ERC Esquerra Republicanak ezohiko kongresua egingo du gaur, eta alderdiaren zuzendaritza berria aukeratuko dute militanteek, modu telematikoan. Hiru hautagaitza lehiatuko dira, baina, egiazki, horietako bik dute irabazteko aukera: Militancia Decidim-ek eta Ezker Nazional Berriak. Lehenaren buru, Oriol Junqueras, 2011tik aurtengo ekainera arte alderdiaren presidente izandakoa. Bigarrenarena, Xavier Godas, Vilassar de Dalteko alkate ohia (2011-2019) eta azken bi urteetan Kataluniako Gobernuan kargu bat edukitakoa; nabarmenena da, ordea, Pere Aragones Generalitateko presidente ohiaren (2021-2024) eta Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusi izandakoaren (2011-2024) babesa duela. «Oraingoz, ez dago ideiei buruzko debate bat. Bi familiaren arteko borroka bat da», azaldu du telefonoz Marc Sanjaumek, Pompeu Fabra Unibertsitateko Poltika Zientzien Departamentuko irakasleak. Familia bat junqueristena da, eta bestea roviristena.
Ez dago alde handirik bi hautagaitzek egindako planteamenduen artean. Arlo sozialean, politika aurrerakoiak hauspotzea proposatzen dute; eta maila nazionalean, erreferendum bat egitea. Hori bai, Ezker Nazional Berria alderdia eraberritzeko beharraz mintzo da; alegia, presidente izandakoa zuzendaritzatik kanpo nahi dute. PSCrekin eta PSOErekin egindako itunei dagokienez, Junqueras eta Rovira alde agertu ziren. «Auzi ideologikoa edo estrategikoa baino gehiago, pertsonen arteko auzia da», esan du telefonoz Nuria Franco Guillenek, UOC Universitat Oberta de Catalunyan Politika Zientzietako doktoreak. Irudipena du, gainera, bi hautagaitzak kontinuistak direla. Su Berria da hirugarren hautagaitza, Helena Sola du buru, eta PSCrekin eta PSOErekin egindako akordioen kontra agertu da.
Gutxienez botoen %50 biltzen dituena nagusituko da. Dena den, gerta liteke inork ez gainditzea langa hori, eta, orduan, boto gehien lortzen duten bi hautagaitzak abenduaren 14an lehiatuko lirateke bigarren itzulian. Junqueras da faboritoa. Kongresura aurkeztu ahal izateko, oinarrien %5en babesa behar zen —8.300 militantek dute bozkatzeko aukera—, eta alderdiko buruzagi izan denak 2.500 abal lortu zituen; hau da, militanteen ia heren baten babesa. Ezker Nazional Berriak, berriz, 1.500 inguru.
«Hautesleen erdiak galtzeak erakusten du erabilitako estrategia ez dela izan, agian, Kataluniako herriak espero zuena»
NURIA FRANCO GUILLENUniversitat Oberta de Catalunya
Bigarren itzulirik egongo balitz, aukera bat litzateke gaurko bozketan boto gutxien lortuko dituzten bi hautagaitzek bat egitea. «Su Berriak eta Ezker Nazional Berriak bat egiteko aukera handia dago, bai, baina gero arazoak edukiko lituzkete estrategia bat definitzeko». Izan ere, zein norabide politiko hartu erabaki beharko du zuzendaritza hautatuak; bide orri berri bat marraztea tokatuko zaio. Alderdiko iturrien arabera, 2025eko otsail inguruan horretarako kongresu batera deituko dute.
Alderdiaren irudia
Aurrena, ordea, zuzendaritza bat aukeratu behar dute. Eta alderdia ahul dago oraintxe. Batetik, bost urteotan milioi erdi bozkatzaile inguru galdu ditu. Bestetik, Ernest Maragallauzia dago. 2023ko udal hauteskundeetan Bartzelonako alkatetzarako ERCren hautagaia izan zen Maragall. Kanpaina hartan kartel batzuk agertu ziren, Fora l'Alzheimer de Barcelona (Utikan Alzheimerra Bartzelonatik) lelopean, Maragall eta Pasqual Maragall irudikatzen zituztenak —bigarrenak alzheimerra du—. ERCkoek berek agindu zuten kartel horiek egiteko. Roviraren esanetan, Junquerasek berak bultzatu zituen. Presidente izandakoak dio hori ez dela egia. Ikertzen ari diren bitartean, bi aldeek elkarri mokoka jarraitu dute, alderdiaren irudiaren kalterako.
Hori da testuingurua, eta Franco Guillenek pentsatzen du orain «basamortu bat zeharkatzea» dagokiola ERCri. Luze gabe ez du alderdiaren estrategian aldaketa handirik aurreikusten. Ohartarazpen bat egin du, ordea: «Hautesleen erdiak galtzeak erakusten du erabilitako estrategia ez dela izan, agian, Kataluniako herriak espero zuena. Orduan, birpentsatu egin behar da». Uste du, halere, ez zaiola komeni erabakiak korrika eta presaka hartzea. «Hauteskundeetako emaitzei dagokienez zulo batean dagoenez, aukera du bat-bateko erabakirik ez hartzeko eta pixkanaka posizionatuz joateko».
«Juntsekin eta PSCrekin, zentralitate posiziorako lehian segitzen du Esquerrak. Ondo errotuta dago lurraldean, eusten dio udaletan duen botereari...»
MARC SANJAUMEPompeu Fabra Unibertsitatea
Sanjaumeren hitzetan, ERCk oraindik badu aukerarik «zentro-ezkerra moduko baten» lidergoa edukitzeko, eta espazio horretan «liderren belaunaldi berriei lekua egiteko». Alderdiari lidergoa falta zaiolakoan dago. «Bai, nabarmen. Ez da argi geratu: ez dute Pere Aragones lider gisa hauspotu, Junquerasek ere ezin izan du, jokoz kanpoko dagoelako [inhabilitatuta] legez. Orduan, zaila da». Iruditzen zaio, bide batez, Junquerasek irabazten badu militanteengatik izango dela. «Beste hautagaitzak alde ditu [Generalitatearen aurreko] gobernuko kargudun asko».
Horren guztiaren harira, nabarmendu du JxC Junts per Catalunyak dozena erdi bat edo dozena bat lider duela. Sanjaume izan zuen buru adituen talde batek, hain zuzen, erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko asmoz Aragonesek aurreko legegintzaldian proposatutako argitasun akordioarentzako txostena osatu zuenak. «Juntsekin eta PSCrekin, zentralitate posiziorako lehian segitzen du Esquerrak. Ondo errotuta dago lurraldean, eusten dio udaletan duen botereari...».
Franco Guillenen iritziz, «klasearen ardatzean» nahiko argi ditu gauzak Esquerrak. «Baina ezin dugu ahaztu nazioartean, baita nazioan eta estatuan ere, badirela eskuinerantz presionatzen duten dinamika batzuk». Iritzi publikoan ere aldaketa bat dagoela azpimarratu du. «Hau da, herritarrei galdetzen zaienean zein arazori aurre egin beharko lieketen alderdiek, aldatzen ari dira lehentasunak». Eta adibide bat jarri du: «Jendea duela hamar urte baino arduratuago dago immigrazioarekin. Orduan, Esquerrak kontsideratu behar du orain garrantzitsuagoak diren gai horietan nola posizionatzen den».