Cumaliren etxeari kalte handia egin zioten otsailean Turkia astindu zuten lurrikarek, eta, geroztik, kanpadenda batean bizi da, ezinbestean. Bi denda eraiki ditu, etxean zituen hainbat plastiko eta manta erabilita: bat, gurasoentzat, eta bestea, emaztearentzat, hiru seme-alabentzat eta beretzat. Jatorri kurdua dute, eta badira hogei urte Osmaniyen bizi direla (Turkia), lurrikarek astindutako probintzietako bateko hiriburuan. «Gure etxeak kalte handiak izan zituen: gauza batzuen bila eta komunera joateko bakarrik sartzen gara, ez baitaukagu bainugelarik», azaldu du Cumalik. «Gobernuak ez digu eman dendarik: esan digute hiriaren kanpoaldera joateko, hor badaudela dendak, baina guk nahiago dugu eremu zabal honetan egon, etxetik gertu; izan ere, oraindik hemen dauzkagu gauzak, eta ez dugu nahi inork lapurtzerik. Gainera, gurasoak ezin dira haraino joan oinez».
Ikusi gehiago: Ekialde Hurbileko lurrikaretatik hilabetera, 50.000 lagun dira hildakoak
Lurrikarek eragindako kalteen ondorioz, etxea bota egin beharko diete guztiz, eta zain egon beharko dute estatuak auzoa berreraikitzeari ekin arte. Cumalik badaki agian urte batzuk beharko dituztela. «Lurrikara izan aurretik, fruta saltzen genuen merkatuan, baina orain ez dago merkaturik. Ez daukagu aurrezkirik beste probintzia batean hutsetik hasteko, eta gure senideei ere eragin die lurrikarak. Ez dakit zer egingo dugun», esan du, atsekabez. Cumalik bezala, beste askok ere etxea galdu dute lurrikaren ondorioz: Turkiako agintariek egindako kalkuluen arabera, bi milioi pertsona geratu dira etxerik gabe. Litekeena da kopuru hori handitzea adituek zutik geratu diren eraikin kaltetuak aztertzen dituzten heinean. 200.000 inguru hondatuta daude, eta aztertu behar dute ea egiturak eutsiko dion edo bota egin behar den.
Hilabete pasatu da lurrikarak izan zirenetik, eta oraindik ez dituzte bukatu eraikinen hondakinen azpiko gorpuak ateratzeko lanak. Bitartean, gizarte zibileko zenbait autoritate eta erakunde lanean ari dira etxerik gabe geratu diren milioika pertsona horiei ezinegona arintzeko. Gobernuak iragarri du 30.000 etxe eraikitzen hasi dela hilabete hasieran, eta bukatuta egongo direla datorren urterako, baina asko sinesgogor agertu dira albiste horreninguruan.
Milioi bat eta erdi pertsona inguruk alde egin dute lurrikarak astindutako eremutik, eta beste probintzia batzuetara joan bizitzera. Desplazatuei babesa emateko, agintariek irtenbide batzuk bilatu dituzte behin-behinean; esaterako, unibertsitateko ikasleek Internet bidez aritu behar dute, eta, horrela, kaltetuek unibertsitateko campusean har dezakete ostatu, baita udal eraikinetan ere. Ikasle eta familia batzuek kritikatu egin dute erabaki hori; izan ere, lurrikarak astindutako eremuan gazte askok ez dute Interneterako sarbiderik klaseak online egin ahal izateko, eta askok ez dute ikasteko tokirik ere.
Batzuk, ahal izan dutenak, senitartekoen etxean aterpetu dira, baina gehienak etxe bat alokatzen saiatu dira lurrikarak jotako eremuaren ondoko probintzietan. Barne migrazio horren ondorioz, alokairuak %45 garestitu dira zenbait hiritan, Istanbulgo TSKB etxe enpresaren arabera. Lurrikarak kalte egin dietenetako bat da Mansur, eta Mersin probintzia mugakidera joan berri da bizitzera familiarekin: «Mersin hirian apartamentu bat alokatzea lortu dugu, gure herrian ordaintzen genuena halako bi ordainduta. Senide batzuek lagundu egiten digute diruz, nik lan egiten nuen enpresa geldiarazita baitago lurrikara izan zenetik. Orain, lan bila nabil hirian».
Ezin jakin noiz arte iraungo duen barne migrazio horrek, baina litekeena da bi milioi migratzaile baino gehiago izatea, eta hori erronka handia da beste probintzia batzuentzat, bat-batean ehunka mila herritar hartu behar baitituzte. Mersinera 400.000 inguru iritsi dira, eta espero izatekoa da datozen egunetan 500.000 ere izatea.
Vahap Seçer alkateak laguntza eskatu du azpiegiturak hobetzeko, herritarrak hartu ahal izan ditzaten. «Hemen izango dugun migrazioak finantza baliabide eta inbertsio handiak eskatuko ditu. Gure probintzia ere hondamendi eremutzat hartu behar litzateke, edo bestelako estatus bat eduki behar luke», adierazi du, prentsa agerraldi batean.
Oraindik lurrikarak astindutako eremuan dauden milaka herritarrek kanpadendetan edo autoetan irauten dute bizirik, eta beste toki batzuetan, hala nola Hatay probintzian Mediterraneoko kostaldean dago, hilabete baino gehiago daramate edateko urik gabe. Turkiako agintariek eta gizarte zibileko zenbait erakundek 200.000 kanpadenda eta etxe prefabrikatu baino gehiago jarri dituzte, baina oinarrizko behar asko dituzte oraindik.
Komun eta higiene faltak zenbait arazo sortu ditu hiri batzuetan: gernu infekzioak, hazteria eta zorriak, besteak beste. Hatayko Samandag hiriko boluntario Oyku Pekmezek zera nabarmendu du: «Kanpadendaz eta etxe prefabrikatuz osatutako hiri horiek ez daude pentsatuta herritarrek hilabeteak pasatu ditzaten hor, baina gobernuak ez die beste aukerarik eman. Pixkanaka iristen da laguntza, baina ez da nahikoa». Hiriko gune batzuetan ez dute edateko urik, ezta elektrizitaterik ere.
Ekialde Hurbileko lurrikarak
Bi milioi pertsona etxerik gabe
Turkiako Gobernuak iragarri du 30.000 etxe eraikitzen hasi dela hilabete hasieran, eta bukatuta egongo direla datorren urterako, baina asko sinesgogor agertu dira albistearen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu