Montenegro

Beste lehen ministro bat galdu du Montenegrok, aurtengo bigarrena

Serbiako Eliza Ortodoxoarekin hitzarmen bat egin zuen Dritan Abazovic lehen ministroak, eta akordio horren kontra aurkeztu zuen mozioa oposizioko alderdi nagusiak.

Dritan Abazovic lehen ministro ohia, duela hilabete EBko ordezkariekin egindako bilera batean. BORIS PEJOVIC / EFE
mikel p ansa
2022ko abuztuaren 20a
18:07
Entzun

Urak uhertuta datoz Montenegron, eta etorkizunari zalantzaz begiratzen zaio. Herrialde barruko tentsioak berriro lehertu dira herrialdeko parlamentuan. Bart gauerdian, eztabaida luze baten ostean, Dritan Abazovic lehen ministroak galdu egin zuen konfiantza mozioa: legebiltzarreko 81 parlamentarietatik 50ek eman zuten haren aurkako botoa. DPS Sozialista Demokratikoen Alderdiak hitzeman du, gobernura itzuliz gero, elizarekin izenpetutako akordioa bertan behera utziko duela.

Milo Djukanovic presidentearen esku daude hurrengo urratsak, orain: beste lehen ministro bati gobernua osatzeko proposatu, edo hauteskundeetara deitu ostera. 2020ko abuztuan egin zituzten azkeneko bozak. DPS —horretakoa da Djukanovic presidentea—, hogeita hamar urtean aurreneko aldiz, ez zuen garaipen argi bat lortu, eta oposizioko zenbait alderdik osatu zuten gobernua: Montenegroren Etorkizuna, Bakea da Gure Nazioa eta Erreforma Baturako Ekintza alderdiek 41 diputatu batu, eta gobernua osatzea lortu zuten; 30 diputatu zituen DPSk.

Elizari ondasunak kendu nahian

DPSk Serbiako Eliza Ortodoxoaren pribilegio batzuk mugatzeko asmoa zuen, eta horrek sortu zuen iskanbila herrialdean, 2019an. Talde erlijioso horren ondasunak estatura pasatu nahi zituen alderdiak. Horri buru egiteko, indar serbiazaleak elkartu egin ziren 2020ko hauteskundeetarako; DPSk botoak galdu zituen, eta serbiazaleek lege hori ezeztatu zuten parlamentu berrian.

Zdravko Krivokapic izendatu zuten lehen ministro, 2020ko abenduan, baina ez zion karguari askorik eutsi: hamazazpi hilabete egin zituen agintean, eta aurtengo apirilaren 28an kendu zuten, zentsura mozio baten bidez. Orduan izendatu zuten Dritan Abazovic —lehen ministrorde izan zen Krivokapicen taldean—. Eta lehen ministro berriak, hain justu, Serbiako Eliza Ortodoxoarekin hitzarmen bat egin ostean iritsi da DPSren zentsura mozioa. Apenas ehun egin dituen Abazovicek karguan.

DPSren esanetan, Abazovicek eliza horrekin egin duen akordioak Montenegroren izaera nazionala lausotzen du. Montenegrok 2006an lortu zuen independentzia, eta aspaldikoak dira tentsioak herrialdearen barruan, montenegroar eta serbiar sentitzen direnen artean. DPSren ustez, beraz, Serbiaren eta Errusiaren eragina handituko du Eliza ortodoxo horren alde egiteak.

Krivokapicen Montenegroren Etorkizuna alderdiaren barruan kokatzen da Fronte Demokratikoa mugimendua. Montenegroren independentziaren aurka egin zuten bere garaian, eta ondoren NATOn sartzearen aurka ere bai —2017an erabaki zuten—. 620.000 biztanle ditu herrialdeak, Arabak adina, gutxi gorabehera.

EBn sartzeko prozesua

Dritan Abazovicek, lehen ministro kargua utzi beharko duela jakin ostean, adierazi du ustelkeriaren eta kriminalen aurka egiten saiatu dela, eta horregatik kendu nahi izan dutela kargutik. Gainera, DPSri leporatu dio nazionalismoa hauspotzea, «identitarioen botoak» suspertzeko.

Abazovicek gogorarazi du helburu politiko bat lantzeko duela Montenegrok oraindik. «Eta hori ezingo du inork bakarrik lortu: Montenegro Europako Batasunean sartzea. Baina nazionalismoen, muturrekoen eta finantza influentzia hauekin, zaila bihurtzen da bide hori». Batasuneko kide izateko hautagaietako bat da, eta, ezarritako egutegiaren arabera, 2025erako integratzea espero dute.

DPSk ez ezik, zentro-ezkerreko beste alderdi batek eta bi diputatu serbiazalek ere bat egin dute Abazovic botatzeko mozioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.