«Beste» bosniarrak, justizia noiz iritsiko zain

Bosnian badira beste komunitate txiki batzuk: juduak eta erromaniak, kasurako. Daytongo Akordioak, ordea, bazterrean uzten ditu ordezkaritza politikoko kargu askotatik.

Ricard Gonzalez.
Sarajevo
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Orain 30 urte Bosnia eta Herzegovina artean hasitako gerra lazgarrian, aurrez aurre jarri ziren serbiarren, kroaziarren eta bosniaken —bosniar musulmanen— proiektu politiko nazionalistak. Eta proiektu horiek egokitze aldera, Daytongo Bake Akordioan «herri konstituziogiletzat» jo zituzten etnia horiek, eta kuota sistema bat sortu zuten kargu politikoak elkarren artean banatzeko. Dena dela, mende batzuk lehenagotik baziren herrialde hartan beste komunitate batzuk ere, etnia horiekin identifikatzen ez zirenak, hala nola juduak eta erromaniak —«ijito» ere izenekoak—. Daytongo Akordioak «besteak» deritze, eta bazterrean uzten ditu ordezkaritza politikoko kargu askotatik.

«Konstituzioak eragotzi egiten du presidente erromanirik egotea. Ezin onartuzko diskriminazioa da demokrazia batean», adierazi du erromanien komunitateko buruzagi nabarmen batek, Dervo Sejdic-ek; 60.000 lagunek baino gehiagok osatzen dute, eta arrazismo errotu baten triskantzak pairatu ditu menderik mende. Konstituzioaren arabera, zeina Daytongo Akordioan ere sartua baitago, herrialdeko presidentetza kide anitzeko instituzio bat da, eta ordezkari serbiar batek, ordezkari kroaziar batek eta ordezkari musulman batek osatzen dute, zortzi hilean behin txandakaturik. «Behin baino gehiagotan aurkeztu nizkien nire kexak alderdi politikoei, baina ez zidaten jaramonik egin. Beraz, erabaki nuen auzi eske bat aurkeztea Giza Eskubideen Europako Auzitegian», azaldu du Sejdicek, zeina gizon heldu eta onbera itxurakoa baita.

Sententzia historiko baten bidez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Sejdicen alde ebatzi zuen, eta frogatutzat jo konstituzioak «beste» bosniarrak «diskriminatzen» zituela, eta, hortaz, konstituzioa zuzentzeko eskatu zien agintariei. Hala ere, hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, oinarrizko legeak bere hartan dirau oraindik, gailen diren hiru etnia horietako buruzagi nazionalistek ez dutelako aldatzeko borondaterik. Eta halaxe ari dira nahiz eta Europako Batasunak estu hartu dituen.

400.000 diskriminatu

Juduen komunitate historikoa ere ez zen besoak antxumaturik geratu Daytongo Akordioa baztertzailea zela ikusirik. Komunitate horretako kiderik bikainenetako batek, Jacob Fincik —Suitzako enbaxadore izana—, Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu zuen egoera. Haren argudioak eta Sejdicenak berberak zirenez, gorteak bateratu egin zituen auzi eskaera biak, eta izen hau du auzitegiaren sententzia historikoak: «Sejdic & Finci vs Bosnia eta Herzegovina».

Fincik, 79 urte izanik, indar eta baikortasun miresgarria du. «Espero dut laster aldatuko dela konstituzioa. Eta agian presidentetzarako aurkeztuko naiz. Ez al da Joe Biden ere AEBetako presidente izatera iritsi?», gogorarazi du, irribarrez. Finciren kalkuluen arabera, 1.000 pertsona inguruk osatzen dute juduen komunitatea; Bigarren Mundu Gerra baino lehen, Sarajevoko bost biztanletik bat ere izan ziren. Finci bera ere holokausto hartatik bizirik dirautenetako bat da. Zenbait kalkuluk diotenez, 14.000 judu inguru erail zituzten nazien kontzentrazio esparruetan. «Orain gutxiago gara, baina kopuru horrek bere hartan iraun du urteetan, gazteek ez baitute emigratzen», baieztatu du.

Human Rights Watchen arabera, litekeena da 400.000 lagun inguru izatea konstituzioak diskriminatutakoak; hots, biztanleen %12. Bitxia badirudi ere, horietako gehienak lurraldean gailen diren hiru etnietako batekoak dira, baina gutxiengoa dira beren eskualdean. Daytongo Akordioak bi erakunde azpiestatal sortu zituen, erregimen autonomikodunak: Serbiako Errepublika, eta Bosnia eta Herzegovinako Federazioa, batik bat biztanle kroaziarrak eta bosniakak dituena. Esate baterako, Serbiako Errepublikan, 150.000 bosniak inguru bizi dira, baina legez ezin dute izan erakunde horren ordezkari izateko asmorik; eskumen hori serbiarrei dagokie, gehiengoa baitira han.

Sistemak diskriminatu egiten ditu, halaber, beren burua hiru talde gailen horietako bateko kidetzat identifikatzeari uko egiten dioten bosniarrak; Azra Zornic, adibidez. «Ni herritar bosniar bat baino ez naiz», dio abokatu horrek, urteetan Bosniako Auzitegi Konstituzionaleko lege kontseilari jardundakoak. Zornicek ere Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo behar izan zuen bere eskubideak defendatzera, eta aldeko sententzia bat lortu zuen 2014an.

«Gaur egungo sistema ez da demokratikoa, eta ez du zentzurik. Pentsa ezkontza mistoetako haurrengan. Zergatik aukeratu behar dute aitaren herritartasuna edo amaren herritartasuna?», galdetu du. Zornicen ustez, sistemak betikotu egiten ditu logika sektarioak eta alderdi politiko nazionalistek instituzioen gainean duten kontrola, eta horrek ustelkeria arazo larriak ekarri ditu. Talde horien arteko eztabaida mingotsek, sarritan, blokeatu egiten dute erabakiak hartzea, eta horrek kalte egiten dio Balkanetako herrialde horren garapenari, non %23 baita gazteen langabezia tasa. Eta horren ondorioak batzuek zein «besteek» jasaten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.