1994ko irailaren 1a. Gaur zortzi, 20 urte. IRAk bezperan iragarritako baldintzarik gabeko su-etena indarrean sartu zen. Ez zen behin betikoa izan, baina Ipar Irlandako egungo egoera ulertzeko mugarrietako bat da. Hala uste du Paul Nolan Belfastekoak.
1984tik 2009ra bitartean helduen hezkuntzan aritu zen lanean, Langileen Hezkuntzarako Elkartean lehenik eta Queen's Universityn segidan. 2010eko uztailean, Ipar Irlandako bake prozesua datuz datu aztertzeko lanari ekin zion. Lan horren emaitza dira 2012ko, iazko eta aurtengo Ipar Irlandako Bakegintzaren Inguruko Txostenak. Belfasteko Komunitateen Arteko Harremanen Kontseiluak eman ditu argitara, eta agerian utzi dituzte bake prozesuaren moteltze zantzuak.
Zer duzu gogoan 1994ko irailaren 1az?
Inoiz ahaztuko ez dudan eguna da. Esan ohi da jendeak beti gogoratzen duela non zegoen John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentea hil zutenean. Ipar Irlandako herritarren kasuan, gogoan dute non zeuden IRAk su-eten mugagabea iragarri zuenean. Bulegoan nengoen. Idazkari bat sartu zen, arrapaladan, azken orduko albiste bat izan zela jakinarazteko. Irratia piztu, eta albistea entzun nuen. Atea itxi, aulkian eseri, burua esku artean jarri, eta negar egin nuen.
1996an, su-etena hautsi zen; 1997an, Sinn Feinek uko egin zion bortizkeriari; 1998an, Ostiral Santuko akordioa lortu zen. Aurrerapausoak eta atzerapausoak izan dira. Bakearen aldeko kanpainatan parte hartu duzu eta Ostiral Santuko akordioari buruzko herri galdeketan baiezkoaren aldeko plataformaren presidente izan zinen. Ze oroitzapen duzu hilabete haietaz?
Su-etenaren osteko garaia tirabiratsua izan zen, tentsioz betetakoa. Su-etenaren osteko euforia berehala desagertu zen. Errepublikanoek iruzur egin zietela sentitzen zuten: gerra amaitu zela esan zuten, eta uste zuten mahai baten bueltan negoziatuko zituztela akordio politiko baten azken xehetasunak. Unionistek zioten, berriz, IRAk oposizio armatua zela artean ere, eta, haietako batek esan zuen moduan, ez zuten negoziatu nahi kanpoan kamioi batean bonbak zituztenekin. Berdinketak konfiantza erauzi zuen; frustrazioa nagusitu zen bi aldeetan. Borondate on asko galdu genuen, konfiantza izoztu egin zen. Azkenean, norbaitek esku hartu behar izan zuen, Desarmatzeko Nazioarteko Batzorde Independenteak: John De Chastelain Kanadako jenerala zuen buru, eta hura arduratu zen koreografiaz; George Mitchell AEBetako senataria, berriz, negoziazio politikoak errazteaz. Asko zor diegu.
Zein izan zen prozesuaren mugarria?
Ostiral Santuko goiza, akordio politikoa iragarri zutenean. Ikuspuntu historiko batetik, badirudi marra zuzen bat dagoela 1994ko su-etenaren eta 1998ko akordioaren artean, baina marra horrek eten, bihurgune eta hasiera ustel asko izan zituen.
Gizarteko ordezkaritza batek bilerak egiten zituen, bakearen aldeko gogoa zabaltzeko eta indartzeko. Akordioaren berri jakin eta berehala, herri galdeketarako batzorde bat antolatu zuen, eta hortik sortu zen baiezkoaren aldeko kanpaina. Hala ere, esperientzia ez zen izan zuk uste bezalakoa: Ipar Irlandaz interesa zeukaten atzerritarrek uste zuten akordioa herritarren adiskidetzeko gogoan oinarrituta zegoela, eta hurrengo urteak esne mamitan egingo genituela. Abertzale batzuentzat hala zen, baina unionistek beldurra zeukaten, eta kontra zeuden. Unionisten alderdi bakar batek ez zuen akordioaren aldeko kanpaina egin.
Zer espero zenuten unionistengandik?
Baiezko uzkur bat, gehienez. Akordioaren alde bozkatu zuten unionistek hala egin zuten, uste zutelako kontra bozkatuz gero Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek B plana inposatuko zutela. Benetan, ordea, ez zegoen B planik. Gure kanpainak beldur hori baliatu zuen. Garbi geneukan zer mezu zabaldu behar zen: egoera bere hartan uztea ez zen irtenbidea, eta Ostiral Santuko akordioa zen unionismoaren azken aukera.
Azkenean, unionisten erdiek bozkatu zuten akordioaren kontra. Botoen %72 eskuratu genituen. Emaitza iragarri zuten momentua izugarria izan zen, baina hurrengo egunean jaiki eta aurre egin behar genion errealitateari, unionisten kontrako jarrerari. Eta alde bozkatu zutenak mesfidati ziren. Arazo hori izan dugu gatazkaren osteko garaia hasi genuenetik.
Ostiral Santuko akordioa ez zen helmuga, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko abiapuntua baizik. Geroztik egin den bidean, zein izan dira urrats aipagarrienak? Zergatik?
Une gogoangarri bat badago, okerreko arrazoiengatik bada ere: IRAko disidenteek Omaghen egin zuten atentatua, 1998ko abuztuaren 15ean, Ostiral Santuko akordiotik hilabete batzuetara. Beste oroitzapen bat, alaiagoa: Ipar Irlandako Parlamentuan nengoen erakunde politikoak berreskuratu zituztenean, 2007an. Azkenean, Sinn Feinek polizia onartu zuen. Barrez eta elkarri txantxak egiten ikusi nituen Martin McGuinnes IRAko buruzagi ohia eta haren etsai politikoa, Ian Paisley apaiz protestantea. Irudi harrigarria izan zen, bakea lortzeko bidaian ze urrun iritsi ginen erakusten zuena.
Helduentzako hezkuntzan lan egin duzu, eta alderdikeria gainditzeko hezkuntza eta prestakuntza bultzatu zenuen. Batzuetan, jendeak ahaztu egiten du hezkuntzaren garrantzia, bidezko gizarte baketsu bat eraikitzeko. Errepublikanoek eta unionistek ikasi al dute ikasgaia? Zergatik?
Ikasgai oso garrantzitsuak ikasi eta barneratu dituzte. Garrantzitsuena da bi aldeek lan egiten dutela jakinda bortizkeria erabiltzea kalterako dela. Prozesu geldoa izan da. Aldaketa ez da gertatu ezagutza mailan, gehiago da sentitzen den zerbait, biktimen istorioak eta isilik egon diren ahotsak entzuten ditugun neurrian. Ikasketa prozesu bat izan da, baina hezkuntza egituretako egoera kezkagarria da: haurren %93k elkarrengandik aparte ikasten dute: batzuek eskola protestanteetan eta besteek eskola katolikoetan. Oso zaila da hain baldintza goiztiar batean atzera egitea.
Azken urtebetean egoera eta giroa gaiztotu direla dirudi. Richard Haass AEBetako diplomazialaria uztailetik hainbat lagunekin bildu da, baina ez du lortu adiskidetze akordiorik. Haustura hori mugarria al da?
Mugarria, ez, baina zatiketa handitu du. Akordiorik ez lortzeak eta ondoren elkarri errua botatzeak zenbait urrats atzera eginarazi digute. Haass Ipar Irlandako politikariekin zenbat haserretu den ikusita, nazioarteko politikariren batek nekez eskainiko du laguntza etorkizunean. Iragan astean,Nancy Soderberg AEBetako diplomazialariak esan zuen Ipar Irlandako politikarien porrota «ezin txarragoa» izan dela. Soderberg Bill Clintonen laguntzailea izan zen Ipar Irlandan, Ostiral Santuko akordioaren garaian. Diplomazialari batek «ezin txarragoa» hitzak erabiltzen dituenean badakizu oso txarra dela.
Haassek ohartarazi du Ipar Irlanda ezin dela gehiago hartu gatazkak konpontzeko eredutzat. Badirudi zuen aurtengo txostenak bat egiten duela harekin: «1998ko bake akordioaren oinarri morala desagertu egin da», «aurrerapenik ez», «polarizazioa handitu egin da»... Ezkortasuna nagusitu al da Ipar Irlandan?
Ez dut jende baikor gehiegi topatzen. Zenbait jendek utzi egin dio politikaz arduratzeari, ikusita oinarrizko zenbait gatazka tabu direla: banderak, martxak, iragana... Jende askok sentitzen du denbora gehiegi daramala harrapatuta argudio nekagarri berberetan. Baina, era berean, inork ez du espero iraganeko bortizkeriara bueltatuko garenik. Jendeak uste du gurutzatu dugula ibai hori.
Interes handiz kasu egiten diogu Irlandan gertatzen denari. Ze irakats diezaioke zuen bake prozesuak Euskal Herriari?
Bake prozesuaren okerrez eta huts egiteez hitz egin dut, baina oker horiek eginda ere, Ipar Irlandako bake prozesua da munduko bake akordio arrakastatsuena eta iraunkorrena. Winston Churchillek esan zuen demokrazia parlamentarioa zela munduko sistema politiko okerrena, gainerako guztiak salbu. Ipar Irlandako prozesua antzekoa da. Munduko bake akordio okerrena da, gainerako guztiak salbu. Nik ez nioke inori eredu gisa eskainiko. Egoera bakoitza ezberdina da. Gure merituetako bat da bereiztu egin ditugula naziotasuna eta estatu izaera. Gure gatazkaren muina britainiar eta irlandar nortasunen arteko liskarra zen. Ostiral Santuko akordioak biak izatea ahalbidetzen du. Bi pasaporteak eduki ditzakezu. Bi kulturek pareko estimua dute, eta Ipar Irlanda Erresuma Batuko egitura konstituzionalaren zatia bada ere, nortasun nazionalak eta kulturalak onartu egiten dira. Horrek garrantzia du, esaterako, Ukraina ekialdearen moduko egoeratan, non mugak ez datozen bat nortasun kulturalekin.
Utzi egin diozu Ipar Irlandako Bakegintzaren Inguruko Txostena zuzentzeari. Ze lanetan ari zara?
Banderen auziari buruzko azterketa zehatza egiten ari naiz. Bake prozesuaren azken hamar urteetako porrot handiena izan da. Belfasteko Udaleko abertzaleek Erresuma Batuko bandera udaletxeko mastatik kentzea erabaki zuten. Gertaera txikia da, agian, baina unionisten sua eragin zuen. Elkarrekiko konfiantza berehala higatu zen, eta hainbat gairi buruzko negoziazioak bertan behera geratu ziren. Ikerketa bat egiten ari naiz, egoera horren dinamikak azaltzeko. Argitu egin nahi dut ea jendea gaur egun zergatik den Ostiral Santuko akordioaren eta bake prozesuaren kontrakoa. Jende horri entzuten ez badiogu eta ez baditugu gure ontzira ekartzen, prozesua hankamotz geratuko da.
Paul Nolan. Ipar Irlandako bake prozesuaren ikertzailea
«Bi aldeek lan egiten dute jakinda bortizkeria baliatzea kalterako dela»
Astelehenean bete ziren 20 urte IRAk baldintzarik gabeko su-etena indarrean jarri zuela. Ordutik honakoaren berri zuzenean daki Nolanek, bake prozesua ikergai izan duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu