Haserre eta etsita daude Turkia eta Grezia arteko mugan bildutako iheslariak. Gezurra esatea leporatzen diote Recep Tayyip Erdoganen gobernuari, muga irekita zegoela sinetsarazteagatik. Izan ere, bai, Ankarako Poliziak igarotzen uzten die, baina Greziako segurtasun indarren eskuetan erortzeko bakarrik. «Europarentzat ez gara pertsonak; arazo bat gara. Ez dute aintzat hartzen guk ere bizitza duin bat nahi dugula», azaldu dio Adibek kazetariari. Siriarra da bera. Gerratik ihesi abiatu zen Europarantz, han aterpea jasoko zuelakoan. Baina ateak itxita aurkitu ditu.
Ostegun gauetik, Greziak muga itxi zuenetik, egunerokoak dira militarren eta migratzaileen arteko gatazkak. Segurtasun indarrek negar gasa jaurtitzen diete etengabe sartzen ahalegintzen diren guztiei, eta, inor euren eremuan atzematen badute, kanporatu egiten dute. Bortizkeria horrek lehen biktima eragin du. Igandean migratzaile bat hil zen mugan. Nork eta nola hil duen ez dago argi. Greziako iturriek ukatu egin dute erantzukizuna, eta Turkiakoek, berriz, haiei egozten diete hilketa. «Gure bizitza arriskuan jartzen ari gara. Evros ibaia igarotzen ahalegindu naiz, baina ez dut lortu. Hau ez da bidezkoa», dio Adibek, etsita.
Edirnen dago Mansur ere. Afganistangoa da. Istanbulen bizi izan da denbora luzez, eta, aukera sortu zaionean, mugara jo du. «Milaka pertsona gaude hemen, eta denak asmo berarekin: beste aldera pasatzea. Ez da erraza izango, baina nik ez dut Istanbulera itzultzeko asmorik. Ez dut galtzeko ezer». Mugan, ordea, oinarrizko baliabiderik gabe daude migratzaileak; ez dute dutxarik, ez komunik, eta ezta edateko edo jatekorik ere. Askok hiru egun daramatzate egoera horretan, eta itzultzen ahalegintzen direnei Turkiako indarrek ixten diete bidea. «Hemen familiak daude, haurrak. Eurek jasan behar dituzte Greziako Poliziaren oldarraldien ondorioak. Bada garaia Europak bere erantzukizuna onar dezan eta esku har dezan. Egoera oso larria da», salatu du Errefuxiatuen Eskubideen Nazioarteko Erakundeko kide batek.
Lekukorik ez
Aurreko egunetan ez bezala, Turkiak mugarako pasabidea ukatu die bertakoak ez diren kazetariei. Hala ere, asko dira nazioartetik joandakoak gertatzen ari denari buruzko testigantzak jasotzera. Egoerak sortutako kritikak isildu eta Greziari babesa agertzeko asmoz, Europako Batzordeak iragarri du bisita ofizial bat egingo duela gaur mugaren Greziako aldera. Ursula von der Leyen presidentea eta Charles Michel Europako Kontseiluko burua izango dira han, Greziako lehen ministroarekin batera. Izan ere, Ankarak ataka estuan jarri du Brusela. Duela lau urteko akordioan hitzartutako laguntzak ez ematea egozten dio lehenak bigarrenari, eta Erdoganek berak iragarri du ez dutela muga itxiko. «Zuek ere karga honen ardura hartu beharko duzue. Dei asko jaso ditugu ateak ixteko eskatuz, baina ez dugu halakorik egingo».
Edirneko autobus geltokia hartu dute batzuek aterpe; beste asko, ordea, muga inguruetako basoetan geratu dira. «Bi alaba eta emaztea utzi ditut Istanbulen. Nire asmoa zen mugara etortzea eta ikustea egoera zein zen. Baina, hau ikusita, itzuli egingo naiz. Agian aurrerago ez dut izango muga pasatzeko aukerarik, baina ez dut nire familia arriskuan jarriko», azaldu du Ahmadek.
Idlibeko erasoaldia:Erdoganek espero du su-etena adostea Putinekin egingo duen bileran
Laguntza humanitarioa: «Egoera jasangaitza da; lehertzear dago»
[youtube]https://youtu.be/5EkxZYXqBiw[/youtube]