Bi lagun hil dituzte AEBetan, Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazioetan

Kenoshako agenteek 17 urteko susmagarri bat atxilotu dute; hilketa egotzi diote. Hirugarren gauez atera dira kalera Jacob Blakeren aurkako tiroketa salatzera

Bi protestari AEBetako bandera bat erretzen, herenegun gaueko mobilizazioetan, Kenoshan. TANNEN MAURY / EFE.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hirugarren gauez izan dira protestak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Kenosha hirian (Wisconsin) Poliziaren indarkeriaren aurka. Mobilizazio horien artean, tiroketa bat gertatu zen herenegun gauean, eta gutxienez bi lagun hil eta bat zauritu dira bertan. David Beth sheriffak egindako adierazpenen arabera, biktimetako batek bularrean jaso zuen tiroa, beste batek buruan, eta hirugarrenak besoan. Ez dute jakinarazi nortzuk diren hildakoak.

Protestarik larrienak auzitegiaren inguruan izan ziren, berriro, astearte gauean. Poliziak barrera bat jarri zuen epaitegia babesteko; manifestariek ur botilak eta harriak botata erantzun zuten. Poliziak negar gasa eta gomazko bolak erabili zituen bueltan manifestarien aurka. Orduan, protestak tokiz aldatu, eta beste hainbat kaletara hedatzen hasi ziren; besteak beste, gasolindegi batera. Bertan, eztabaida izan zen eremua zaintzen zebiltzanen eta manifestarien arteko tentsioak gora egin zuen, eta tiroketa gertatu zen.

Lehen zantzuen arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek protestariei tiro egin zien. Sheriffak gaineratu zuen zer gertatu den ikertzen ari zirela; horretarako, gasolindegiaren bideo irudiak ikusten ari dira. Horietako batean, gizon batzuk oihuka ageri dira, eta armak hartzen dituzte. Ondoren, alde egiten dute. Bethek ohartarazi zuenez, azken egunotan hainbat lagun Kenoshako kaleak zelatatzen aritu dira, milizia baten parte direla esanda; ez zuen baieztatu gasolindegia zaintzen zutenak talde horren kide zirenik.

Atzo egindako bigarren agerraldian, Kenoshako Poliziak jakinarazi zuen 17 urteko susmagarri bat atxilotu zutela; errifle bat zuen, eta Wisconsingo hiriko protestetan egon zen. Hilketa delitua egotzi diote.

Mandela Barnes Wisconsingo gobernadoreordearen arabera, ez da arraroa talde armatuak kaleetan ikustea: «Zenbait aldiz ikus daiteke herrialde osoan jende armatua kaleetan ibiltzen, protesta egiten eta administrazioaren eraikinetara sartzen, [...] eta denek uste dute ekintza guztiz normala dela hori». Barnesen iritziz, talde armatu horiek asmo ona dutela pentsatzea «guztiz irrigarria» da. «Ezin gara harritu hori gertatu delako, maiz esan baitute hori egingo dutela», gaineratu du.

Iragan igande arratsaldean, polizia batek zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blake gizon afro-amerikarrari, eta larri zauritu zuen. Erasoa salatzeko atera dira ordutik Kenoshako kaleetara. Astelehenean etxeratze agindua ezarri zuen Kenoshako Polizia Departamentuak; iluntzeko zortzietatik aurrera ezin dira kalera atera. Dena den, aginduari erreparorik egin gabe atera ziren berriro asteartean protesta egitera, aurreko egunean egin zuten bezala.

Bestalde, Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak mobilizazioak lasaitzeko eskatu eta larrialdi egoera ezarri zuen astearte arratsaldean. Hala, eremu horretan dauden Guardia Nazionaleko agenteen kopurua bikoiztu zuen: 250. Larrialdi egoera indarrean egongo da, oraingoz, ostiralera arte. Donald Trump AEBetako presidenteak, gainera, atzo adierazi zuen guardia federal gehiego bidaliko zituela.

Blakeren familiak eta abokatuak egindako adierazpenen arabera, 29 urteko gizona larri atera zen igandeko tiroketatik, eta litekeena da jasandako zauriek paraplegia eragitea. Gizon afro-amerikarraren senideek esan zuten «mirari bat» behar izango dela berriro ibiltzeko gaitasuna izan dezan. Gaineratu zuten giltzurrunean eta gibelean ere zauri larriak dituela.

Uda zalapartatsua

Ez da denboraldi lasaia izanAEBetan arrazakeriaren inguruko istiluak direla eta. Izan ere, George Floyden heriotzatik Poliziaren indarkeriaren aurkako protestak zabaldu egin ziren, bai herrialde horretan bertan, bai mundu osoan. 46 urteko gizona maiatzaren 25ean hil zuen Minneapolisko polizia batek, belauna lepoan jarri eta itota. Haren atxiloketan parte hartu zuten lau poliziak kargugabetuta eta auzipetuta daude egun.

Astearte gauean, Portlanden 90. egunez jarraian atera ziren erasoa salatu eta gehiegizko indarkeriaren aurka egitera. Udaletxearen aurrean elkartu ziren protestariak, eta, Poliziaren arabera, batzuk eraikinera sartu ziren; gutxienez 25 lagun atxilotu zituzten.

Louisvillen ere (Kentucky) protestak izan ziren gau berean; kasu horretan, Breonna Taylorren hilketagatik atera ziren kaleetara. Hiru poliziak hil zuten Taylor martxoan, etxean zegoela. Polizia kaleko arroparekin jantzita sartu zen Taylorren etxera, baina, ustez, etxebizitzaz nahastu zen. Emakume afro-amerikarrak, lapurrak zirelakoan, tiro egin zien; poliziek bueltan erantzun, eta tiroz hil zuten Taylor. Floyden hilketaren ondoren izan zuen oihartzuna kasuak. Herenegun gaueko mobilizazioetan gutxienez 64 lagun atxilotu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.