Bi palestinar hil eta hiru zauritu ditu gaur Israelgo armadak Rafah hirian, Gaza hegoaldean. Airetik egindako eraso bat izan da, meniaren lehen fasea amaitu eta bi egunera, eta Palestinako Wafa hedabideak adierazi du Israelek Khan Yuniseko kostaldeari eraso diola itsasotik, eta hiru pertsona zauritu dituela.
Meniaren lehen fasea amaituta, bigarren faseari buruzko iritzi ezberdinak dituzte bi aldeek. Israelek lehen fasea luzatzeko eskatu du, AEB Ameriketako Estatu Batuek egindako proposamen bati eutsiz, eta Hamasek, aldiz, bigarren fasera igaro nahi du, eta Israel behartu Gaza uztera, akordioan jaso moduan.
AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek, su etenaren harira, proposamen bat aurkeztu zien aurreko astean bi aldeei. Bertan, meniaren lehen fasea 42 egunez luzatzea proposatzen zuen, hau da, ramadana eta juduen pazko astea amaitu arte, eta tarte horretan bahitu guztiak aske uztea. Israelek larunbatean adierazi zuen ados zegoela, baina Hamasek, aldiz, ez du halakorik nahi.
Bigarren faseko negoziazioak otsailean hastekoak ziren, baina ez dute aurrerapausorik eman.
«Lanean jarraituko dugu Israelekin dugun konpromisoa indartzeko eta segurtasunaren aurkako mehatxuei erantzuteko»
MARCO RUBIOAEBetako Estatu idazkaria
Su etena urtarrilaren 19an hasi zen, eta ordutik 110 pertsona baino gehiago hil dituzte Gazan, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Horietatik lau atzo bertan hil zituzten.
Bien bitartean, AEBetako Gobernuak adierazi du arma gehiago bidaliko dizkiola Israeli. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria: «Lanean jarraituko dugu Israelekin dugun konpromisoa indartzeko eta segurtasunaren aurkako mehatxuei erantzuteko». 4.000 milioi dolarreko —3.820 milioi euro inguru— arma salmenta onartu du AEBetako Gobernuak.
Laguntza humanitarioa, blokeatuta
Israelek atzo iragarri zuen laguntza humanitarioa etengo zuela Gazan, Hamasek oraindik aske utzi ez dituen 59 bahituak askatzen dituen arte. «Ez dugu janaria doan emango», esan zuen larunbatean Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, eta gehitu zuen Gazako herritarrek ezingo zituztela meniaren lehen faseko «onurak» jaso bahituak askatu arte. Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelattyk gaitzetsi du Israelek arma gisa erabiltzea giza laguntza, eta adierazi du eskubideen aurkako «eraso argi» bat dela hori.
Hamasek, zeinak Gaza kudeatzen duen, lasaitasuna eskatu du. «Merkatuek bi asterako baliabideak izango dituzte», adierazi du Salama Maruf komunikazio arduradunak.
HILDAKO BAT haifan, labanaz egindako eraso batean
Pertsona batek lagun bat hil du eta beste lau larri zauritu ditu gaur Haifako (Israel) autobus geltoki batean. Israelgo poliziak adierazi du ustezko erasotzailea «neutralizatu» egin dutela. Biktima 65 urteko gizon bat da. Israelgo Gobernuak «eraso terroristatzat» jo du gertatutakoa, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak doluminak helarazi dizkio hildakoaren familiari.