Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu fiskalaren eskaera, eta beraz, zigortutako bederatzi buruzagi independentistek hirugarren gradua eskuratu ahal izango dute zigorra indarrean jarri eta berehala. Auzitegi Gorenak zehaztu du hark ezin dituela aurrez debekatu espetxe zaintzak har ditzakeen erabakiak, baina ohartarazi du, halaber, berea izango dela azken hitza espetxe onurei dagokienez.
Graduz aldatzeko, beharrezkoa da presoak eskatzea, preso dagoen kartzelako Tratamendu Batzordean —hiru espetxetan daudenez, hiruretako Tratamendu Batzordeek erabaki beharko lukete—. Tratamendu Batzordeek eskaerak onartuz gero, erabakia berretsi beharko luke Espetxeko zuzendaritzak —bi erakunde horiek Generalitatearen barruan daude, eta, beraz, oso litekeena da hirugarren gadua ezartzea—. Epaia kaleratu denetik, bi hilabeteko epea dute horretarako.
Urrats horiek eginda, baina, desadostasuna agertzeko aukera du fisklatzak. Erabakiaren kontrako helegitea jar lezake Bartzelonako Lurralde Auzitegian, eta hango Espetxe Zaintzako epaileak hartuko luke erabakia. Epaile hori Espainiako Botere Judizialak aukeratutakoa da, eta, beraz, litekeena da hark hirugarren graduaren aurka egitea. Dena den, hala egingo ez balu, fiskaltzak aukera izango luke epaia eman duen auzitegiari erabakia aldatzeko eskatzeko. Beraz, gaurko epaia sinatu duten zazpi magistratuek izango lukete azken hitza, alegia, Manuel Marchenak gidatzen duen Auzitegi Goreneko Zigor Salak.
Epaileek hirugarren graduaren kontra ebazten badute, kartzelara itzuli beharko lukete presoek, eta litekeena da fiskalak hori baliatzea horiek Espainiako espetxe batera eraman ditzaten eskatzeko. Hori gertatu zen Oriol Pujolekin, esaterako: Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradua ezarri zion kartzelara bidali eta bi hilabetera, baina fiskalak helegitea jarri zuen, eta epaileak hura kartzelatzeko agindu zuen.
Presoek bigarren graduan jarraituko balute —erregimen arruntean—, irteera baimenak lortzeko aukera izango lukete: asteburuetan edo jaiegunetan. Halaber, bigarren graduan egonik, hirugarren gradurako progresiorako aukera lukete, irteera baimenak lortu ez ezik baldintzapean aske ere geratu ahal izateko.