Betoa jarri dio Pablo Iglesiasi

Sanchez presidentegaiak adierazi du Iglesias dela Unidas Podemosekin koalizio gobernua osatzeko «oztopo nagusia». Podemoseko militanteek erabaki dute «betorik gabeko» koalizio bat nahi dutela

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea, atzo La Sextan eman zuen elkarrizketan. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE.
Andoni Imaz
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Koalizioa nahi du PSOEk, eta koalizioa nahi du Podemosek, baina ez dago akordio girorik Espainian. Hainbat zelaitan jokatu zen atzoko partida: La Sexta telebista kateak Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea elkarrizketatu zuen Madrilen, eta Sanchez gogor aritu zen Pablo Iglesias UP Unidas Podemoseko buruaren aurka. Hura da PSOEren eta UPren artean koalizio gobernu bat osatzeko «oztopo nagusia», Sanchezen hitzetan. «Iglesias jaunak ezin du gobernuko kide izan». Aldi berean, pantailaren beste aldean, PSOEren gobernu proposamenak ez zuen babes nahikoa lortu Errioxako parlamentuan. Podemoseko diputatuak kontrako botoa eman zuen. Hori ikusita, Sanchezek ezezkoa egin zuen buruarekin: «Datorren astean gauza bera gerta liteke». Podemosek, ordea, PSOErekin gobernatu nahi du; hori erabaki zuten alderdiaren militanteek. Alderdiak barne kontsulta bat egin zuen, eta 138.562 pertsonak hartu zuten parte. Horien %70ek babestu zuten PSOEk Podemoseko kideekin osatzea gobernua, «betorik gabe».

Jarduneko presidenteak «koalizioa» eskaini zion zuzenean UPri, datorren astean gobernua osatzeko. PSOEren «lehentasunezko bazkidea» da UP, baina eskaintzaren epea ez da gehiago luzatuko: datorren astean inbestidurarik ez badago, gero ez da egongo koaliziorako aukerarik. Ez dago eskaintza zehatzaren inguruko adostasunik, ordea: Sanchezek adierazi zuen Iglesiasekin izan zuen azken elkarrizketan, aurreko asteko ostegunean, UPko «pertsona adituak» gobernuko kide izatea eskaini ziola hari. Iglesiasek, berriz, hedabideen bidez izan zuen proposamen horren berri, haren hitzetan.

Iglesias gobernutik kanpo geratuko balitz, Sanchezek onartuko luke PSOEren eta UPren arteko koalizio gobernu bat, profil teknikoa duten UPko kideekin ere osatua? «Zalantzarik gabe», erantzun zuen jarduneko presidenteak. UPko iturriek Efe berri agentziari adierazi zioten haientzat «aurrerapauso bat» dela Sanchezek azken proposamen hori egin izana.

Halere, UPko kide batzuek gogor kritikatu dute jarduneko presidenteak esandakoa. Irene Montero UPko bozeramaileak esandakoa zuzentzeko eskatu zion Sanchezi: «Denak ez du balio, are gutxiago elkarrekin gobernatzeko asmoa daukaten bi indar politikoren artean». Pablo Echenique diputatuak Twitter bidez erantzun zion: «Pablo Iglesiasi betoa jartzea guztioi betoa jartzea da».

Sanchezek beto horretarako bi arrazoi nagusi eman zituen atzoko elkarrizketan. Bata, «politikoa», eta bestea, «funtzionala». Arlo politikoan, Kataluniarekiko jarrerak sortzen ditu desadostasun gehien. «Espainian preso politikoak daudela entzun izan diot Iglesiasi», esan zuen Sanchezek. Ez du horrelakorik nahi gobernuan: «Espainiako demokrazia defendatuko duen presidenteorde bat behar dut». Arrazoi funtzionala azaltzeko, Errioxara jo zuen Sanchezek: «Iglesiasek ez du bermatzen bere alderdikoek hartzen dituzten erabakien gaineko ardura».

Atzo bertan, PSOEk UPrekin akordioa lortzeko erabili duen dokumentua zabaldu zuen. Lana, feminismoa, klima larrialdia eta trantsizio digitala dira puntu nagusiak. Halere, Sanchezek adierazi zuen ez dutela aukerarik izanedukiaz hitz egiteko:jarduneko presidenteak azaldu zuen Iglesiasekin izandako elkarrizketetan «denboraren %99» gobernuko karguez hizketan eman dutela; «Iglesiasenaz, bereziki». Sanchezen asmoa ez zen «elkarrizketa pribatuak airatzea», baina hori bera egin du PSOEko zuzendaritzak: Iglesiasek presidenteordetza sozial bat eta bi ministerio eskatzen dituela zabaldu zuen; Lan, Ogasun eta Komunikazio ministerioak, hain zuzen.

Kontraesanak kontraesan

Sanchezek astelehenean SER irrati katean egin zioten elkarrizketan adierazitakoaren kontrakoa esan du, hain justu: orduan azaldu zuen Iglesiasek ez diola «inoiz» presidenteorde izaterik eskatu. Kontraesanak kontraesan, Sanchezek UPren teilatura bidali nahi izan zuen pilota. Iglesiasek ez zien haren hitzei erantzun, baina zera esan zion 2016an, Sanchezen inbestidura bertan behera geratu zenean: «Ni egotea arazoa bada PSOErentzat, uko egingo diot gobernuan parte hartzeari». Ikusteko dago iritzi bera izango duen orain. Dena den, haren alderdiko militantziak hartu duen erabakia argia da: «Sanchez presidente egiteko, beharrezkoa da betorik gabeko taldeen akordio integral eta programatiko bat lortzea, koalizioko indarrek botoen araberako ordezkaritza proportzionala izanik», zioen gehienek bozkatu duten erantzunak. Betoa onartu, ala botoak lehenetsi.

Apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi zituen Sanchezek: 123 diputatu ditu kongresuan. Halere, talderen baten babesa behar du gobernua osatzeko. Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara itxarotea erabaki zuen jarduneko presidenteak, baina orduan ere ez zen ezer askorik argitu. Ciudadanos alderdiari egin zion presioa, baina Albert Riverak ez du inolako asmorik erakutsi gobernuan sartzeko. Sanchezek UPrekin negoziatzeari ekin zion gero, eta asteak eman dituzte Iglesiasek eta biek eztabaidan: jarduneko presidenteak gobernutik kanpo utzi nahi zituen aurrena, baina datozen egunetan adostu beharko dute nolako koalizioa nahi duten, izatekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.