Beste luzapen bat Londresen

'Brexit'-eko akordioa atzeratzearen alde bozkatu du Komunen Ganberak, hura aurrera eramateko araudia onartu arte. Akordioa gauzatzeko muga data berria urtarrilaren 31 litzateke

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson, Komunen Gaberan eginiko eztabaidan, atzo. JESSICA TAYLOR / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Komunen Ganberak brexit-erako beste luzapen bat eskatzearen alde egin du, Oliver Letwin diputatu independenteak —kontserbadore ohia— aurkeztutako zuzenketak eskatu bezala. Beraz, Erresuma Batuaren irteera gauzatzeko araudia onartu arte ez da irteerarik egongo. Aldeko 322 boto lortu ditu zuzenketak, eta kontrako 306. Ondorioz, Boris Johnson lehen ministroaren gobernuak atzeratu egin du EB Europako Batasunarekin lortutako akordioa onartu edo ez erabakitzeko bozketa. Hilabete amaierarako zegoen aurreikusia Erresuma Batuaren irteera, baina, Benn Legearen arabera, akordioa ez bazen atzo gaueko 00:00etarako onartzen, Johnson legez behartuta zegoen luzapena eskatzera. Hirugarren luzapena izango litzateke, Erresuma Batuak EBtik ateratzeko bideari ekin zionetik. Johnsonek adierazi zuen ez zuela «atzerapenik» negoziatuko: «Txarra da herrialdearentzat, EBrentzat eta demokraziarentzat». Baina, Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek aurreratu zuen Johnsonek gutuna bidaliko ziola, Euskal Herriko 01:00 baino lehen. Kalean, berriz, brexit-aren aurkako manifestariak gailendu ziren.

Komunen Ganbera larunbatez bildu zen atzo, 37 urtean lehen aldiz. Azkena Malvinetako gudaren ondorioz izan zen. Oraingoan, gaia brexit-a izan da, ostegunean EBk eta Erresuma Batuak adostutako irteera onartu edo gaitzesteko, EBko estatu eta gobernuburuek herenegun onartu zutena. Johnsonen gobernuarentzat, ordea, eguna ez zen ondo hasi, Komunen Ganberako presidente John Bercowek bi zuzenketa onartu baitzituen bozketarako. Akordiorik gabeko brexit-a gaitzetsi eta bigarren erreferendum bat egitearen aldekoa lehena, eta akordioaren berrespena atzeratzea eskatzen duena bigarrena, irteera gauzatzeko araudia onartu arte. Horren helburua seguru gisa funtzionatzea da, brexit-erako legea urriaren 31rako onartzen ez bada, Erresuma Batua akordiorik gabe ez irteteko.

Azken horrek gehiengoa lortu zuen ganberan, eta, beraz, Erresuma Batuaren irteera atzeratzera behartu du gobernua. Boris Johnsonek bozketari entzungor egingo ziola azpimarratu zuen, eta ez zuela EBri luzapenik eskatzeko asmorik: «Lehen ministro kargua hartu nuenetik adierazi dut brexit-a urriaren 31n gauzatu behar dugula, herrialdeak aurrera jarraitzeko. Atzerapenik ez izateko nahiak bere horretan jarraitzen du. Posible den guztia egiten jarraituko dut brexit-a urriaren 31n gerta dadin». Halere, lehen ministroa Tuski gutuna bidaltzekoa zen, azken horren hitzetan. Hori bai, desadostasuna agerian utzita.

Izan ere, urtarrilaren 31ra arteko atzerapena eskatzera behartua dago lehen ministroa, legearen arabera.

Aurretik, oposiziotik eman zioten abisua. Alderdi Laboristako buru Jeremy Corbynek legea betetzeko beharra gogoratu zion, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko bozeramaile Ian Blackfordek esan zion egin ezean epaileen aurrean amai zezakeela.

Europako Batasunari luzapena eskatzeko atzo gauerdirako—01:00 Euskal Herrian— epea zuen Johnsonek. Hura onartzea, ordea, batasunaren esku dago: onartu, atzera bota edo beste muga data bat ezar dezake. Gainera, estatu kide guztiek onartu beharko lukete erabakia, Irlandako Errepublikako Leo Varadkarrek gogoratu duen bezala. Gutuna eskuetan, batasuneko 27 estatu eta gobernuburuekin elkarrizketa sorta hasiko du Tuskek, luzapena onartu edo ez erabakitzeko.

Luzapena onartzeak ez luke brexit-a urriaren 31rako gauzatzea ezinezko egingo, baina ia. EBk emaniko luzapenaren data irteera gauzatzeko azken eguna litzateke, baina Londresek aurretik egin lezake, beharrezko tramitazioak onartuz gero.

Atzo parlamentuak onartutako zuzenketaren ondorioz, akordioaren nondik norakoa onartzeaz gain—gobernuak atzo egin nahi zuena—, akordio horren xehetasunak Erresuma Batuko legedira egokitu behar ditu, araudi baten bidez. Hori hilabetea amaitu baino lehen egitea zail izango du Johnsonek, tramitazio ugari pasatu beharko dituelako, bai Komunen Ganberan, bai Lordenean. Gainera, oposizioko alderdiek zuzenketak jartzeko aukera dute, epeak luzatzeko.

Horiek horrela, ikusteko dago Johnsonek EBrekin adostutako akordioak nahiko babes duen ganberan, zuzenketaren onarpenak bozketa bertan behera utzi baitu.

Hamasei botoren aldea

Letwinek aurkeztutako zuzenketak 231 laboristaren, DUP Ipar Irlandako unionisten (10), liberal demokraten (19), Aldaketarako Talde Independentearen (5), Alderdi Berdearen (1), Eskoziako SNP (35) eta Galesko Plaid Cymru (4) alderdi independentisten eta 17 diputatu independenteren botoak lortu zituen. Kontserbadoreek (283), berriz, sei diputatu laboristaren eta hamazazpi independenteren babesa besterik ez zuten lortu; 306 guztira. 16 diputatu abstenitu ziren.

Johnsonek lehen ministro ohi Theresa Mayren babesa izan zuen. «Akordiorik gabeko brexit bat saihestu nahi duen orok (akordioaren) alde bozkatu behar du», nabarmendu zuen Mayk. Lehen ministro ohiak bere dimisioa aurkeztu zuen uztailean, Komunen Ganberak berak adostutako akordioa hiru aldiz atzera bota ostean.

Mayk eta Johnsonek adostutako akordioen arteko alde nagusia Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko mugaren ingurukoa da. Azken akordioak «muga gogor bat» ekiditen baitu.

Oposizioaren esanetan, ordea, aurretik bozkatu direnak baino okerragoa da oraingoa. Jeremy Corbyn laboristen buruak azaldu du ulertzen dituela brexit-ak diputatuengan eta herritarrengan «nekea eta frustrazioa» sortzea, baina ezin dutela Johnsonen akordioa onartu: «Besterik gabe, ezin dugu ganberak hiru aldiz atzera bota zuena baino akordio okerrago bat bozkatu».

SNPko Blackfordek akordioak Eskozia «desabantaila ekonomikoan» utziko lukeela azaldu du: «Eskoziaren etorkizuna axola zaion diputatu bakar batek ere ez luke gaur lehen ministroa babestea kontsideratu beharko». Horrez gain, Corbynen hitzak berretsi ditu, akordio berria Mayk adostutakoen azpitik jarriz.

Oso bestelakoak dira DUP Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren arrazoiak. Alderdiko eledun Nigel Doddsen esanetan, Irlandan muga zurrun batez ezartzeak Erresuma Batuko «batasuna ahultzen du».DUPen babesak mantentzen du Johnson gobernuan, bainakasu honetan aurka agertu zaio, eta, bozketaren atzerapena baliatuta, akordioari zuzenketak aurkeztuko dizkiotela gehitu du Doddsek.

Ehunka mila lagun

Alderdi Liberal Demokratak bigarren erreferendum bat eskatu dio Johnsoni, kaleko protestei erreferentzia eginez. «Gaur, ehunka mila lagun daude hor kanpoan, azken hitza herritarren bozak izatea exijitzen. Ez al da egia lehen ministroak euren deia gaitzesten duela? Badakielako aukera emanez gero jendeak akordio txar hau baztertuko duela, eta EBn mantentzea aukeratu», azaldu du Jo Swinson alderdiko buruak.

Londresen eginiko manifestazioan milioi bat lagun elkartu ziren atzo, antolatzaileen arabera, bigarren erreferenduma eskatzeko; Batuta, azken hitzarengatik lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.