Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Bi lurrikarak 3.600 lagun hil dituzte Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Astelehen goizaldeko dardarak 7,8ko indarra izan du, eta bigarrenak, 7,5ekoa. Kurdistanen izan dute biek epizentroa. Ankarak iragarri du hustu egingo dituztela kalte gehien jasan duten eremuak

Bi lurrikarak 3.600 lagun hil dituzte Kurdistanen, Turkian eta Sirian.
Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Kurdistango Gaziantep (Antep) hirian atzeman zuten astelehen goizaldeko lurrikararen epizentroa. Euskal Herrian 02:17 zirenean hasi zen lurra dardarka Kurdistan, Turkia eta Siriako eremuetan. Eguerdian, gainera, beste lurrikara handi batek astindu zuen eskualdea. Kurdistango Kahramanmaras (Maras) hiritik gertu egon zen epizentroa, eta 7,5eko indarra izan zuen, hau da, gauekoa baino pixka bat ahulagoa izan zen. Astinduak arrakalak eragin zituen hainbat urtegitan ere, baina Turkiako Gobernuak ziurtatu zuen ez dagoela azpiegiturak apurtzeko arriskurik.

Erredakzioa ixteko unean biktimen bila jarraitzen zuten hondakinen azpian. Turkiako Gobernuak 2.300 hildakotik gora baieztatu zituen atzo iluntzerako, eta Siriak 1.300 ingururen berri eman zuen; horietatik 600 inguru Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak kontrolatutako eremuan. Eskualde hori Turkiako mugan dago, eta, beraz, epizentrotik gertuago. Hori dela eta, litekeena da datozen orduetan biktima kopuruak gora egitea.

Laguntza eskea

Bestalde, gutxienez 13.300 pertsona zauritu direla adierazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Gaineratu zuenez, 3.700 eraikin amildu dira. Siriako agintarien arabera, zaurituak 1.089 izan dira. Ankarak ohartarazi du oinarrizko laguntza humanitarioa behar dutela lurrikarak kalte egindako eremuetan: janaria, kanpadendak, mantak, berogailu elektrikoak... Deiari erantzunez, nazioarteko dozenaka herrialdek iragarri dute laguntza bidaltzeko asmoa, baina, hura ondo kudeatu ahal izateko, Siriako muga zabaltzeko ere eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeak Damaskori. Izan ere, Baxar al-Assaden erregimenaren aurkako taldeen kontrolpean dago ipar-mendebaldea, eta hark pasabide bakarra ireki du orain arte giza laguntza bidali ahal izateko. Eremu horietan bizi dira Siriako gerratik ihesi joandako milaka lagun.

Datozen orduetarako espero den eguraldiak, gainera, zaildu egingo ditu hondakinen artean harrapaturik geratu direnak erreskatatzeko lanak, baita onik atera baina aterperik gabe geratu direnen egoera ere. Iragarpenen arabera, euri asko egingo du lehenengo lurrikararen epizentroaren inguruko eskualdean, Gaziantepen, eta hotza: 3-4 gradu egingo ditu gehienez. Elur apur bat ere espero dute, metro bat artekoa eremu menditsuetan.

Lehenengo lurrikararen epizentrotik 100 kilometro ingurura dago Kahramanmaras, bigarren seismoa izan den hiria. Turkiako agintariek esan dute ez dela izan lurrikara nagusi baten ostean gertatzen diren astindu horietako bat, baizik eta beste seismo bat, independentea. Lehenengoko astinduak gutxienez 70 pertsona hil ditu Kahramanmarasen, eta ez dago argi bigarrenak zer-nolako kalteak eragin dituen.

Diyarbaki hiria (Amed) da hondamendi eremuko hiririk handiena, eta, besteak beste, merkataritza gune handi bat amildu da han. «Ipar Kurdistan eta Turkiako hainbat eremu erabat suntsituta geratu dira. Ameden, epizentrotik 300 kilometrora, hainbat eraikin erori dira. Jendea ateratzen ari gara hondakin artetik», jakinarazi zuen idatzi batean Kurdistango Kongresu Nazionaleko Kontseilu Exekutiboak, eta ohartarazi zuen giza hondamena are handiagoa izan dela Siria iparraldetik ihesi joandakoen artean.

Izan ere, milaka etxebizitza erori dira astinduaren eraginez, dozenaka hiritan. Negu betean daude lurrikarak izan diren eremuetan, eta hondakin artean harrapatutako jendea ateratzea jarri dute agintariek lehentasun. «Muturreko tenperaturak ditugu, eta jende asko kalean dago zain, giza laguntza noiz iritsiko. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar Siria iparraldean lehendik ere milaka lagun bizi direla oihalezko dendetan», nabarmendu zuen Turkiako presidenteorde Fuat Oktayk. Horiek hala, Ankarak iragarri du hustu egingo dituztela kalte gehien jasan duten hiriak. «Nahi duen guztiari erraztuko diogu alde egiteko aukera», aurreratu dute prentsa ohar batean. Baina ez dute zehaztu nora mugituko dituzten etxerik gabe geratu direnak.

Ohiko gertakariak

Eskualde horretan sarri gertatzen dira lurrikara handiak. Baina gogoratzen diren hondamendirik larrienetan azkena 1999ko abuztuaren 17an gertatu zen. Atzo gauekoa baino ahulagoa izan bazen ere (7,6), Izmiteko lurrikara deiturikoak 17.000-18.000 pertsona hil zituen, datu ofizialenarabera. Hala ere, Erdoganen esanetan, Turkiak 1939. urtetik pairaturiko «hondamendirik handiena» izan da astelehen goizaldekoa.

Bizirik atera direnentzat ere gogorrak izango dira datozen egunak, asko lasterka batean atera zirelako gauean etxetik, jantzi egokirik gabe. Atzo eguerdian izandako lurrikarak, gainera, izua zabaldu du, eta askok beldurra diote etxera arropa bila itzultzeari.

Prestatu gabeko eraikinak

Lurrikarak ohikoak dira Ekialde Hurbilean, eta hondamendi handiak eragiten dituzte gertatzen direnean. Horren atzean dauden arrazoietako bat da eraikinak ez daudela prestatuak halako seismoei aurre egiteko, nahiz eta herrialde horiek plaka tektonikoen gainean egon.

Lurrikarei Aurre Egiteko Estrategia Planak berak nabarmentzen du 1950eko hamarraldian migrazio handiak izan zirela hirietara, horrek azkar eraikitzea ekarri zuela, eta, hala, «hiriak ahuldu» egin zirela.

1999ko seismoaren ondoren, Turkiako Gobernuak egitasmo bati ekin zion, eraikuntzen segurtasuna gainbegiratzeko. Adituen arabera, ordea, oso gutxi dira segurtasun bermeak betetzen dituzten eraikinak. Atzoko lurrikararen ondorioz eroritako eraikinen artean daude, esaterako, Hatay eta Iskenderungo erietxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.