Ukrainako Gobernuak eta Donbassko matxinoek beste su-eten bat adostu zuten, Kievek herenegun iluntzean ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Menia datorren astelehenean da indarrean sartzekoa, eta hori mantentzeko asmoa dute gatazka konpontzeari buruzko akordio bat lortzen duten arte. Iraganeko saiakeren porrotek, ordea, zalantzak piztu zituzten azken erabaki hori beteko ote den.
Talde matxinoen arabera, su-etenaz gain, droneak erabiltzeko eta «eremu urbanizatuetan» arma pisutsuak erabiltzeko debekua negoziatu zuten, 450 kilometro luze den gerra frontean zibilak babestea helburu; Ukrainako Gobernuak ez du ezer adierazi erabaki horiei buruz.
Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (ESLA), Ukrainaren eta Errusiaren arteko bilera batean adostu zituzten neurriok, Parisen eta Berlinen «babesarekin». Kieven arabera, menia betetzea gatazkari buruzko akordio politiko bat lortzeko baldintzetako bat da.
Ez hori bakarrik: Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak azken urtean nabarmendu dute Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa mahai beraren inguruan berriz elkartzearen garrantzia, eta su-etenerako akordioak bilkura horretarako oinarria ezarri du. Putin eta Zelenski prest agertu dira aurrez aurre negoziatzeko.
Ukrainako presidenteak herrialdearen ekialdeko gatazka amaitzeko promesa egin zuen kanpainan, eta hainbatetan ziurtatu du bere agintaldiko lehentasunetako bat dela; bada, helburu hori betetzeko neurriak hartzen ari da pixkanaka. Horren erakusle da iragan irailean gertaturikoa: Moskuk eta Kievek 35na preso askatu zituzten, eta bi aldeek aurrerapausotzat jo zuten erabakia.
Bi herrialde horien arteko harremanak 2014an gaiztotu ziren, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuenean, eta jarraian Donbass eskualdean, Ukraina ekialdean, matxino errusiazaleen eta Ukrainako armadaren arteko gerra hasi zenean. Matxino horiek, hain justu, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak aldarrikatu zituzten, eta, harrezkeroztik, borrokan ari dira Kieven soldaduen aurka. Gatazka horretan 13.000 lagun inguru hil dituzte, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Beste saiakera bat
Ukraina ekialdeko gatazka baretzeko ahaleginak lehenago ere egin dira. 2014an sinatu zuten Minskeko Akordioa, bakea helburu. Istiluek jarraitu zutenez, 2015eko otsailaren 12an batu ziren berriro Normandiako Laukoteko herrialdeetako agintariak: Putin, Merkel eta orduan Frantziako eta Ukrainako presidente zirenak, François Hollande eta Petro Poroxenko, hurrenez hurren. Minsk II akordioa sinatu zuten 16 ordu iraun zituen bilera baten ondoren. Itun horretan adostu zituzten, besteak beste, Donetsken eta Luhansken su-etena errespetatzea, arma pisutsuak eremutik erretiratzea eta ESLAren monitoretza, neurri horiek betetzen zirela egiaztatzeko.
Minsk II akordioa sinatu eta astebeteren buruan, Ukrainako presidenteak NBEri kasko urdinak bidaltzeko eskatu zion, «su-etena bermatzeko» argudioarekin. Proposamena ez zen Errusiaren gustokoa izan eta Kievi «bake ituna suntsitu» nahi izatea leporatu zion.
Bi alderdien arteko tentsioek jarraitu egin dute. Su-etena indarrean egonda ere, ez da guztiz bete, eta urraketak egon dira mugan. Esaterako, ESLAk herenegun argitaratutako eguneroko txostenaren arabera, gutxienez 300 aldiz hautsi zuten menia joan den astelehenetik asteartera.
Horrez gain, Minsk II itunean jasotzen ziren Donetsken eta Luhansken egin beharreko hauteskundeak. Akordioa indarrean jarri zen lehen egunean hasi behar ziren bi alderdien arteko elkarrizketak, Ukrainako legearen pean hauteskundeak egiteko. Testuaren arabera, milizia errusiazaleak bi eskualdeetan bozak egin ondoren erretiratuko lirateke.
Dena den, sinatu berri den akordioan, hauteskunde horiek gauzatzea «baldintza batzuren menpe» dagoela dio Ukrainak; horien artean dago, hain zuzen, miliziak bozak baino lehen erretiratzea.
Herritarrak datorren urriaren 25erako daude deituta botoa ematera. Hala ere, gerraren ondorioz bi eskualde horietan bizi ziren herritar asko beste probintzia batzuetara joan dira, eta haietan erregistratu; NBEren arabera, 1,4 milioi pertsonak lekualdatu behar izan dute gatazkaren ondorioz. Hortaz, ezingo lukete hauteskunde horietan bozkatu.
Beste su-eten bat Ukrainan
Matxinoek eta Ukrainako Gobernuak menia bat adostu dute. Kievek jakinarazi duenez, datorren astelehenean sartuko da indarrean. Herrialdearen ekialdean 2014tik dagoen gatazka gehiago baretzeko helburua du itunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu