Israelgo armadak bi bahitu askatu ditu gaur goizaldean Rafahn, eta operazio militar horretan «sarraski bat» egitea leporatu dio Hamasek. Besteak beste, hegazkinak eta tankeak erabili ditu Israelek, eta, Palestinako iturri ofizialean arabera, gutxienez 67 zibil hil ditu. Nazioartea gero eta ozenago adierazten ari zaio Gazan urriaren 7tik egiten ari den erasoaldia eteteko, baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak defendatu egin du armadaren jokabidea. «Soilik presio militar jarraituaren bidez lortuko da gure bahitu guztiak askatzea», nabarmendu du, ohar batean.
Israelen bonbardaketek zerrendan bahituta dauden israeldarrei ere eragiten diela azpimarratu du Hamasek. Izan ere, miliziak gaur adierazi duenez, azken 48 orduetan bost bahitu hil eta beste hainbeste zauritu dituzte Tel Avivek zerrendan jaurtitako bonbek. Hamasek ez du zehaztu Gazako zein gunetan zeuden bahitu horiek.
Hamasek 240 pertsona inguru bahitu zituen joan den urriaren 7an Israelen, eta horietatik 112 askatu dituzte; gehienak, talde islamistak eta Tel Avivek azaroa amaieran adostutako astebeteko su etenean. Bahituen senideak Netanyahu presionatzen ari dira Hamasekin akordio bat egin eta denak aske gera daitezen, baina lehen ministroak ez zuen onartu islamistek joan den astean planteatutako menia proposamena. Horiek horrela, bahituen senideak biltzen dituen elkarteak txalotu egin du bi bahitu aske uztea, bai, baina lehen ministroari ohartarazi diote «denbora amaitzen» ari zaiola. Armadak jakinarazi duenez, 60 eta 70 urte dituzte aske utzi dituzten bi bahituek, eta osasunez «egonkor» daude.
Zerrendaren hegoaldean zeuden, Rafahn, eta Hamasek azpimarratu du, ohar batean, palestinarren aurkako genozidioaren «jarraipena» izan dela Israelek goizaldean eremu horretan egindako operazioa. Nabarmendu du, gainera, Israelek entzungor egiten diela Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiei —NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusia da—, eta, horrenbestez, nazioarteko zuzenbidearen arauak «hausten» dituela. Aintzat hartu behar da auzitegi horrek eskatu diola Israeli Gazan genozidioa eragozteko neurriak har ditzala. Hegoafrikak Israelen kontra jarritako salaketari jarraiki ebazpen horren berri eman zuen urtarrilaren 26an.
Baina Israelek segitzen du Gazako zerrenda setiatzen, eta, nazioartea ohartarazten ari zaion arren ez dezala halakorik egin —Joe Biden AEBetako presidenteak berak atzo bertan, telefonoz—, aurreko ostiralean eskatu zion armadari egin dezala plan bat Rafahra lurretik sartzeko eta han dauden 1,5 milioi palestinarrak kanporatzeko. Lehen ministroaren justifikazioa Rafahri eraso egiteko da han Hamasen «lau batailoi» daudela, eta talde islamista «desagerrarazi» arte ez duela bakerik izango.
15Gazan martxan dauden ospitaleak. Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak jakinarazi du Gazako 36 ospitaleetatik soilik hamabost daudela «partzialki» martxan, eta horiek «gutxieneko zerbitzuak» ematen ari direla.
Egiptorekin muga egiten du Rafahk, eta, Israelek duela lau hilabete zerrendaren aurkako erasoaldia hasi baino lehen, 250.000 pertsona inguru bizi ziren han; orain, ordea, 1,5 miloi inguru daude, Israelek berak zerrendaren hegoalderantz bultzatu baititu herritarrak setioa hasi zuenetik. Hiriko kaleak barne desplazatuentzako kanpaleku bihurtu dira, eta Hamasek salatu du «baldintza oso zail eta krudelenetan» bizi direla han daudenak. Ohikoa bihurtu da, gainera, Israelek laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatzea.
Gazako iturri ofizialek adierazi dute azkeneko 24 orduetan 164 hildako eta berrehun zauritu inguru eragin dituztela Israelgo indarrek zerrendan. Urriaren 7az geroztik, 28.340 dira hildakoak, eta 68.000 zaurituak.
Arma blokeoa
Hitzak ez dira «nahikoa» Israelgo armada Gazaren aurka egiten ari den operazio militarra gelditzeko, eta, agian, «kezka adierazi baino zerbait gehiago egiteko garaia da», EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellen arabera. Israelek Rafahko eremua bonbardatu ondoren egin ditu adierazpenok, eta, zeharka, eskaera bat egin die AEB Ameriketako Estatu Batuei: utz diezaiotela Israel militarki babesteari, eta ezarri diezaiotela arma blokeo bat. Borrellek uste du hori litzatekeela Gazako hildakoen kopuru handia murrizteko modu bakarra.
Hain justu, AEBak dira Israel ekipamendu militarrarekin probesten duen herrialde nagusia; hots, handik bidaltzen dituzte Israelek inportatzen dituen armen %80 baino gehiago. Europako zenbait herrialdek ere bidaltzen dituzte armak hara, hala nola Alemaniak. Borrellek argi utzi nahi izan du, ordea, EBk ez dizkiola armak saltzen Tel Avivi, eta Bideni mintzatu zaio: «Biden presidenteak berak esaten du ekintza hau [Rafah bonbardatzea] neurrigabea dela, hildakoen kopurua handiegia dela, eta Israeli eskatu dio ez jarraitzeko bide horretan. Baina, hitzez harago, zer uste dute dela egin beharrekoa? Hildakoen kopurua handiegia dela uste baduzu, badaukazu hori murrizteko irtenbiderik?».
Borrellek Bruselatik egin du eskaera, han bildu baita UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Philippe Lazzarinirekin eta estatu kideetako Kooperaziorako ministroekin, asteotan erakundearen inguruan sortutako eztabaida hizpide —UNRWUAko hainbat langile ari dira ikertzen, Gazako milizia palestinarrekin eta urriaren 7ko erasoarekin lotura izatea egotzita—. Horren harira, erakundeari emandako laguntza ekonomikoak eten dituzte ia hogei herrialdek, hala nola AEBek eta Erresuma Batuak. Edonola ere, ezer argitu artean EBk UNRWA finantzatzen jarraituko duela berretsi du diplomaziaburuak. «Beste inork egin ezin dezakeen lan bat egiten du UNRWAk».