Ivan Duque beti egon da Kolonbiako Gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak 2016ko irailean lortutako bake akordioaren kontra. Akordioari buruzko plebiszitua egin zuten urte hartako urrian, eta ezezko botoaren aldeko kanpainaren bozeramailea izan zen. Orduz geroztik, baina, bere diskurtsoa baretu du; batez ere azkeneko hilabeteotan: Alvaro Uribe 2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izandakoak sortutako Zentro Demokratikoa alderdiko presidentegaia izan da. Eskuinaren presidentegaiak hauteskundeak irabazi zituen herenegun, eta agindu du «zuzenketak» egingo dizkiola bake akordioari. «Benetako biktimak prozesuaren erdigunean egongo dira, eta egia, justizia eta erreparazioa bermatuko ditugu, eta ez errepikapena». Horrek esan nahi du justizia trantsizionalaren akordioa erreformatzen saiatuko dela.
Ez du lantegi samurra izango, ordea. Batetik, Auzitegi Konstituzionalak hamabi urteetarako blindatu zuelako akordioa. Eta, bestetik, Ordezkarien Ganberan horretarako zailtasunak edukiko dituelako. Duquek, baina, beregandik espero zena ahoratu zuen bere jarraitzaileen aurrean. Inkestek ziotena betez, erraz antzean nagusitu da presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, Gustavo Petro Kolonbia Humanako hautagaiaren aurkako buruz burukoan. Duquek botoen %53,98 bereganatu zituen (10,3 milioi boto), eta Petro ezkerrekoak, %41,81 (8 milioi). Parte hartzea handia izan zen: %53,04. Ezkerreko presidentegai bat aurrenekoz iritsi da bigarren itzulira —1994an ezarri zuten bi itzulien sistema—, baina Kolonbia da oraindik presidente aurrerakoi bat eduki ez duen Latinoamerikako herrialde bakarra.
Eta Duque neoliberalarekin, uribistarekin, AEBen orbitan segituko du herrialdeak. Abuztuaren 7an hartuko du kargua 41 urteko presidente hautetsiak, orduan emango dizkiote Nariño etxeko giltzak, eta bere arerioei Uriberen txotxongilo soil bat ez dela erakusten ahaleginduko da. «Duqueren gobernua izango da», adierazi izan du Duquek berak behin baino gehiagotan. Garaipena ospatzeko festan, hala eta guztiz ere, Uriberen izena sarritan oihukatu zuten Duqueren jarraitzaileek. Presidente ohia ez zegoen han. Bozkatzerakoan esan zuen Duque «berme bat» dela Kolonbia «sozialismo suntsitzailean» eror ez dadin. Izan ere, politika «castrochavistak» egin nahi izatea da Petrori aurpegiratzen ziotena. Hori izan da, hain zuzen, M-19 taldeko gerrillari ohiari egin dioten kritika nagusia.
Gerrillari izandako beste batzuek, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdikoek, bilera eskatu diote Duqueri—ez dira bozetara aurkeztu, argudiatuz ez zegoela baldintza egokirik beste alderdiekin berdintasunez lehiatzeko—. Rodrigo Londoño Timochenko FARCen buruak prentsaurreko bat eginzuen herenegun, eta adierazi zuen Duqueri azaldu nahi diotela zer «ikuspuntu» dutenbake akordioaren ezarpenaz.
Izan ere, bake akordioari aldaketak eginez, gerrillari ohiei kartzela zigor gogorrak ezartzea du asmo Duquek. Eta justizia trantsizionalerako akordioak, aldiz, kutsu «aurrerakoia» dauka, horren bultzatzaile nagusi izandako Juan Carlos Henao Kolonbiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiak BERRIAri duela zenbait aste esan bezala. «Lortuko duena izango da herrialdea hainbat biolentziaren ziklo berri batera eramatea», ohartarazi dio Timochenkok Duqueri. Azkeneko 60 urteotan 220.000 bat hildako eta milioika desplazatu eragin ditu gerrak Kolonbian.
«Soilik» pauso baten faltan
Diskurtso leuna, eraikitzailea darabil orain Duquek. «Ez dut etsairik aitortzen Kolonbian. Ez dut gorrotoz gobernatuko: ez dut gorrotorik, eta ez dut edukiko», esan zuen herenegun. «Denentzako» herrialde bat aldarrikatu zuen, eta «suntsitzera» ez baizik «eraikitzera» deitu. Datozen lau urteetarako zereginen zerrendan, desberdintasun sozialen auzia, ustelkeriarena eta bezerokeriarena agendan gorriz azpimarratuta eduki beharko lituzke Duquek. Horiei aurre egingo diela agindu du. ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin aurreko gobernuak 2017ko otsailean hasitako bake negoziazioei segida ematea tokatuko zaio, gainera.
Eta horiek guztiak gertutik zainduko ditu Petrok. Kiroltasunez onartu du Duqueren garaipena, eta jakinarazi du «oposizioan» egongo dela. «Ez diogu eskatuko ez enbaxadarik, ez ministeriorik», argitu nahi izan zuen, herenegun, 2012tik 2014ra Bogota hiriburuko alkatea izan zenak. Historikoak dira ezkerrak Kolonbian lortutako emaitzak, eta, horregatik, «soilik» Nariñora sartzea geratzen zaiela nabarmendu du.
Hauteskundeen lehen itzulian hirugarren geratutako Sergio Fajardoren bozkatzaileak bereganatzeko ahalegina egin du Petrok azkeneko hiru asteotan, baina Fajardok zuri bozkatzea erabaki zuen. Dena den, datu bat: Duquek lehen itzulian baino 2,7 milioi boto gehiago atera ditu buruz burukoan, eta Petrok, 3,2 milioi gehiago.
Kolonbiak inoiz izan dituen presidente gazteenetan bigarrena da Duque. AEBetan ikasi zuen, eta 2014 eta 2018 artean, Juan Manuel Santos presidentearen bigarren agintaldian, senataria izan zen Kolonbiako Senatuan. Ivan Duque Escobar haren aita ministroa izan zen 1982tik 1986ra.
Bestelako «justizia» bat nahi du
Hauteskundeak erraz irabazi ondoren, Ivan Duque uribista da Kolonbiako presidente hautetsia. Agindu du «zuzenketak» egingo dizkiola bake akordioari. FARCek bilera bat eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu