Berriro egin du porrot Montenegroren aurkako zentsura mozioak

Hamalau diputatuk babestu dute Alderdi Komunistak aurkeztutako mozioa. Konfiantza mozio batera deituko duela jakinarazi du Montenegrok.

Portugalgo lehen ministro Luis Montenegro, gaur, zentsura mozioan. MANUEL DE ALMEIDA / EFE
Portugalgo lehen ministro Luis Montenegro, gaur, zentsura mozioan. MANUEL DE ALMEIDA / EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 5a
20:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Portugalgo Asanbleak bigarrenez baztertu du Luis Montenegro herrialdeko lehen ministroaren aurkako zentsura mozio bat. Espero bezala, hamalau diputatuk babestu dute Alderdi Komunistak planteatutako ekinaldia, 126 abstenitu dira, eta 88k bozkatu dute kontra; hortaz, otsailaren 21ean bezala —orduan Chega eskuin muturrekoak erregistratu zuen zentsura mozioa—, gaur ere parlamentutik onik atera da agintari kontserbadorea, nahiz eta ganbera horretako batzorde bat ikertzekoa den ea karguak eskatzen duen esklusibotasuna urratu duen, egun bere emaztea jabe den enpresa baten bidez.

Hain zuzen, emaztearen auzi horregatik aurkeztu dituzte Montenegroren aurkako zentsura mozioak. Iazko martxoan lehen ministro izendatua izan aurretik, politikan ibilbide luzea egina zuen Montenegrok (52), baina aurreko hamarkadaren amaieran eta honen hasieran abokatu jardun zuen, bazkide batekin batera sortutako bulego batean. Aurrerago, nagusiki aholkularitza ematen duen enpresa bat jarri zuen martxan. Politikaren lehen lerrora itzultzean, ordea, 2022an, enpresaren akzioak Montenegroren emaztearen izenean jarri zituzten; baina egintza nulutzat jotzen da, salerosketa senar-emazteen artean egin zutelako eta irabazpidezko ondasunen erregimenean daudelako. Oposizioak uste du lehen ministroak enpresa horren bidez ere dirua irabazten duela, nahiz eta konstituzioak zehazten duen lehen ministroak ezin duela egin karguari dagokiona ez beste jarduera ordaindurik.

Lehen ministroa azken egunetan errepikatzen ari da ez duela deliturik egin, eta «hutsegite etikorik» ere ez dagoela bere jardunean. Dena den, aurreko larunbatean adierazpen instituzional bat egin zuen, eta iragarri konfiantza mozio batera aurkezteko prest dagoela, baldin eta horrek «egoera argitzeko» balio badu. Eta, gaur, mozio hori aurkeztuko duela iragarri du. Eskaera behin ofizialki aurkeztuta jardun parlamentarioa dagoen hirugarren egunean emango dute botoa; hau da, gaur aurkeztuz gero, astelehenean bozkatuko dute.

PS Alderdi Sozialistak (78 diputatu) adierazi du kontra bozkatuko duela; baita Chegak ere (50 diputatu). Orduan, Montenegro kargugabetuko lukete, AD Aliantza Demokratikoa koalizioa gutxiengoan gobernatzen ari baita: ganberak 230 aulki dauzka, eta ADk 80 diputatu ditu.

Kargugabetuko balute, Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidenteak bi aukera edukiko lituzke: beste indar politiko bati eskatu saiatu dadila gobernua osatzen; edo Asanblea desegin eta hauteskundeetara deitu. Iazko martxoaren 10ean egin zituzten bozak, eta AD (%28,9), PS (%28) eta Chega (%18) indarrek lortu zuten boto gehien.

Aintzat hartu behar da azken hamarkadan bitan aurreratu dituztela hauteskundeak Portugalen: 2022an eta iaz. Azken horretan, Antonio Costa (PS) lehen ministroak dimisioa eman zuen, ikerketapean zegoelako. Argudiatu zuen egoera horretan egotea ez zela «bateragarria karguaren duintasunarekin». Europar Kontseiluko presidentea da abendutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.