Berriz hasi dira liskarrak Haitin, AEEk bozetako iruzurra berretsi ondotik

Hirugarren hautagaiak, Martellyk, bigarren itzulian behar lukeela dio Ameriketako Estatuen Erakundeak

mikel rodriguez
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Haiti iazko lurrikararen eta kolera epidemiaren ondorio lazgarriak sufritzen ari dela, azaroko hauteskundeen ondorengo egoera politiko gatazkatsuak are ezegonkorrago bihurtu du herrialdeko bizimodua. Azken txinparta AEE Ameriketako Estatuen Erakundearen txostenak sortu du. Azaroaren 28ko hauteskundeen ondotik, oposizioak salatu zuen Jude Celestin hautagai ofizialistaren aldeko iruzurra egon zela bozetan. AEEk iruzurra berretsi du, eta adierazi du Celestinen ordez Michel Martelly hautagaiak egon beharko lukeela hauteskundeen bigarren itzulian. Port-au-Prince hiriburuan liskarrak berriz hasi dira, eta atzo Poliziak hamahiru lagun atxilotu zituen. Radio Metropole irrati kateak hildako baten berri eman du, baina iturri ofizialek ez dute hori berretsi.

Hauteskundeak egin eta berehala egin zituen oposizioak iruzur salaketak. Rene Preval jarduneko presidentearen alderdiko hautagai Celestinen mesederako irregulartasunak izan zirela salatu zuten gainerako hautagai gehienek, eta herrialdeko hiri nagusietan protesta ugari lehertu ziren. Lehenbiziko itzuliko emaitzak abenduaren 7an jakinarazi zituen Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak. Horien arabera, Mirlande Manigat oposizioko kide nagusia izan zen irabazlea, bozen %31rekin. Haren gibeletik gelditu zen Jude Celestin, botoen %22rekin, eta hirugarren, berriz, Martelly izan zen, ia %22rekin. Bigarren itzulira, beraz, Manigat eta Celestin igaro ziren.

Emaitzak jakinarazi ondoren, ordea, protesta gehiago sortu ziren, Martellyren aldekoek ez zituztelako emaitzak onartu. Istilu horietan lau lagun hil ziren, iturri ofizialen arabera. Liskarren larritasunaren eraginez, Haitiko Gobernuak eta Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak emaitzak berrikustea onartu zuten. AEEko batzorde bat arduratu da lan horretaz, eta atzo jakinarazi zizkion gobernuari emaitzak.

AEEn zenbaketaren arabera, Manigat da lehenbiziko itzuliko irabazlea, 323.048 botorekin. Lehen zenbaketan baino 13.830 boto gutxiago eman dizkio. Bigarrena, berriz, Martelly da, 227.467 botorekin, eta hirugarrena Celestin, 224.242rekin. AEEk, beraz, Celestinek baino 3.225 boto gehiago eman dizkio Martellyri.

Txostena jaso ondoren, ikusteko dago Haitiko Gobernuak eta Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak hartuko duten jarrera. AEEk errandakoa kontuan hartuz gero, Prevalen ildoa presidentetzarako lehiatik at geldituko litzateke. Martellyren ordezkari Gervais Charles abokatuaktxostena onartzeko eskatu dio Behin-behineko Hauteskunde Batzordeari. Erakunde horrek Ā«beharrezko zuzenketakĀ» egin behar dituela erran du Charlesek. Batzordeak adierazi du txostena aztertzeko prest dagoela, baina gobernuak oraindik haren berri ez diola eman zehaztu du. Bigarren itzulia bihar zen egitekoa, baina atzeratu egin dute. Haitiko Konstituzioaren arabera, heldu den otsailaren 7an hasi beharko litzateke presidentetza berria.

3.790 hil dira koleragatik

Gatazka politikoak bezala, kolera epidemiak ere, oraingoz, ez du konponbiderik. Haitiko Osasun Publiko eta Biztanleria Ministerioaren azken datuen arabera, 3.790 lagun hil dira. 101.016 lagunek senda-agiria jaso dutela jakinarazi du erakundeak, eta eritasuna harrapatu dutenen artean heriotza tasa %2koa dela dio. Dominikar Errepublikan, berriz, kolerak hildakorik ez da egon datu ofizialen arabera, baina 154 lagun kutsatu dira. NBEk jakinarazi du kolera epidemiari aurre egiteko eskatutako 174 milioi dolarretatik 47,2 milioi jaso dituela oraingoz, hau da, eskatutakoaren %27.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.