ERCko diputatua

Ruben Wagensberg: «Beti argi egon da auzi erabat politikoa dela»

Justizia Auzitegi Gorenak Tsunami Demokratikoaren buruetako bat izateaz akusatu zuen Ruben Wagensberg ERCko diputatua; erbestean eman ditu azken urteak eta uztailaren 11n itzuli zen. Salatu du euren aurkako frogak «inolako oinarririk gabeak» zirela.

Ruben Wagensberg. DANI CODINA
Ruben Wagensberg. DANI CODINA
Carme Porta.
Bartzelona
2024ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun

Ruben Wagensberg (Bartzelona, 1986) ERCko diputatua da Kataluniako Parlamentuan 2017tik. Casa nostra, casa vostra kanpainan ekintzaile aritu ondoren iritsi zen horra, migratzaile eta errefuxiatuak hartzearen alde aritu ondoren hain zuzen. Azken urtean, justiziak Tsunami Demokratikoaren buru nagusietako bat izateaz akusatu du; ondorioz, Justizia Auzitegi Gorenak terrorismoa leporatu dio, eta erbestean egon da, Suitzan, uztailaren 11ra arte. Azkenean, egun hartan Kataluniara bueltatu ahal izan zen, Marta Rovirarekin (ERC), Oleguer Serrarekin (Omnium Cultural) eta Jesus Rodriguez kazetariarekin batera.

A zer tsunami pertsonala izan duzun urtarriletik hona.

Tira, lehenago ere hasia zen. Alderdi pertsonalean, ezagutzen nautenek esan didate nabaria zela arlo guztietan. Joan den urteko maiatzean, sekretupeko sumarioa zela eta, hasiak ziren informazioa azpitik pasatzen, baina ez genekien zertaz akusatuko gintuzten. Nolanahi ere, oso kezkatuta geunden, eta segurtasun falta handia genuen. Gero, hauteskunde orokorren ondoren, dena azkartzen hasi zen, justu amnistia legearen berri zabaltzen hasi zirenean.

Gizarte zibilaren protestak kriminalizatu egin dira. Eta, hain justu, zu aktibismotik zatoz eta foruduna zinen.

Uste dut ausaz-edo hautatu gintuztela, ehunka mila pertsonak egindako mobilizazioengatik norbait inputatzeko eta mezu jakin batzuk norbaiti egozteko. Sumarioa irakurriz gero, agerian geratzen da frogak zein ahulak diren: garrantzitsuena zera da, froga eta froga arteko literatura. Badaude kasu entzutetsu batzuk: esaterako, La Directa hedabideko Jesus Rodriguez kazetariarena, zeina mobilizazioak noiz izango diren jakiten saiatzen ari baita, besterik gabe; eta Carles Puigdemont eta Marta Rovira autore intelektualak izateaz akusatu dituzte, sareetan babesik ez emateagatik bakarrik. Auziak ez du ez hanka eta ez buru, baina egunetik egunera gero eta delitu gehiago leporatu dizkigute, azkenean sumarioari sekretua kendu eta terrorismoagatik eta beste delitu batzuengatik inputatu gaituzten arte. Beti argi egon da auzi erabat politikoa dela.

Zergatik erabaki zenuen Suitzara joatea? Espero zenuen justiziak beste zapalkuntza olatu bat abiatuko zuela amnistia legea gorabehera?

Hainbat arrazoi nituen, baina ingurukoek eragin handia izan zuten erabakian. Inguruan presio handia nuen, eta bajan nengoen ordurako, antsietate handia baineukan. Aldentzeko modu bat zen, eta, gainera, herrialde horretan bazeuden kausa bereko beste pertsona batzuk ere; hortaz, modua izango genuen elkarlanean geure burua defendatzeko eta nazioarteko zenbait erakunderekin harremanetan jartzeko. Hasieran uko egin nion alde egiteari, ez bainaiz ezeren errudun. Erabaki ona izan zen, baina askok ez zuten ulertu. Eta, hain zuzen, alde egin nuen egunean Polizia sekretuaren hiru auto neuzkan etxe azpian, kamerak eta guzti. Jazartzen ari zitzaizkidan nabarmen, eta horregatik erabaki nuen joatea.

«Sumarioa irakurriz gero, agerian geratzen da frogak zein ahulak diren: garrantzitsua zera da, froga eta froga arteko literatura»

Uste genuen amnistia legea laster sartuko zela indarrean eta ondo funtzionatuko zuela, baina ez genuen esperantza handirik justiziaren jokabidean. Hala ere, ez genuen espero epaile batzuek jokatu duten bezala jokatzea, eta bereziki auziaren instrukzio epaileak, Manuel Garcia-Castellonek; izan ere, legearen testua idatziz zihoazen heinean —oraindik ez baitzegoen onartua–, delitu jakin batzuk inputatzen zizkigun, inongo lotsarik gabe, nahiz eta legean jaso gabe zeuden. Kronologia hortxe dago idatzia, eta Europako erakunde batzuk ezin sinetsirik zeuden, jada ez baitzen iritzi kontua, baizik eta gu salatzen ari ginen horren froga.

Jazarpen judiziala al da?

Ez naiz espezialista, baina egia da Zigor Kodearen 2015eko aldaketan oinarritu direla: hori ezarri zenetik, posible da Europako Batasunean lehen terrorismotzat joko ez ziren zenbait gertakari politiko halakotzat hartzea. Horri heltzen diote, eta muturreraino eraman. Bistakoa da botere judizialak gerra bat duela Diputatuen Kongresuko gehiengoaren kontra, independentismoaren kontra eta —bidezkoa iruditzen zait hau esatea— gobernu baten kontra, ez baitzaio gustatzen Espainiako Gobernua. Botere banaketa garrantzitsua da, baina botere horietako bat gailendu egiten zaie besteei: epaileak bidal dezake norbait kartzelara, eta hark aplikatzen ditu —edo ez, ikusi dugun bezala— gehiengo parlamentarioak onartutako legeak. Legezko armak erabiltzen dira politika egiteko, eta hori ez dator bat justiziarekin. Gauza bakarra lortzen dute horrela: sistema osoari izen ona kentzea.

Salaketak sistematikoki kriminalizatzen dituztela diozu; hor daude, adibidez, PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataforma eta Martxoaren 8ko protestak. Gehiegikeria judizialak izan dira auzi horietan: eskubideak kentzen ari dira?

Horrek kezkatzen gintuen gehien. Badago jardunbide bat independentismoari eragiten diona eta beste mugimendu zibil batzuetan ere agertzen dena, hala nola klimaren aldekoan, nahiz eta ez duen beti horrenbesteko indarrik. Jardunbide horrek bide eman diezaioke beste mugimendu batzuentzat arriskutsua den jurisprudentzia bati; arriskutsua izan daiteke, adibidez, etxe eskubidearen aldeko mugimenduarentzat edo desobedientzia zibila egiten dutenentzat.

«Jabetzen gara historian etengabe gertatu dela hori: protestan eta mobilizatzen ari dena terrorismoaz akusatzea, justizia erakundeetatik abiatuta»

Guretzat, erbestea eta defentsa modu ona dira sententzia batzuei galga jartzeko, baliteke-eta sententzia horiek oinarri bat sortzea eta beste mugimendu askori ere kalte egitea. Mundu osoan zapaldua izan den jendearekin harremanetan jartzen garenean, jabetzen gara historian etengabe gertatu dela hori: protestan eta mobilizatzen ari dena terrorismoaz akusatzea, justizia erakundeetatik abiatuta.

Bueltatu zarenean, topo egin duzu giro politiko ezegonkor batekin: ez dago gehiengo argirik, itunak egitea zaila da, eta barne gatazka bat dago.

Herritar batzuk oso pozik daude, beste batzuk oso nekatuta, oso erreta, eta zenbaitek zalantzan jarri dute hau garaipen politikoa izan den ere; nire ustez, bai. Eta neke hori, kritika hori, askoz ere nabarmenagoa da sare sozialetan. Azken hilabeteen ondoren, deskonektatu samar nago alderdiaren barne bizitzatik, baina kontu horrek nahigabetu egiten nau, eta gauza bera erakusten du: ziklo hau bukatzear dela, eta egoera zail eta mikatzak sortu direla, baita beste esparru eta alderdi batzuetan ere, eta mugimendu independentistaren barruan ere bai. Aukera hau aprobetxatu behar genuke bide onera etortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.