Ameriketako VII. Goi Bilera

Bi Amerika aurrez aurre

Panamako goi bilerako gidoiak erabat berria eta zentratua zirudien: Kuba-AEB ardatza protagonista nagusia izatekoa zen. Barack Obamak Venezuela jokoan sartzea erabaki duen arte.

Harremanak hobetzeko neurrien artean, New York-Habana hegaldiak martxoaren 17an ireki zituzten berriz. EFE.
Habana
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Latinoamerikan aldaketa sakonak, interesgarriak eta berritzaileak gertatzen ari dira duela hamabost urte baino gehiagotik. Protagonista bihurtu da gizarte mugimenduetan oinarritutako ezkerreko indar politiko aurrerakoien multzo plural eta konplexua. Multzoan daude abertzaleak, sozialdemokrazia berezi bat eta ezker indartsu bat. Hainbat faktorek bultzatu dituzte herrialde horietako prozesu nazionalak. Prozesu ezberdinak eta bereziak dira, baina elkarguneak dituzte. Haientzat, demokrazia hauteskundeak egitea baino gehiago da, esaterako. Latinoamerikak azkeneko hamabost urteetan izan du aldaketa sozioekonomiko eta politiko handieneko garaia.

Kuba izan zen lehena, inperialismoaren kontrako eta gizarte politiken aldeko gotorlekua. Kubarekin bat egin zuten Venezuelako iraultza bolivartarrak; Argentinako, Brasilgo eta Uruguaiko gobernu aurrerakoiek; eta Boliviako, Ekuadorko eta Nikaraguako ezkerraren garaipenek. Eskualdeko indar harremana aldatu zuten, beren burujabetza indartuz eta Ipar Amerikaren ohiko nagusitasuna ahulduz. Prozesu nazional horietan, erabaki ekonomikoa errezeta neoliberalen aurkakoa izan da kasu askotan.

Eskualdeko herrialdeek baliatu egin dute lehengaien eta elikagaien prezio altuen ziklo luzea. Barne merkatuak berriro aurkitu dituzte, berez pobreak eta baztertuak ziren herritar askoren bizi-maila igo egin baita. Inbertsio sozialak eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa izan dira politika ekonomikoen lehentasunak, herritar pobreenen eta baztertuenen mesedetan. Faktore horiek guztiak baliatuz, eskualdeko herrialde askok nabarmen apaldu dituzte bazterketa eta pobrezia mailak, eta hazkunde ekonomiko etengabea izan dute, nazioarteko krisiak ustez sendoagoak ziren beste eskualde batzuk jo dituen garai batean.

Baina aldaketaren oinarrietako bat nazioarteko merkatuak dira. Orain Latinoamerikako esportazio produktuen prezioak asko merkatu dira, eta horrek agerian utzi du eraldaketa soziopolitikorako prozesuen ahultasuna: aberastasuna banatzean oinarritu dira, balio erantsiko ekonomia produktiboa sustatu gabe. Gainera, eredu kontsumista errepikatu dute. Eta ezin zaio gizarte zerbitzuen zabalkundeari eutsi, diru sarrerak handitu gabe. Funtsezkoa da.

Dinamika aurrerakoi horrek bultzatuta, Latinoamerika eta kontinentea bateratzeko erakundeak sortu dira, eta aldaketaren ikur bihurtu dituzte: Mercosur, Unasur, ALBA, Petro Caribe eta CELAC. Eskuineko gobernuek, AEBen ohiko aliatuek, ezin izan dute saihestu dinamika aurrerakoi hori.

Azkeneko bi urteetan Latinoamerikan gertatu dena aztertuz gero, jokalekua aldatu egin dela ikus daiteke, aro berri bat hasi dela. Aro berri horretan, aurrez aurre izango dira interes politikoak, ideologikoak eta ekonomikoak. Aldaketaren aurrean, politikoki berriro osatzen eta ideologikoki indarberritzen ari dira bai oligarkia tradizionalak, bai AEBen atzeko patioaren nagusitasuna. Berri itxurako hauteskunde mugimenduak egiten ari dira; ustezko hazkundeetan oinarritutako dinamika ekonomikoak bultzatzen; eta ildo horren aldeko gobernuak bateratzen, Pazifikoko Aliantzaren bidez. Bertan dira Kolonbia, Mexiko, Peru eta Txile.

Mugimendu politiko horien bi adibide baino ez dira Argentina ezegonkortzeko saioa (Nisman fiskalaren kasua) eta Dilma Rousseff Brasilgo presidentearen kontrako mobilizazioak. Badirudi AEBek eta eskualdeko haien aliatuek ez dutela onartzen hauteskundeak galtzea, eta mugimendu arriskutsuak egiten ari direla, beren kontra bihur daitezkeen mugimenduak.

Egoera horretan, Venezuelakoa da kasurik argiena eta arriskutsuena. Venezuelan estatu kolpea emateko ahalegin etengabea, herrialdetik kanpoko babes ekonomikoarekin, AEBen babesarekin batez ere. Venezuelako kasua funtsezkoa da ulertzeko erasoan ari direla AEBak eta haien aliatuak —Venezuelako oligarkia, komunikabide handiak, Europako Batasuna, nazioarteko pertsona ospetsuak...—. Galdutako eremuak berreskuratu nahi dituzte, dauzkaten baliabide guztiak erabiliz, batzuetan ondorioak ondo neurtu gabe.

Argentinako, Brasilgo edo Venezuelako gertaeren kontrako aldean daude beste bi prozesu: alde batetik, Kolonbiako bake prozesua, Latinoamerika guztiak ez ezik AEBetako Gobernuak ere babestua; bestetik, Kubaren etaAEBen arteko harremanak berriro hastea. Baina bi prozesu horiek kontraesanak dirudite Latinoamerika guztia aintzat hartuz gero.

Raul Castrok primeran laburbildu zuen Latinoamerikaren egoera eta egoera horren irakurketa politikoa, ALBAren azken bileran, Caracasen. AEBek Venezuela segurtasun nazionalarentzako arrisku izendatu izanaz hitz egin zuen Castrok: «Erakusten du AEBek uko egin diezaieketela bakeari eta gure eskualdearekin dituzten harremanei, haien etxeko politikagatik eta menderatze arrazoiengatik. AEBek behingoz ulertu beharko dute ezinezkoa dela bai Kuba limurtzea edo erostea, bai Venezuela larderiatzea. Gure borrokalagunak ez ditugu inoiz bakarrik utziko».

Berez, Ameriketako Goi Bilerak Raul Castroren eta Barack Obamaren argazkiarena izan behar zuen. Argazki hori aterako dute, eta historikoa izango da. Baina albiste nagusiak ez dira izango horri buruzkoak, Panamako aurrez aurreko gogor eta tenkatuari buruzkoak baizik. Ikusi besterik ez dago nolako erreakzioak eragin dituzten Kubak esandakoak eta Obamak Venezuelari buruz onartutako dekretuak. Venezuela izango da bi Ameriken arteko aurrez aurrekoaren protagonista, berak nahi izan gabe. Elkarrekin bizitzeko gero eta zailtasun gehiago dauzkaten bi Amerika. Goi bilerak aro berri bat abiatuko duela dirudi, talka etengabearena: talka politikoa, ideologikoa, ekonomikoa eta ereduena.

Ikusteko dago protagonistek zintzotasunez gako demokratikoa onartuko duten, Latinoamerikari bake eremu gisa eusteko —hala izendatu zuen CELACek duela bi urte—, edo gatazkak beste norabide batzuk izango dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.