Berriz ekiteko Diada bat

Mobilizatuta segitzeko eskatu diete entitateek herritarrei, Diadako manifestazioetan. «Elkar gaitzestearen fasea» bukatzera deitu du Omniumek.

Milaka herritar, gaur, Bartzelonan Diada egunez egindako mobilizazioan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Milaka herritar, gaur, Bartzelonan Diada egunez egindako mobilizazioan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
Bartzelona
2024ko irailaren 11
21:00
Entzun

Aurtengo Diadako mobilizazioen lelo nagusia Tornem als carrers izan da. Entitate sozial independentistek eskatu diete herritarrei kalera ateratzeko berriro, eta keinu bat egin diote, horrenbestez, Kataluniako prozesu subiranistaren garai gorenean, duela sei-zortzi urte, independentziaren aldeko manifestazioetan kantatzen zen Els carrers seran sempre nostres (Kaleak beti izango dira gureak) leloari. Dena den, gaur, Kataluniako egun nazionalean, Xavier Antich Omnium Culturalen presidenteak ohartarazpen bat egin du agerraldi batean: «Ez gaude hemen nostalgia elikatzeko. Ulertu behar dugu ez gaudela 2017an, 2024an baizik». 2017an, urriaren 1eko erreferendumaren atarian, milioi bat lagun inguruk parte hartu zuten Diadako mobilizazioan; gaur, Bartzelonan, 60.000 inguruk, Udaltzaingoaren arabera, Frantziako tren geltokiaren eta Garaipen Arkuaren arteko ibilbidean. Handia da aldea, nahiz eta Gironan, Lleidan, Tarragonan eta Tortosan ere egin dituzten aurten manifestazioak —orotara, 75.000 manifestari inguru—. Zenbakiak gorabehera, Antichek nabarmendu du independentismoak ez duela «amore eman», ez duela emango, eta «elkar gaitzestearen fasea» bukatzera deitu du; zuzenean aipatu gabe, baina, batez ere, Junts eta ERC Esquerra Republicana kritikatuz. Finean, berriro ekiteko eskatu die independentistei.

Diadako mobilizazioak

Eta Rosa Vallespinek (Premia de Mar, Katalunia, 73 urte), adibidez, uste du ulertu duela mezua, badakiela zertara joan den Bartzelonako mobilizaziora, ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak, besteak beste, elkarrekin antolatutakora: «Ikus dezaten ez dugula atzera egin; erakusteko oraindik hemen gaudela». Eta bai, independentistak oso presente daude Katalunian: Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroaren azken barometroaren arabera —uztailean kaleratu zuen—, herritarren %40 daude independentziaren alde. Baina 40 urteren ondoren, subiranismoak gehiengoa galdu du aurten parlamentuan, eta testuinguru horretan egin dira gaurko manifestazioak.

«Begira, komertziala naiz. Katalunia osoan bidaiatzen ari naiz, eta esan diezazuket inongo independentistak ez diola utzi kide izateari», azpimarratu nahi izan du Jordi Solak (Mataro, Katalunia, 59 urte). Iruditzen zaio, bide batez, alderdiekiko sentitutako etsipenak bultzatu zuela maiatzean egindako Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan abstentzioa handia izatea: %42koa. Orduan, 2017ko bozen aldean, 800.000 boto galdu zituzten alderdi independentistek. «Lanak bukatu» behar direlakoan dago. Hain justu, hitz horiek erabilita asmo hori zuela jakinarazi zuen Marta Rovira ERCren idazkari nagusiak aurreko uztailean, sei urteko erbestealditik itzultzean. Barre etsia egin du Solak. «Edo herriak bukatzen du, edo ez du inork bukatuko».

(ID_14246998) ESPAÑA DIADA CATALUÑA
Aragonesen eta Illaren aurkako kartel bat, gaur, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE

Alex Vallesek (Terrassa, Katalunia, 33) ez du hain argi ikusten. «Herritarrek ikusten badute haiek bakarrik tira egiten diotela gurdiari, hau ez doa inora». Behin prozesu subiranistaren fase bat, gutxienez, amaituta, eta parlamentuan gehiengoa galduta, alderdiei dagokie etorkizuneko beren bide orriak eguneratzea. CUPek, Juntsek eta ERCk kongresuak dituzte datozen asteetan; irailaren 21ean, urriaren 25, 26 eta 27an, eta azaroaren 30ean, hurrenez hurren.

«Kontzientziazioa»

2012an hasi ziren egiten Diadako mobilizazioak. Bi gertaerak bultzatu zituzten. Batetik, 2010ean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak murriztu egin zuen 2006an galdeketa bidez onartutako Kataluniako estatutu berria. Bestetik, 2012an bertan, Madrilek —PP zegoen orduan gobernuan— atea itxi zion Artur Mas Generalitateko presidenteak, parlamentuaren oniritziarekin, proposatutako zerga itunari.

ERCk eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak uztail amaieran adostutako Kataluniarentzako finantzaketa eredu propioa Masek aurkezturikoaren oso-oso antzekoa da, adituek diotenez. Eta aurtengo mobilizazioan antolatzaileek mahai gainean jarri nahi izan dituzte Espainiako Estatuaren barruan egoteagatik Kataluniak pairatzen dituen «bidegabekeriak», eta uste dute horiek harreman zuzena dutela jasaten duen «espoliatzearekin».

«Herritarrek ikusten badute haiek bakarrik tira egiten diotela gurdiari, hau ez doa inora»

ALEX VALLESKataluniako herritarra

Hori aintzat hartuta, «kontzientziazio lanean» arreta jarri behar delakoan dago Joaquim Reina (Mataro, Katalunia, 42 urte). «Baina bueno, errealista ere banaiz...». Manifestazioa hasi aurretik, Garaipenaren Arkuaren zabalguneko aldeetako batean dago, zuhaitzen gerizpean —eguzkipean bero egin du Bartzelonan— bikotekidea erostear den enpanadilla argentinar bat jateko pronto. Zeren, Diadako manifestazioak azoka ere bihurtzen dira. Zabalgune horretako bi aldeak, goitik behera, postuz beteta egon dira, zernahi erosteko, tokikoa produktua izan ala ez: likoreak, olibak, almendrak, galtzerdiak, gazta, diskoak, laranja zukua... «Hemen denetarik dago!», esan du pertsona batek pasieran ari zela, liluratuta bezala harrituta. Baita, noski, independentismoarekin lotutako merchandising-a ere. Kaleko saltzaileak ere aritzen dira Diadan esteladak saltzen, nahiz eta horietako batek behintzat hobe luke zenbakien ordena aldatzea eskaintza egitean. «Bi, bosten prezioan!». Lapsus linguae bat, zer bestela.

Illaren «pluraltasuna»

Lluis Llach ANCren presidenteak ERC kritikatu du mobilizazioen atarian eman dituen elkarrizketetan: azken urteetan izan duen estrategiagatik, eta, azkenean, Salvador Illa PSCkoa Generalitateko presidente izateari bide emateagatik. Eta gaurko manifestazioetan ikus zitezkeen ERCren aurkako mezu batzuk, bai; pertsona batek, adibidez, hau idatzia zuen kartel bat zeraman: Nahikoa da, jatunak. ERCk bere burua saldu du. Nolanahi ere, Nacio Digital agerkariak jaso duenez, Juntsen eta ERCren, bien, aurkako oihu batzuk ere entzun dira, biei ohartaraziz herritarren pazientzia bukatu dela.

Illa, aldiz, ez da manifestazioan egon. 2012az geroztik, Artur Mas (2012-2015) ez beste Generalitateko presidente guztiek parte hartu dute Diadako mobilizazioetan: Carles Puigdemontek (2016an eta 2017an), Quim Torrak (2018an eta 2019an) eta Pere Aragonesek (2021ean eta 2023an; 2022an, ez). Baina Illa ez da independentista. Hori bai, Diaden bezperan Generalitateko presidenteari dagokion mezu instituzionala plazaratu zuen atzo Generalitateko jauregitik, eta hori baliatu, ohikoa duen ildoan, Kataluniaren «aniztasuna» eta «pluraltasuna» aldarrikatzeko. «Kataluniar guztiona da Diada».

Merce Vigerren (Bartzelona, 71) ustez, Illa da «Katalunian [Espainiako Konstituzioaren] 155. artikulua ezartzea bultzatu zuena». Orain, ordea, hura da presidentea. Vigerrek baikorra izan nahi du: «Independentismoa berpiztu zen frankismoaren ondoren, eta orain ere berpiztuko da». Marian Subiratsek (Bartzelona, 53) pentsatzen du «lider bat» behar dela. «Hau guztia ezin da herritarron bizkar utzi; geure betebeharrak dauzkagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.