AEBetako hauteskundeak

Donald Trump: Berriro egin nahi du

Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia da Trump. 2016ko bozak irabazi zituen, eta AEBetako presidente izan zen 2021era arte; orduan bezala, etorkinen aurkako mezuekin eta herrialdeko ekonomia sendotzeko promesekin bete du kanpaina.

Donald Trump. ERIK S. LESSER / EFE
Donald Trump. ERIK S. LESSER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Etxe Zuriko maizterra izan zen, eta hara itzuli nahi du. 2017 eta 2021 artean izan zen AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald John Trump (New York, AEB, 1946); hurrengo hauteskundeetan, ordea, Joe Bidenek garaitu zuen. Ez zuen porrota onartu, baina Etxe Zuria utzi behar izan zuen. Orain, hirugarrenez da Alderdi Errepublikanoko presidentegai.

Make America great again (Egin Amerika berriro handi) leloarekin iritsi zen 2017an presidente kargura. Mezu bera erabili zuen 2020ko bozetan eta, aurten ere, AEBak «handi egitera» itzuli nahi du. Irabaziz gero, promes egin du inflazioa murriztu eta prezioak «eskuragarri» egingo dituela berriz, baita AEBetako hiriak lehen bezain «seguruak, garbiak eta politak» bihurtuko dituela ere.

Hautagai errepublikanoak ez dio alor guztietan iraganari begiratu. Inoiz egin gabekoak ere agindu ditu. Hala nola AEBen «historiako deportaziorik handiena» aurrera eramango duela ziurtatu du. Etorkinak begitan ditu Trumpek. 2016ko bozetarako kanpainan, etengabe errepikatu zuen AEBen eta Mexikoren artean harresi erraldoi bat eraikiko zuela. Bere agintaldian zati batzuk eraiki bazituen ere, ez zuen inondik inora ere bete agindutakoa. Aurten, berriro ere kanpainaren erdigunean jarri ditu immigranteak. Etxe Zurira iritsiz gero, «inbasioa» geldituko duela agindu du. Horixe du bere programan aurkeztu dituen hogei aginduetan lehena.

«Kanpokoari» sartzen ez uztea da Trumpen kanpainaren ardatz nagusia. Ez, soilik, pertsonei dagokienez, baita ekonomiari dagokionez ere. Agindu du munduko energia ekoizpenaren «menderatzaile» egingo duela herrialdea, baita deslokalizazioa geldiaraziko duela eta dolarrak munduko erreserbetako dibisa nagusia izaten jarraituko duela ere.

Presidente ohiak mitinak show bihurtu ditu. Iragan igandean, musika izarrik handienen gisan, New Yorkeko Madison Square Garden pabiloia bete zuen. Mitin hartan oholtzara igo zituen bere aldeko zenbait ospetsu: besteak beste, Elon Musk enpresaria, eta Tony Hinchcliffe umorista, Puerto Rico «zaborrezko irla» gisa definitu zuena.

Auzibideak, zabalik

Urrutitik ere babesten dute Trump; jakina da Vladimir Putin Errusiako presidentearekin ondo moldatzen dela. Bozak irabaziz gero, ikusteko dago zer jarrera hartuko duen Ukrainako gerrarekiko. Presidentegaiak agindu du «Hirugarren Mundu Gerra» eragotziko duela eta «bakea» eramango duela Europara zein Ekialde Hurbilera.

Presidentegai errepublikanoak bere herrialdean bertan ditu gatazkak. Maiatzaren 31n, Trump 34 deliturengatik kondenatu zuten porno aktore bati ordaintzeagatik, esan ez zezan hogei urte lehenago harremanak izan zituztela. Oraindik, ordea, ez dute zigorraren berri eman. Egun, hautagai errepublikanoaren aurkako beste hiru zigor auzibide daude zabalik: egozten diote 2021eko Kapitolioaren aurkako matxinadaren erantzulea izatea; Etxe Zuria utzi zuenean sekretupeko dokumentuak baimenik gabe eramatea; eta 2020ko hauteskundeen emaitzan esku hartzen saiatzea. Bozak irabaziko balitu, litekeena da kasu guztiak atzeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.