Kongresuko Ordezkarien Ganberako errepublikanoek uztailaren 11n onartutako nekazaritza lege proposamenak zalaparta eragin du AEBetan. Elikadurara eta nekazaritzara bideratutako aurrekontutik elikagai bonuetarako den dirua nekazaritza politika federaletik at uztea onartu zuten, eta lege egitasmoak Senatuko demokraten haserrea eragin du. Horren arabera, bertan behera geratuko lirateke pobrezian dauden milioika herritarri ematen dizkieten elikagai bonuak, eta asko murriztuko lirateke nekazariek jasotzen dituzten diru laguntzak. Etxe Zuriak legeari betoa jartzeko mehatxua egin du, eta Senatuko demokratak legearen aurka azaldu dira. Batzuen eta besteen proposamenak datorren astean eztabaidatuko dituzte Ordezkarien Ganberan.
Ganbera hori da botere legegilea duena, eta bertan, aldeko 216 boto eta aurkako 208 jaso zituen, elikagai bonuak ezabatzeaz gain, nekazarientzako zuzeneko diru laguntzak asko murrizten dituen 600 orrialdetik gorako lege egitasmoak. Hala, ordezkariek nekazaritza politika federalari zein kontserbazio egitasmoei aldaketak egitea eta nekazarientzako zuzeneko diru laguntzak 26,38 bilioi euro murriztea onartu zuten. Edonola ere, ordura arteko nekazaritza legearen laugarren titulua ezabatzeak sortu du liskar gehien, behartsuentzako elikagai bonuetarako dirua bideratzen zuen puntua, alegia. Izan ere, proposatu duten legeak ez du ezer aipatzen SNAP Elikadurarako Laguntza Osagarriaren Egitasmoaren inguruan, eta azken 40 urteak kontuan izanez gero, lehen aldiz utziko litzateke gai hori lege horretatik kanpo.
Hasieran, nekazaritza politika federaleko aurrekontuen barnean, nekazariei eman beharreko diru laguntzak zeuden, batetik; eta hileko diru sarreren eta familia tamainaren arteko erlazio kalkuluaren arabera hainbat herritarrek elikagaiak eskuratzeko jasotzen dituzten kupoiak, bestetik. Atal osoa behartsuentzako laguntzetara bideratua zegoela esan daiteke. Denborak aurrera egin ahala, ordea, nekazaritzara bideratutako diru laguntzak korporazioei eta norbanako dirudunei ematen hasi ziren, eta elikagai bonuetara bideratutakoak ziren behartsuek jasotzen zituztenak.
Hala, errepublikanoen nahia nekazaritzarako diru laguntzei eustea eta elikagai bonuenak aurrekontutik kanpo uztea litzateke. Gizarte zerbitzuetatik at utzi behar dira laguntza horiek, errepublikanoen arabera, "Gobernuak ez duelako eskubiderik herritarrei dirua lapurtu eta behartsuei ematera behartzeko". Princeton unibertsitateko ekonomia irakasle Paul Krugmanek "hipokritak" izatea leporatu die errepublikanoei, ez zaielako axola "herritarrei dirua lapurtu eta nekazaritza enpresei eta aberatsei ematera behartzea".
Stephen Fincher ordezkari errepublikanoak oso argi du, ordea: "Lanerako prest ez dagoenak ez du jango". Baina Krugman ez dago ados horrekin, ez zaio iruditzen elikagai bonuen onuradunek lanerako gogoa falta dutenik. Kexu da, argumentu horren arabera, ekonomia geldiarazten dutenak lana egin ordez diru laguntzetatik bizi nahi duten herritarrak direla ulertzen delako, eta "krisi ekonomikoaren errua ere behartsuei" egozten zaielako. Eta horri buelta emateko, Moody's Analytics aholkularitza enpresaren datua dakar gogora: horien arabera, elikagai bonuetan gastatutako dolar bakoitzak BPG barne produktu gordinean 1,7 dolarreko igoera eragiten du. Hau da, beharrean dauden familiei laguntzera bideratutako dirua gobernura itzultzen da irabaziak gehituz. Azken datuen arabera, gainera, janaria eskuratzeko kupoiak jasotzen dituzten herritarretatik %80k egiten dute lana.
Horrez gain, Krugmanek dio herrialdearen etorkizunean inbertitzeko modu bat direla elikagai bonuak. Elikadura segurtasun falta gutxituz, irabazi gutxiko familietako haurrak elikatzeko aukera ematen dutelako, eta elikatuta dauden haurrek aukera gehiago dutelako eskolan emaitza hobeak lortzeko, zein etorkizunean arrakastazko heldu emankorrak bihurtzeko. Bere hitzetan, "epe luzerako inbertsioa" izango lirateke, aurrekontuen defizita murrizteko aukera emango lukeen inbertsioa, "etorkizuneko helduak etorkizuneko zerga ordaintzaileak ere izango direlako".
Ordezkarien Ganberako bozketaren ondoren, Kongresua osatzen duten bi ganberen artean datozen hilabeteetan egin beharreko negoziazioak tirabira askokoak izango direla aurreikusten da. Elikagai bonuak bertan behera uztea onartu duen Ordezkarien Ganberaren proposamenaren eta Senatuak onartutakoaren arteko oreka lortu beharko dutelako, eta Senatuaren proposamenak behartsuentzako elikagai laguntza kontuan hartzen duelako. Hori bai, murrizketak eginda.
Lege aldaketa hori gertatu aurretik, joan den maiatzean, elikagai bonuen aurrekontutik ia 3.400 milioi euro murrizteko lege proposamena onartu zuen Senatuak. Iragan ekainaren 20an, berriz, demokratek blokeatu egin zuten Ordezkarien Ganberatik zetorren bost urterako nekazaritza lege proposamen bat, elikagai bonuen programak murrizketa handiak jasango zituelako, 14.450 milioi euro inguru, hain justu. Kontserbadoreak, berriz, kexu ziren elikagai bonuen mekanismoak gastu handiak eragiten dituelako. SNAP egitasmora bideratzen diren diru laguntzak, nekazaritza legearen aurrekontuko %80 dira. Zati hori nekazaritza eta elikadurarako aurrekontutik at uzteko proposamenak eragindako demokraten haserrea baretzeko, errepublikanoek hitz eman dute SNAP egitasmoa finantzatzeko neurri baten bozketa egingo dutela aurrerago. Zehazki, Ordezkarien Ganberako presidente John Boehnerrek adierazi du "geroago" landuko dutela gai hori, baina adierazpenak ez ditu liskarrak baretu.
Atzera egiteko arriskua
Tom Carper senatari demokrataren arabera, Ordezkarien Ganberan aurrera irtendako legea "onartezina da", behar gehien duten herrietan "gosetea saihesteko laguntzak ezabatzen dituelako". Carper kexu da "Ordezkarien Ganberak Senatuan onartutako bi alderdiren arteko akordio zabala bertan behera uzteko asmoa duelako". Bere hitzetan, "behar handiena dutenak babesgabe uzten dituen proposamen ideologiko eta murritzaren alde daude, eta defizita gutxitzeko erreformak onartzea zailtzen dute".
SNAP programa nekazaritza legetik kanpo uzteak azken urteetan landa eremuko eta hirietako herritarren artean egondako aliantza bertan behera geratzea dakar. Orain arteko legeak landa eremuko nekazariei behar besteko babesa ematen zielako, batetik, eta beren elikagai beharrak asetzeko nahikoa irabazi jasotzen ez duten hiri eremuko herritarrak ere babesten zituelako, bestetik. AEBetako zazpi biztanletik batek jasotzen ditu gaur egun SNAP egitasmoko janari kupoiak. Gutxi gorabehera, janaritan gastatzeko 3,20 euro jasotzen dituzte egunean. Azken urteetan asko egin du gora elikagai bonuen onuradunen kopuruak. 2002. urtean 19 milioi lagunek jasotzen zuten laguntza, eta 2009ko krisiaren ondorioz 33 milioira igo zen kopurua; gaur egun 47 milioi inguru dira onuradunak. Ondorioz, AEBek 55,76 bilioi euro bideratuko lituzkete urtero laguntza hori emateko.
Etxe Zuriak, berriz, argi utzi du Barack Obama presidenteak betoa jarriko diola nekazaritza eta elikadura sektoreetako beharrei behar bezala erantzungo ez dien edozein legeri, tartean energia berriztagarrien garapenerako inbertsio handiagoak egin behar direla kontuan hartzeko nabarmenduta. Edonola ere, Ordezkarien Ganberan onartutako lege egitasmoa aztertzeko "behar adina denbora" ez duela jakinarazi du Etxe Zuriak ohar bidez. Landa Koalizioa deituriko alderdiak, berriz, Ordezkarien Ganberari bidalitako eskaera bat zabaldu du Interneten, aipatu lege proposamenaren alde egin izanagatik "haserre" daudela adierazteko, eta bi ganberen arteko prozesutik irtengo den behin betiko testua "justua eta integrala" izan dadila eskatzeko. AEBetako elikadura segurtasunaz gain, berehalako erreformak bermatu ditzala ere eskatu dio alderdiak Ordezkarien Ganberari.
Kongresuak presa du auzi honetan, egungo nekazaritza eta elikadura legeak hilaren 30ean utziko baitio indarrean egoteari, eta ordurako lege proposamen berri bat onartzen ez bada, 1949an egindako legea sartuko da indarrean. Ondorioz, nekazariak presioa egiten ari dira, esnea eta halako oinarrizko produktuek ez dezaten prezio igoerarik izan.
SNAP egitasmoa nekazaritza eta elikadura legetik at uzteak liskarrak eragin baditu ere, janari kupoien auzia lehendik zegoen pil-pilean. Elikagai bonuak zertarako erabiltzen dituzten ikertzen ari da Washington, Nekazaritza Departamentuaren bidez. Errepublikanoen hitzetan, "iruzurrez josita dago programa, eta irizpideak betetzen ez dituzten ehunka lagunek" jasotzen dituzte SNAPen onurak. Nekazaritza Departamentuko idazkari Tom Vilsacken hitzetan, berriz, elikagai bonuen onura jasotzen duten herritarren %8k baino ez dute gizarte laguntza gisa jasotzen. Departamentu bereko idazkariorde Kevin Concannonen hitzetan ere, iruzur tasak baxuak dira, eta «behartsuenen artean behartsuenak» dira onuradunak. "Kasu askotan lanean aritu arren hilabete bukaerara heltzerik ez duten pertsonak dira", dio Concannonek.
Merkatu beltza
New York Post AEBetako egunkariak berri eman duenez, ordea, zenbait onuradunek bonu horiek baliatzen dituzte elikagaiak erosteko, baina eurentzat gorde ordez, Dominikar Errepublikan, Haitin zein Jamaikan dituzten senideei bidaltzen dizkiete. Izan ere, janari kupoiak jasotzen dituzten asko dira etorkinak. Kazetaren arabera, EBT Ondasunen Transferentzia Elektronikorako Txartelaren erabilera ari dira ikertzen, egun horren bidez jasotzen baitituzte beharrean daudenei arlo publikotik bideratzen zaizkien gizarte laguntzak, eligakai bonuak tartean.
Horiek horrela, Nekazaritza eta Elikadura Zerbitzuen Departamentuko bozeramaile batek New York Post -i adierazi dio janaria AEBetan erosten eta kontsumitzen duten familientzat soilik direla gizarte onura horiek, eta estatuak esku hartu behar duela "ezarritako arauak betetzen ez direnean, eta onuradunek EBT txartelarekin erositako elikagaiak atzerrira bidaltzen dituztenean". Espainiako Cato Institutuko ikerlari Michael Tannerrek AEBetako pobrezia ikertzen dihardu, eta haren hitzetan ere, "gizarte ondasunaz abusatzen dute janaria euren herrialdeetara bidaltzen duten etorkinek".
Nekazaritza Departamentuaren ikerketaren arabera, herritar horiek 30 euro inguruko upelak erosten dituzte supermerkatuetan, ondoren 377 eta 1.508 euro arteko balioa duten janariz betetzeko, tartean, arroza, babarrunak, olioa, edo esnea sartuz. Pionner eta Key Food supermerkatuetako zenbait langileren arabera, berriz, bezeroek upelak erosi eta pixkanaka betetzen dituzte, EBT txartelarekin janaria eskuratu ahala. Zenbait etorkinek onartzen dute janaria euren herrialdeetara bidaltzen dutela, baina horietako gehienek diote ez dutela EBT bidez edo elikagai bonuekin lortutakoa bidaltzen, euren diruz erositakoa baizik, "AEBetan janaria gure herrialdeetan baino merkeagoa delako". Mugimendu horietatik dirua ateratzen duten beste batzuk ontziratzaileak lirateke. Dominikar Errepublikara janariz betetako kaxa bat bidaltzeagatik, esaterako, 57 euro inguru kobratzen dituzte.
Ikerketak zurrumurruak eta liskarrak eragin ditu. New York Post egunkariak uztailaren 28ko zenbakian zioenez, etorkinek New Yorketik Dominikar Errepublikara bidaltzen duten janaria merkatu beltzean saltzen dute ondoren hango herritarrek. New Yorkeko zinegotzi Ydanis Rodriguez dominikar jatorrikoa da, eta egunkariaren erreportajea ausarkeriatzat jo du. Rodriguezen ustez, artikulua "asmo txarrekoa" da, eta ziurtatu du New Yorken bizi diren dominikarren gehienek "elikagai bonuak eurekin bizi diren familiako kideentzat" erabiltzen dituztela.
Janari faltarik ez
AEBetako 47 milioi herritarrek janaria lortzeko elikagai bonuen laguntza behar badute ere, badirudi jateko behar beste dutenek ez diotela janariari nahiko garrantzi aitortzen. Izan ere, ingurumena babesteko lanean diharduen Baliabide Naturalen Babeserako Kontseiluak egindako ikerketa baten arabera, AEBetako elikagaien %40 alferrik galtzen da. Urtean 124.400 milioi euro inguru zaborretara botatzearen parekoa litzateke kopuru hori.
Kontseilu horren txostenaren arabera, "batez beste erosten dituzten janari eta edarien laurdenak botatzen dituzte zaborretara AEBetako familiek". Datu horien artean kontuan hartzen da, besteak beste, etxeetan, landetxeetan, biltegi handietan zein eskola jantokietan botatzen den janaria. Horrenbeste elikagai alferrik galtzeko arrazoi gisa, urte askoan janaria merkea eta oparoa izan dela nabarmentzen dute ekintzaileek. "AEBetako herritar askoren aurrekontutik zati txiki bat baino ez da janaritarako; ondorioz, alferrik galtzearen kostua txikiegia da herritar horiek kontzientziatu ahal izateko", azaldu dute.