Peru. Presidentetzarako hauteskundeak

Bi muturren arteko lehia

Inkestek Castillori ematen diote garaipena, ezkerreko buruzagi sindikalari. Fujimorik, baina, hedabide handiak eta nazioarteko hainbat buruzagi ohi batu ditu bere kanpainara

La Cantutako sarraskiko biktimen senideeen protesta. Alberto Fujimoriren agintaldian egin zuten sarraskia. P. A. / EFE.
Cecilia Valdez
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bihar zehaztuko da nor den garaile Peruko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian: Keiko Fujimori hautagai kontserbadorea (Fuerza Popular) ala Pedro Castillo ezkerreko buruzagi sindikal eta landa eremuko irakaslea (Peru Libre). Inkestek erakusten dutenez, zenbait punturen aldea dute biek —Castilloren alde—, baina, itxura guztien arabera, atzeneraino itxaron beharko da emaitzak jakiteko. Fujimorik —zeinak aldeko baititu hedabide hegemoniko guztiak— kartzelara itzuli beharko du hauteskundeok galduz gero, eta han itxaron kontra dituen kausak ebazten diren artean. Castillok, berriz, ez du prentsa aparatuaren laguntzarik, eta ia ez da existitzen sare sozialetan eta komunikabideetan; usadio zaharrean egin zuen kanpaina, lurralde osoan barrena ibiliz, eta lehen itzulian ezustekoa eman zien hala beretarrei nola bestetarrei.

KEIKO FUJIMORI

Aurrekorik ez duen krisi politiko eta instituzional batean, eta 30 urteotako presidente izandako ia guztiak preso daudelarik —atxilotzeko aginduen edo prozesu judizialen mende denak ere—, Peru erronka itzel bati ekin beharrean dago: gobernua kudeatzeko bide bat hautatzea, nolabaiteko egonkortasun instituzionala ekarriko duena. Sei presidentek ustelkeria kasuak dituzte beren bizkar; horietako batek, Alan Garciak, bere buruaz beste egin zuen 2019ko apirilaren 19an, Limako Polizia etxera zihoakiolarik, atxilotzeko asmoz. Alberto Fujimorik, gaur egungo hautagaiaren aitak, Japoniara ihes egin zuen 2000n, eta fax bidez uko egin zion presidentetzari. Gaur egun, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Fujimori, ustelkeria delituengatik, eta hainbat herritarren heriotzagatik eta desagertze behartuengatik —gizadiaren kontrako krimentzat jota daude—, denak ere hura gobernuan zela gertatutakoak (1991-1992). Joan den martxoan, fiskal batek Fujimori eta haren gobernuan Osasun ministro izandakoetako hiru akusatu zituen 1.300 emakume baino gehiago gogoz kontra antzutzeaz; kalkulu batzuek diote, ordea, 300.000 inguru izan zirela. Keiko Fujimorik, lehen itzulian, bere aitak baliaturiko politikak eta haren ustezko lorpenak aldarrikatu zituen; bigarren itzulian, baina, alde batera utzi zuen diskurtso hori, eta «familia plangintzako» politikatzat jo zituen antzutze kasu haiek.

Presidentetzarako hirugarren kanpaina du hau Fujimorik, eta duela urte batzuetatik aulki errenkada luzeen buru da Kongresuan. «2018az geroztik, Keiko ikertzen aritu izan dira, 2011ko eta 2016ko hauteskunde kanpainetan zenbait milioiren ekarpenak egin zizkiotelako»; hala dio Jacqueline Fowks kazetari perutarrak: «Ekarpen horiek ez zizkion aitortu hauteskunde agintaritzari. Diru hori, antza denez, Odebrecht enpresak ez ezik, Peruko finantza talde nagusiak ere eman zion, eta talde horrek, azkenean, onartu zuen aitortu gabeko sosak eman zizkiola». Fujimoriren kontrako akusazioa geldirik dago, akusatua kanpaina betean baitago, baina, kanpaina baino lehen, preso zeukaten hura, justiziari oztopo egiteagatik. Fowksek dioenez, «Keiko epaile goren batekin negoziatzen ahalegindu zen, bere kontrako egintza judiziala bertan behera utz ziezaion, eta, azkenean, epaile horrek —nazioko fiskal izana 2008an— Perutik ihes egin behar izan zuen, ustelkeria kasu asko baitzituen bere kontra». Inguruabar horiek hartaraturik, fiskaltzak adierazi zuen Keiko ikerketa behar bezala egitea oztopatzen ari zela, eta preso sarrarazi zuen. Pandemian, Keikoren abokatuak hura kartzelatik ateratzea lortu zuen —COVID-19az gaixotu ez zedin—, agertze murriztuaren baldintzapean. Horrek esan nahi du ezin dela Limatik irten epailearen baimenik gabe, ez eta bizilekuz aldatu ere. «Aurtengo martxoan, bi urteko ikerketen ondoren, fiskaltzak—Lavajato talde berezia deritzo hemen— akusazioa aurkeztu zion epaileari, bai eta zenbait kargu ere. Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du Keikorentzat; urte gutxiago, berriz, haren inguruko beste 39 pertsonarentzat, hala nola haren senarrarentzat eta abokatuarentzat».

PEDRO CASTILLO

Lehenengo itzulian, Pedro Castillok eta haren alderdi Peru Librek ezustekoa eman zuten; joan den apirilaren 11n, Castillok botoen %19 lortu zituen, eta Fujimorik, berriz, %13. Ustez irabazteko aukerarik handiena zuten hautagaiei so zeuden denak, hots, Keiko Fujimoriri eta Veronika Mendozari —Nuevo Peru mugimenduaren hautagaia bata eta progresismo latinoamerikarrarena bestea—, eta, hara non, Castillok, harrabotsik atera gabe, aurrea hartu zuen, funtsean lurraldean oinarritua zen kanpaina batean. «Irakasleen sareei etekina ateratzen jakin zuen, bazter guztietan dagoen gremio bat baita. Horien babesa lagungarri izan zuen, jendearekiko zuzeneko solasean oinarrituriko kanpaina batean. Babesik sendoena barnealdeko herrietakoek eman zioten, Hego-erdialdeko Andeetakoek», laburbildu du Alberto Galvez Olaecheak. Tupac Amaru mugimendu iraultzailearen buru izandakoa da Olaechea, 27 urte kartzelan emandakoa. Olaechearen ustez, lehen itzulirako, Castillok lurraldean ardaztu zuen bere hauteskunde estrategia: «Castillok ez zeukan gobernu plan artikulatu handirik, baina asaldura pizteko kanpaina bat egin zuen, hiru krisik jotako herrialde batean: krisi ekonomikoak, pandemiak eragindakoak eta krisi politikoak».

Fowks eta Olaechea bat datoz: sektorerik kontserbadoreenek Mendozari erasotzea hartu zuten ardatz, gehiago agertzen baitzen hedabideetan Castillo baino.«Urtarriletik gaurdaino, Castillo Peruko lurraldearen zati handi batean ibili da, lehorrez, garai bateko hauteskunde kanpainetan egiten zuten antzera», nabarmendu du Fowksek: «Plazarik plazako mitin horiek Facebook bidez ere ematen zituzten, eta jendeak ikusi egiten zituen, batik bat irakasleek. Halako testuinguru batean, baldin eta irakasle batek esaten badu hezkuntza eta osasuna hartuko dituela lehentasuntzat, eta eredu ekonomikoa aldatuko duela, eta pobreen alde lan egin, hori dena esku zabalik onartzen dute premia oinarrizkoak gehien erasanak dituztenek». Hauxe du kanpainako leloa: Pobre gehiagorik ez herrialde aberats batean. 2020an, ehunekoetan, 10 puntu handitu zen pobrezia Perun, eta ekonomia %11 apaldu zen, pandemiaren eta konfinamenduaren eraginez. Orain, ia 10 milioi pertsonak bermatu gabe dituzte beren premia oinarrizkoak; alegia, biztanleen %30ek.

KANPAINA

Castillo landa eremuko irakasle bat da, bai eta buruzagi sindikala ere, irakasle publikoen sindikatua zatitu ondorengo fakzioetako baten ordezkari. 2017an egin zen ezagun, soldatak eta lan baldintzak hobetzearen alde Perun antolatu zuten irakasle greba bateko buru izan baitzen. Fowksek dioenez, ezker erradikalaren ordezkari da Castillo, eta prentsa aparaturik apenas darabilen: «Jaun hori Cajamarca komunitate urrunean bizi da, eta, egunero, bere chacra edo etxaldera iritsi, eta lanean hasten da, laborantzarako trepetak hartuta. Zaldi gainean ibiltzen da, kapela erabiltzen du, eta behin eta berriz dio berak ez duela mozorrotu beharrik, gainerako hautagaien moduan. Alberto Fujimorik, hautagai eta presidente zela, tokian tokiko janzkera soineratzen zuen. Baina mozorro bat zen, hegazkinez heltzen baitzen; lumazko koroa eta tunika bat jantzi, eta zapatak, liburuak, eskolarako uniformeak eta abar oparitzen ibiltzen zen. Ehunka argazki daude horren erakusgarri, eta oroitzapen pila. Keikok gauza bera egin du kanpainan, eta Castillok dio berak ez duela laborari mozorrotu beharrik».

Olaechearen iritziz, Castilloren irudia gailendu egin zitzaien erabat Mendozaren elokuentziari eta argitasun kontzeptualari, eta Mendozak tximistorratzaren rola izan zuen lehen itzulian; klase politikoko outsider bat izatea ere, politikariak prestigioz erabat gabetuak dauden garai honetan, aldeko suertatu zitzaion. Generoari dagokionez, Castillok diskurtso zeharo kontserbadore bat adoretzen du, ezin hobeto egokitzen dena herriko sektore batzuetan. «Peru Libreren jarrera 1970eko edo 1980ko ezker tradizionalaren jarrera berbera da, non generoaren inguruko gaiak ez baitzeuden presente, eta kontserbadurismo halako bat baitzegoen», dio Olaecheak. Castillo, are, hori baino oraindik eskuinerago dago, talde ebanjeliko eta kristauen begiradari hertsiki lotua.

Castillok jakinarazi du zein den bere talde teknikoa. Tartean daude fiskal izandako bat, Alberto Fujimori preso sarrarazi zuen kausan jardun zuena, eta kongresista izandako beste bat, Odebrechtek Perun baliaturiko ustelkeria ikertu zuena. Talde berri horretako parte da, halaber, Anahi Durand soziologoa, Veronika Mendozaren gobernu planaz arduratu zena —Mendozak Castillo babesten du bigarren itzuli honetan—. Hala ere, pandemiaren kudeaketan jarri dute pisurik handiena; Hernando Cevallos mediku eta ezkerreko kongresista ohiak koordinatzen du arlo hori. Fujimorik, berriz, esku zorrotzeko figurak sartu ditu bere taldean, eta Kongresura eskuineko alderdien hautagai gisa aurkeztu ziren politikariak.

Lehen itzulian, gobernu planari dagokionez, estatuan egokitzapen batzuk egitearen alde agertu zen Castillo, bai eta konstituzioa aldatzearen alde ere: besteak beste, osasunerako eta hezkuntzarako eskubidea bermatzearren. Haren proposamen nagusietako bat zera da: %10eraino handitzea BPGtik hezkuntzarako jartzen den partea, gaur ez baita %4 baino handiagoa. Castilloren beste planteamendu nagusietako bat da monopolioak desegitea eta erauzketa industriekin berriro negoziatzea; izan ere, Castillok nabarmendu izan duenez, industria horiek atzerriari ematen dizkiote irabaziak.

Hala ere, bigarren itzuli honi begira, Castillok moderatu egin du diskurtsoa; konpromiso bat sinatu zuen, bermatzen duena nazioarteko hitzarmenak eta gutxiengoen eskubideak errespetatuko direla, eta zehazten duena batzar konstituziogile bat eratuko dela, baina gaur egun indarrean dagoen esparru juridikoaren arabera. Eta ikusirik, batetik, kritika etengabeak egin dizkiotela Venezuelakoaren antzeko erregimen bat ezarri nahiaz akusatuz, eta, bestetik, Perun milioi bat migrante daudela Venezuelako presidente Nicolas Maduroren gobernutik ihesi etorriak, Castillok orobat hitzeman du hauteskundeak irabaziz gero 2026ko uztailaren 28an utziko duela kargua, agintaldia bukatu orduko.

KOMUNISMOA, MEHATXU

Kanpaina honetako gairik kezkagarrienetako bat da neurriz kanpoko bihurtu direla zenbait jarrera, batik bat eskuin hegalekoak, zeinak botere izugarria hartu baitu hedabideetan. Eskuinak, Fujimoren gerizpean, komunikabide handien babesa lortu du, eta, horien bidez, beldurraren eta mehatxuaren diskurtsoa ezarri du; gaur-gaurkoz, Castillo eta haren indarrak dira horren jomugarik nabarmenena, hura omen baita, kasuan-kasuan, edo «komunismoaren», edo «chavismoaren», edo «terrorismoaren» ordezkaririk behinena. «Diskurtso oso sendo bat dago goi klaseetan, cholo eta indioei mespretxu handia diena, eta arrazakeria sakonki errotua dago Perun», adierazi du Olaecheak.

Bien bitartean, eta hauteskundeen esperoan, Limako kaleetan eta Peruko eta munduko zenbait hiritan, erregimen fujimorista berrezartzea gaitzesteko mobilizazioak izan dira berriro ere. Kalera atera dira, besteak beste, fujimorismoaren biktima diren familietako kideak eta antzutze behartuaren biktima izan direnak. Fujimorik, kontrakarrean, babes ugari bildu du: Peruko selekzioko hamabi jokalariena —bideo bat grabatu zuten «komunismoaren kontrako botoa» eskatzeko—; eta Literaturako Nobel saridun Mario Vargas Llosarena berarena, zeinak, Fujimori babestu ez ezik, hura hertsatu ere egin baitu «herrialdea arrisku izugarri batetik salbatzera, totalitarismoaren eskuetan erortzetik libratzera». Hain zuzen, Vargas Llosa du presidente Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Fundazioak, eskuin hispanoamerikarraren usina edo zurrumurruen hedabidetzar den horrek, zeinaren kide baitira Jose Maria Aznar (Espainia), Mauricio Macri (Argentina) eta Guillermo Lasso (Ekuadorko gaur egungo presidentea), besteak beste.

«Oraingo honetan, eskuinaren krisia da bereizgarria, haren aldaera guztietan. Horixe izan du ezaugarri berezi lehen itzuliak», ondorioztatu du Olaecheak. «Castilloren hautagaitzak arrakala bat eragin zuen, eta gauza asko beste era batean definitu zituen. Bereizgarriena, baina, eskuinak egoera hau leheneratzen ahalegintzearren ezarri duen gurutzada da. Neurriz gain ideologizatu dute kanpaina, diskurtso antikomunista, antiterrorista, antichavista baliatuz. Horrek benetako izu-laborria eragiten du, batik bat erdiko klasean. Militar erretiratuak, indar armatuen bozeramaile informalak, jendaurrera agertu izan dira zeharka ohartaraztera esku hartu beharrean gertatuko direla azkenean. Eskuina bere onetik irtenda dago, lurra mugitzen sumatu baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.