Hamabi egun bete dira Israelgo Gobernuak eta Hamasek Gazarako sinatutako su etenerako akordioa indarrean sartu zenetik, eta gaur hirugarren preso trukea egiten hasi dira bi aldeek; orain arteko jendetsuena. Izan ere, 2023ko urriaren 7az geroztik bahituta zeuzkan hiru israeldar eta Thailandiako bost herritar utzi ditu aske Palestinako erakunde islamistak, eta, trukean, 110 preso palestinar askatu ditu Israelek ondorengo orduetan. Tel Avivek baieztatu du askatutako bahituak Israelera iritsi direla.
Eta horiek askatzeko moduak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa haserretu du. Aurrena 20 urteko soldadu bat utzi dute aske, Jabalian. Erakunde islamistak antolatutako zeremonia batean parte hartu du militarrak, inguruan milizianoak eta Palestinaren eta Hamasen banderak zituela. Oholtza batera eraman dute, eta aurrean zituenak agurtu ditu handik, Gurutze Gorriaren ibilgailu batean Israelerantz abiatu aurretik.
Ordu batzuk geroago utzi dituzte aske beste zazpiak, Khan Yunisen. Han, baina, ez da zeremoniarik egon, eta bahituek zailtasunak izan dituzte Gurutze Gorriaren ibilgailuetara iristeko, ehunka palestinar zituztelako zain, oihuka. Netanyahuren bulegoak argitaratutako ohar baten arabera, «krudeltasunez» jokatu dute Hamasekoek. Eskatu die bitartekariei «gatibuen segurtasuna» bermatzeko, eta erakunde islamista mehatxatu du: «Gure gatibuei min egitera ausartzen den edonor bere heriotzaren erantzule izango da». Hamasek erantzun dio jendetza horiek «indar mezu bat» transmititzen dutela.
Netanyahuren hitzei erreparatuta, aintzat hartu behar da Israelek 40.000 pertsona baino gehiago hil zituela Gazan 2023ko urriaren 7tik duela bi astera arte, tregoa indarrean sartu zen arte.
Khan Yunisen aske utzi dituzte 2023ko urriaren 7an Gaza inguruan nekazaritzan lanean ari ziren bost thailandiar, eta bi zibil israeldar: 80 urteko gizon bat eta 29 urteko emakume bat. Hain zuzen, azken horren bueltan gertatutakoak eragin du gaurko ezohiko preso trukea. Izan ere, gaurkoa ez zegoen itunean jasota, baina andrazko hori ez askatzea leporatu zion Israelek Hamasi aurreko larunbatean, bigarren trukea egin zutenean; horrenbestez, Gaza iparralderako milaka palestinarren itzulera debekatu zuen Israelek hurrengo egunean, nahiz eta akordioak zehazten zuen egun horretan has zitezkeela bueltatzen.
Horiek horrela, bi aldeak elkarrekin mintzatu ziren igandean, ados jarri ziren, eta hurrengo egunean milaka gazatar zerrendaren iparraldera itzultzen hasi ziren; horren ordainetan heldu da gaurko trukea.
Aske geratzekoak diren preso palestinarrei dagokienez, 32 bizi guztirako zigortuta daude, 48ri beste mota bateko zigorra ezarri zieten, eta 30 adingabeak dira. Preso palestinarren aldeko elkarteek zerrenda kaleratu zuten atzo gauean; gizonezkoak dira den-denak. Aske utziko dituztenean artean dago, esate baterako, Al-Qassam Brigaden, Hamasen adar armatuaren militante Mohammed Abu Warda. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten, 1996an Jerusalemen autobus baten kontra egindako atentatuan parte hartzea egotzita.
Preso palestinarren askatzea, baina, ez da espero bezalakoa izan. Hamasek askatutako bahituekin izandako arazoak direla medio, Israelek 110 preso palestinarrak askatzeko prozesua atzeratu du; eta Euskal Herrian 16:15ak inguru ziren arte ez dira hasi autobusak Olef espetxetik ateratzen. Espetxe hori Zisjordanian dago, eta Israelek du haren agintea. Izan ere, Netanyahuren gobernuak ez du askatzeko operazio hori hasi bitartekariek «segurua» zela baieztatu arte.
Meniaren bigarren fasea
Trukaketan arazoak egon diren arren, menia bide onean doala dirudi. 2023ko urriaren 7ko Israelgo bahituak eta desagertuak askatzeko negoziazioen koordinatzaile Gal Hirschek adierazi duenez, meniaren bigarren faserako negoziazioak «prestatzen ari da gobernua», hala esan dio Israelgo kazetari Barak Ravidi. Hirschek jakinarazi duenez, Netanyahu AEB Ameriketako Estatu Batuetara joatekoa da Donald Trump herrialde horretako presidentearekin biltzeko —ez du zehaztu noiz—. Bada, bilera horren aurretik hasiko omen dira bigarren faserako negoziazioak, kazetari horrek argitaratutakoaren arabera.
Bestalde, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak Jerusalem ekialdean duen bulegoa itxi dute. Hala jakinarazi du Arieh King hiriko alkateordeak, egoitzaren aurrean egindako agerraldi batean. Kontuan hartu behar da NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horretako langileek gaur arteko epea zutela handik alde egiteko, eta horietako batzuk atzo hasi zirela alde egiten; Amman Jordaniako hiriburuan daukaten egoitzara joan ziren. Israelgo Parlamentuak iazko urrian onartutako bi lege ditu oinarri debekuak. 300.000 palestinar inguru bizi dira Jerusalem ekialdean.
Hamar palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian
Israelgo armadak Zisjordania iparraldeko Tamun hiria bonbardatu zuen atzo gauean, eta Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi du gaur goizean hamar pertsona hil direla eraso horren ondorioz. Wafa berri agentziak kaleratu duenez, etxe baten zeuden hildakoak; Israelen arabera, «zelula terrorista bat» zuen helburu erasoak. Aurten, jada, 45 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian, Palestinako iturri ofizialek diotenez.