nuria franco guillen
Politologoa. Analisia

Berriz hastea eta egokitzea

2024ko irailaren 10a
05:05
Entzun

Uztailaren 10ean hamalau urte bete ziren Omnium Cultural erakundeak manifestazioa egin zuenetik Som una nació. Nosaltres decidim lelopean. Egun hartan 1,1 milioi lagun bildu ziren —hala zenbatu zuen Udaltzaingoak—, Konstituzio Auzitegiak emandako sententzia gaitzesteko; izan ere, sententzia hartan, murriztu ez ezik, auzitegiak modu mugatzailean berrinterpretatu zituen Kataluniako Autonomia Estatutu erreformatu berriko artikuluen parterik nabarmenenak. Norbanako eta instituzio askok manifestazio hura jotzen dute Kataluniako prozesuaren abiaburutzat: aurrez inoiz antolatu ez zen bezalako manifestazio independentista bat, ezaugarri izan zuena orotariko eragile politikoak inplikatu izana, baita gizarte zibila ere, zeinak modu masiboan parte hartu baitzuen gerora Kataluniako Diada nazionala zela-eta irailaren 11rako antolatu ziren mobilizazio guzti-guztietan.

2023an, berriz, 100.000 pertsona pasatxok parte hartu zuten, udaltzainen arabera; inolako zerikusirik ez 2014ko Via Catalanarekin —orduko hartan milioi bat eta erdi lagun atera baitziren kalera—, eta inork ez du espero 2024ko Diadan joera hori aldatuko denik, kontuan izanik, gainera, Kataluniako lurralde osoan ospatuko dutela, modu deszentralizatuan. Hori gutxi ez, eta aurten, Kataluniako azken urteetako historian lehen aldiz, gobernuan inolako indar subiranistarik ez dela egingo da Diada. Askok esan dute hauxe dela Kataluniako prozesuaren akabera.

Agerikoa da, baiki, katalanek gero eta interes txikiagoa dutela: herri mobilizazioa apalduz-apalduz joan da, eta, horrez gainera, indar independentistek botoak galdu dituzte, ERCk nabarmen. Independentismoaren proiektua jada ez zaie lehen bezain sinesgarria egiten herritarrei, eta, hein batean, horren ondorio da hauteskundeetako gainbehera. Alhora-k —jarrera oso irmoko talde independentista bat, Clara Ponsati amabitxi duena— emaitza barregarria izan du, inolako zerikusirik izan ez duena bere garaiko hiru diputatu haiekin, zeren haiek modua eman baitzioten Solidaritat-en gisako nitxo alderdi bati independentzia finkatzeko Kataluniako agenda politikoaren buru-buruan.

Bestalde, jendea prozesuaz zeinen nazkatuta dagoen erakusten du, orobat, Ciudadanosek bozetan sufritu zuen suntsipen erabatekoak ere, alderdi hura Kataluniako prozesua amaiarazteko sortu baitzuten hain justu ere. Independentismoak, gainera, gero eta kohesio txikiagoa du. Omnium Cultural da salbuespena, baina 2022an beren desadostasun ideologikoak bazter samarrean uzteko gai izan ziren alderdi eta entitate haiek guztiak elkarrengandik urrun daude orain, eta, hori gutxi balitz bezala, nahikoa lan dute norberaren lidergo krisiak eta barne zatiketak konpontzen. Kataluniako Parlamentuan, gainera, kide berri eta deseroso bat sartu da: alderdi independentista identitario eta arrazista bat, Aliantza Katalana.

Horrek bi gauza jarri ditu ageri-agerian: batetik, batzuok bagenekien bezala, nazionalismoa ez dela gai bat, baizik hauteskundeetan lehiatzeko ardatz bat, ezkerra-eskuina ardatza zeharka ebakitzen duena; bestetik, prozesua ezagutzen genuen moduan behintzat bukatu izanak modua eman digula gizarte gisa geure burua eguneratzeko Europan azken urteetan eztabaidatu diren gai batzuei dagokienez: immigrazioa eta integrazioa, generoa eta aniztasun sexuala, zergak eta aberastasuna, klima aldaketa. Indar subiranistek, beren burua berriz osatzeko erronkaz gainera, desafio hauxe dute: ulertzea betidanik eduki duten aniztasun ideologiko horri heldu behar diotela, baita adostu ere zein duten oinarri soziala, hau da, zein den —eta zein ez den— nazioa eraikitzeko beren proiektu horren parte.

Indar subiranistek, beren burua berriz osatzeko erronkaz gainera, desafio hauxe dute: ulertzea betidanik eduki duten aniztasun ideologiko horri heldu behar diotela, baita adostu ere zein duten oinarri soziala

Aldi berean, hala Katalunian nola Espainiako Estatuan garai berri bat hasi da, berezigarri duena Kataluniako prozesuaren azken astinaldietako bat —amnistia legearen ezarpena, alegia—, baina batez ere hauxe: batetik, gobernabidea bi maila horietan baldintzatuta dago, indar independentistak ahuldurik eta elkarrengandik urrundurik daudenez gero; bestetik, oposizioa oso urrun dago erdigunea-periferia auzietatik.

Erdiguneari dagokionez, zaila da imajinatzea ez dela egongo periferien aldeko edozein eskumenen edo negoziazioren kontrako manifestaziorik. Katalunian, Salvador Illaren PSC alderdia bera bakarrik egongo da gobernuan, hauteskundeak irabazita nola-eta tabula rasa egitean eta agenda berriz ere politika publiko materialean ardaztean oinarritutako kanpaina bat eginez.

Baina, Illa presidentea eta haren taldea «berriz hasten» hasi orduko, konturatuko dira ezen, ezagutzen genuen Kataluniako prozesu hura atzerabidean dagoen arren, dinosauroa hortxe dagoela oraindik, edo haren eskeletoa bai behintzat. Eta dinosauro hori, hain zuzen, nire ustez Katalunian jada egiturazkoak diren baldintza batzuek osatzen dute, prozesua bideratzen nabarmen lagundu zuten baldintza batzuek.

Eskumenak mugatuak izatea —orain, Zapateroren garaian ez bezala, 2010eko sententziak zedarritzen du muga hori—, Kataluniak —eta gainerako erkidego autonomoek— estatuaren erabakietan ezin parte hartzea, Rodalies-en ez inbertitzea, Madrilgo gobernuak aurrekontuetan onartutako inbertsioak ez egitea, eta katalan hizkuntza hain ahul egotea: faktore horiek guztiak baziren jada 2010eko sententziak piztutako metxaren sarearen parte, eta ez dira hobetu azken hamalau urteetan, baina aurrerantzean ere eragingo diote katalanen eguneroko bizimoduari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.