egin ahal izateko Ipar Irlandaren oniritzia behar izatea—. BBCk kaleratutakoaren arabera, ez dituzte zazpi eskaerak bildu.
Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek gaur emandako prentsaurrekoan, gogora ekarri du abenduan proposatutako Ipar Irlandarentzako diru laguntza. Unionistek egoera desblokeatzearen truke Erresuma batuak 3.000 milioi libra eskaini zituen Ipar Irlandarentzat. Diru hori sartuko den gobernu berriaren eskuetan egongo dela argi utzi du Heaton-Harrisek.
Brexit-aren osteko negoziazioek eragindako ondorioen artean zeresan handiena eman dutenetarikoa izan da Ipar Irlandaren egoera. Ipar Irlandako portuetan produktuen kontrolak egitea adostu zuten Bruselak eta Londresek. Horrek hautsak harrotu ditu Belfasten, unionistek Erresuma Batuaren barnean muga bat ezartzen dela iritzi baitiote. Arazoa konpontzeko proposamen bat mahaigaineratu zuten EBk eta Westminsterrek: bi bideetako mekanismoa. Ipar Irlandarentzako produktuak bide berdetik joango dira, eta ez dute kontrolik pasatu beharko. Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugatik igarotzen direnak, ordea, bai. Horiek bide gorritik joango dira.
Ia bi urte dira Ipar Irlanda gobernurik gabe dagoela. 2022ko otsailaren 3an, DUPeko Paul Givanek dimisioa eman zuen lehen ministroaren karguan, protokoloaren inguruko desadostasunak argudiatuta. Tarte horretan, DUPek militanteen babesa izan du, eta horrek ere zaildu egin dio Donaldsoni blokeoa amaitzeko babesak lortzeko prozedura. DUPeko buruzagiaren esanetan, akordioak bermatu egingo du «Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen estatusa», eta herrialdeak ez ditu nahitaez bete beharko Europako Batasunean onartzen dituzten arauak. Baldintza horiek beteta, DUPek babestu egingo du Stormonteko Asanblea lanean hastea eta, beraz, bozeramailea eta ministroak izendatu ahal izatea.
Londres, «gustura»
Heaton-Harrisek goraipatu egin du DUPen erabakia: «Dagoeneko badaude baldintzak Asanblea lanera itzuli ahal izateko. Gobernua osatu behar duten alderdiak bihar [gaur] bilduko dira elkarrizketak hasteko, eta espero dut akordioa ahalik eta azkarren lortu ahal izatea».
Unionisten artean, ordea, ez dute guztiek akordioa babesten. Muturrekoenek «traizioa» dela salatu dute. Donaldsonek berak ez du zehaztu alderdiko zenbat dauden gobernura itzultzearen alde, eta, beraz, litekeena da erabakiak haren buruzagitza bera kolokan jartzea. Batzarrak iraun duen bitartean, argi geratu dira desadostasunak, ez soilik alderdiko buruzagitzakoak, baita militanteen artekoak ere, hainbat lagun DUPen egoitzaren kanpoan bildu baitira banderak eskuetan eta «gelditu DUPen traizioa» oihukatuz.