«Garai ilun berriak» iragarri zituen Saeb Erekat Palestinako agintari eta negoziatzaileak (Abu Dis, Palestina, 1955-Jerusalem, Palestina, 2020), Israelek Gazako zerrendari blokeoa ezarri zionean, 2007. urtean. Hamahiru urte geroago, ez du baikortasunerako arrazoi gehiago izan. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak bizia eman du Israelen eta Palestinaren arteko bake akordio baten alde, eta helburu horrek urrun dirudien garaian eman du azken hatsa. Bi estaturen konponbidearen beharraz ohartarazi du sutsuki, bake iraunkor baterako aukerarik onena dela iritzita. 65 urterekin hil da Jerusalemgo ospitale israeldar batean, koronabirusak jota.
Palestinarren ahots ezagunenetako bat izan da Erekat. Bere herrialdeko erakundeen bozeramaile gisa jardun du nazioartean, bai Palestinaren bake negoziaziorako arduradun gisa, baita PAEko buruzagi gisa ere. Ingelesez hiztun trebea, atzerriko hedabideekin harreman estua izan du azken hamarkadetan.
«Anaia eta lagun bat joan da, borrokalari handi bat, Saeb Erekat doktorea; Palestinarentzat eta gure jendearentzat galera handia da, eta tristezia sakona dugu», adierazi zuen atzo Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. Hiru eguneko dolua ezarri du.
Erekatek urriaren 8an jakinarazi zuen koronabirusak kutsatuta zegoela. Bere osasun egoerak okerrera egin zuen, eta egun batzuk geroago ospitaleratu zuten Jerusalemen. Medikuek esana zuten «erronka handia» izango zela gaitzari buelta ematea, koronabirusaz gain, bakterio infekzio bat zuelako eta bere sistema immunologikoa «ahulduta» zegoelako. Koma egoera eragin behar izan zioten. Aurretik osasun arazoak izandakoa zen. Bihotzekoa izan zuen 2012. urtean, eta bost urte beranduago, birika transplante bat egin zioten AEBetan.
Jerusalemen ondoko Abu Dis herrian jaio zen, eta Jerikon hazi. Han izan zuen gatazka armatuarekin lotutako lehenengo bizipena. 12 urte zituen Israelen tankeak hirira sartu zirenean. 1967a zen, eta Israelen eta koalizio arabiarraren arteko gerrak sei egun iraun zituen arren, ondorioek hamarkadetan baldintzatu dute eskualdeko geopolitika. Erekatek 13 urte zituenean atxilotu zuten lehenengo aldiz. Ez zen bakarra izan.
AEBetara joan zen 1972. urtean, nazioarteko harremanei buruzko ikasketak egitera, eta gatazken konponbiderako doktoretza egin zuen Ingalaterran. Ikasketak amaituta, hainbat artikulu idatzi zituen Al-Quds egunkarian, Israeli eta Palestinari elkarrizketarako deia eginez. Nabluseko Al-Najah Unibertsitatean ematen zituen klaseetara joateko gonbidapena egin zien zenbait ikasle israeldarri. Keinu horiek eztabaida eragin zuten.
Politikara jauzi
Hurrengo hamarkadan hasi zuen bake negoziatzaile ibilbidea. Yasser Arafat orduko PAEko presidenteak Madrilgo bake negoziazioetan parte hartzeko eskatu zion, 1991n. Bere parte hartzea garrantzitsua izan zen Osloko elkarrizketetan, Arafaten ondoan, 1993. eta 1995. urteetako akordioak lortzeko, eta, handik aurrera, Palestinako ordezkaritzaren buru izan da. Soilik hilabete batzuetan baztertu zuen ardura hori: 2003. urtean, Palestinako gobernu autonomoarekin izan zituen desadostasunengatik. Mahmud Abbas Palestinako Kontseilu Legegileko lehen ministro aukeratu berriak ez zuen Erekat deitu Ariel Sharon Israelgo lehen ministroarekin izan zuen bilera batera, eta hark dimisioa eman zuen maiatzean. Irailean berriz hartu zuen kargua.
Ordutik, hainbat negoziazioetan parte hartu du: Camp Davideko goi bileran, 2000. urtean; Tabako negoziazioetan, 2001ean eta Annapoliseko Konferentzian, 2007. urtean, besteak beste. Guztiak akordiorik gabe amaitu ziren, Osloko Akordioek jasotzen zituzten puntu erabakigarrien inguruan: besteak beste, Palestinako eta Israelgo estatuen mugak, Jerusalemen banaketa eta iheslari palestinarren geroa.
Palestinako Paperak izena duten dokumentuek polemika eragin zuten Erekaten negoziatzaile jardunaren inguruan. Al Jazeera hedabideak publiko egin zuen Palestinako, Israelgo eta AEBetako buruzagien arteko negoziazio bileretako 1.600 grabazio sekreturen eta mezu ugariren edukia, 2000 eta 2010 urteen artekoa. Horien arabera, Palestinako ordezkaritzak eskaintza esanguratsuak egin zizkion Israeli, erabakigarriak diren zenbait arlotan bermerik jaso gabe.
Esaterako, dokumentu horietan jasotzen denez, Erekat prest agertu zen «inoizko Yerushalayim [Jerusalem hebreeraz] handiena» aitortzeko. Horrek barne hartuko lituzke hiriko kokagune israeldar guztiak Jerusalem Ekialdeko bat izan ezik. Nazioarteko legediaren arabera, Israelen kokaguneak legez kanpokoak dira, eta Erekaten eskaintzak haserrea eragin zuen Palestinako hainbat sektoreren artean.
Palestinako negoziatzailea, baina, oso kritiko mintzatu da israeldarren kokaguneen kontra, bi estatuen konponbidea eragozten dutela iritzita. Gaitzetsi egin zuen AEBetako Gobernuak joan den urtarrilean Ekialde Hurbilerako proposatu zuen bake plana. Donald Trumpek Israelen «kolonizazioa eta gerra krimenak zuritu» nahi zituela salatu zuen, martxoaren 1ean BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketan. Israelek azken hilabeteetan zenbait herrialde musulmanekin «harremanak normalizatzeko» sinatu dituen hitzarmenei buruz, bi estatuen konponbidearen «heriotza» dela esan zuen, eta «sionismo arabiarraren jaiotza» ekarri dutela. Ohartarazi zuen bide hori zapuztuz gero bakerako aukera bakarra gelditzen dela. «Bi estatuen konponbidea lurperatu nahi dutenei, konponbide horrentzako alternatiba bakarra [...] da juduak, musulmanak eta kristauak berdintasunean bizi daitezkeen estatu sekular demokratiko bat sortzea».
Mahmud Abbas PANeko eta PAEko egungo presidenteak azken erakunde horretako idazkari nagusi izendatu zuen 2015ean, Yasser Abed Rabboren ordez. Abbasen eta Arafaten aholkulari ere izan zen urteetan.
Bake negoziazioetan aurrera egiteko zailtasunak ikusita, eta Israelek oraindik ere giza eskubideak eta nazioarteko legedia zigorrik jaso gabe urratzen dituela ikusita, Erekatek NBE Nazio Batuen Erakundean jarri zuen itxaropena. Palestina nazioartean estatu gisa onartua izateko ahalegina gidatu zuen, eta 2012an lortu zuen NBEk Palestina erakundeko kide behatzaile gisa onartzea. Israelek gerra krimenengatik Nazioarteko Zigor Auzitegian epaiketa bati aurre egin behar izateko urrats garrantzitsua zen hori. Izan ere, NBEko kide izateak aukera eman zion Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutura gehitzeko, 2014an. Palestinak Israelen kontrako salaketa aurkeztua du auzitegian, baina AEBen presioek geldiarazi egin dute abiatzekoa zen ikerketa.
BERRIAri adierazi zionez, Palestinak «beharrezkoa» du nazioartearen babesa, «eta hark Israelen krimenak txalotzeari uztea».
Saeb Erekat
Bi estatuko konponbidearen ahotsa
Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak hiru hamarkadatan parte hartu du Israelekin izandako bake elkarrizketetan. Koronabirusarekin kutsatuta hil da, Jerusalemgo ospitale israeldar batean, 65 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu