Kaxmirko bailara idilikoan eta emankorrean egunero zenbatzen dute hildakoren edo desagerturen bat. Aurten, hiru hamarkada beteko dira independentzia aldarrikatzen duen erresistentziak borroka armatuari ekin ziola, eta aurtengoa ere urte beltza izango da haran berdean. JKCCS Jammu eta Kaxmirko Gizarte Zibilaren Koalizioak emandako datuen arabera, 1989tik,75.000 lagun hil dira estatuan, gehienak zibilak, eta desagertutako lagunak 8.000 baino gehiago dira. Mudassir Rashid eta Saqib Bilal gazteak abuztuko egun batean desagertu ziren, erresitentziarekin bat egitea erabaki zuten egun berean, eta euren gorpuak iragan abenduaren 10ean jaso zituzten euren etxeetan. Kaxmirren 586 lagun hil ziren iaz, eguneko bi, tartean 160 zibil, eta, aurten, kopuruak ez dira asko aldatuko. Raashid Maqbool Kaxmirko Unibertsitate Zentraleko akademikoak argi du etorkizuna iragana bezain «lausoa» izango dela: «Gatazka bere horretan da, eta, negoziazio prozesu bat gabe, ez dut irtenbiderako zantzu bakar bat ere ikusten».
Indiako Gobernuak erresistentzia armatuari berunezko urteetan emandako erantzun bortitzak eragin zuzena izan zuen gerrillan, ahulduta egon baita, baina, badirudi azken urteetan sendotzen ari dela mugimendu independentista. Urtero dozenaka gaztek egiten dute bat erresistentzia armatuarekin. Adil Ahmed Dar zen horietako bat. Iragan ostegunean bonbaz betetako auto bat zartarazi zuen militarrak zeramatzan autobus baten aurrean; 42 polizia hil ziren. Al Jazeeraren arabera, jazarpenaren biktima izan zen Dar.
Potentzia nuklearrak
Atentatua azken hiru hamarkadetako latzena izan zen, eta maila diplomatikoan ere izan ditu ondorioak. NBE Nazio Batuen Erakundea bera kezkatuta agertu da egoerarekin. Pakistanen eta Indiaren arteko harremanak tenkatu izanak eragin du kezka, hala nola komunitate musulmanaren kontrako jazarpena areagotu izanak. Indiako hainbat hiritan ere jatorri musulmaneko ikasleek erasoak jasan dituztela salatu dute.
JEM Jaesh-e-Mohammad taldeak hartu zuen bere gain urtarrilaren 14ko atentatua, eta horren ostean etorri da bi potentzia nuklearren arteko talka. Indiak Pakistani leporatu dio atentatuarekin «zerikusi zuzena» izatea, haren hitzetan, ez baitu nahikoa egiten talde armatua amaitzeko. Islamabadek, baina, ukatu egin du hori, eta mehatxua egin dio New Delhiri. Imran Kahn lehen ministroak ohartarazi du gerrarako prest dagoela: «Gure eskuetan dago gerra bat abiatzea, baina ez hura bukatzea. Pakistanek erantzun egingo du». Indiaren balizko erasoaldi batez ari zen lehen ministroa; hala ere, hitz egiteko prest agertu zen, baita ikerketa bat egiteko ere. Indiarentzat, baina, «aitzakiak» baino ez dira eskaintza horiek. Pakistanen eta Indiaren artean hirutan piztu da gerra; 1947an, 1965ean eta 1999an.
Kaleko giroa ere zurruna da. Pulwaman, atentatua izan zen iparraldeko barrutian, etxeratze agindu mugagabea ezarri dute. Srinagar hiriburutik 20 kilometro hegoaldera izan zen erasoa. Indiako Poliziak atentatuaren erantzuleak bilatzeko operazioa abiatu zuen, eta, ekintza militar horretan, bederatzi lagun hil ziren, tartean zibil bat. Segurtasun indarrek ustezko 23 ekintzaile atxilotu dituzte ostegunetik.
Hiru estatutan banatuta
Kaxmirko gatazka kolonialismoaren ondarea da. Indiak eta Pakistanek 1947an lortu zuten independentzia, eta, ordutik, muga batek zatitzen du hamahiru milioi biztanleko bailara; 700 kilometroko banaketa lerroan milaka eta milaka soldadu daude. Indiako zatia Jammu eta Kaxmir estatuak osatzen du, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir (Kaxmir librea), Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam.
Jammu eta Kaxmir estatuan musulmanak dira nagusi, herrialdeko gainontzeko estatuetan ez bezala, non gehiengoa hindua den. Indiak beretzat jotzen du estatua. Islamabadek, aldiz, estatu horren estatusa erreferendum baten bidez erabakitzea aldarrikatzen du, eta, bien bitartean, autodeterminazioa babesten duten herritarrek ez diote utzi protestak egiteari. Indiako armadaren jazarpena, baina, etengabea da; atxiloketak, desagertzeak, bortxaketak, exekuzioak... Duela hamar urte, sei mila hobi komun aurkitu zituzten, eta horietako batean, bi urte geroago, 2.730 hilotz zenbatu zituzten.
Beste urte beltz bat Kaxmirren
Pakistanen eta Indiaren arteko harremana are gehiago tenkatu da aurreko asteko atentatuaren ostean. Hiru hamarkada beteko dira aurten independentzia aldarrikatzeko erresistentzia armatua hasi zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu