Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez BERRIAko kolaboratzaileak aske utzi dituzte Sirian; iazko uztailetik desagertuta zeuden. Angel Sastre kazetaria ere haiekin batera bahitu zuten, eta hura ere aske geratu da. Hirurak onik daude, eta Espainiako Gobernuak hegazkin bat bidali du kazetariak aberriratzeko. Iturri ofizialen arabera, «langile publiko askoren lanari esker» lortu dute kazetariak askatzea.
Iazko uztailaren 12tik ez zuten kazetarien berririk haien gertukoek. Hilaren 10ean sartu ziren Pampliega, Lopez eta Sastre Sirian, Alepo probintzian, Turkiatik muga gurutzatuta. Siriako hedabide batek argitaratu zuenaren arabera, Ahrar al-Xams brigadaren baimenarekin sartu ziren herrialdean. Fronte Islamikoa osatzen duen koalizio islamistako talde armatuetako bat da Ahrar al-Xams. Siriako Gobernuaren aurka borrokatzeko sortu zen Fronte Islamikoa. Hala eta guztiz ere, hedabideek ez zuten zabaldu zein talderen eskuetan zeuden, eta aldarrikapenen baten berririk ere ez zuten eman. Pampliegak eta Lopezek elkarrekin egiten dute lan, eta 2013ko udaberritik hainbat kolaborazio egin dituzte BERRIArekin.
Kazetariak bahituta eduki dituzten inguruan borroka gogorrak izan dira azken hamar hilabeteotan. Hain zuzen ere, atzo gauerdian amaitu zen Alepo hiriko su-etena, baina, Errusiak iragarri duenez, beste 72 orduz luzatu dute, astelehenera arte. Latakia probintziako hainbat eremutan ere luzatu dute menia. Halere, Alepo inguruko herrixketan borrokak gogortu egin dira, eta armada atzera eginarazi dute.
BERRIAko kolaboratzaile Pampliega eta Lopez askatu dituzte Sirian
Alepo probintzian sartu ondotik, iazko uztailean desagertutzat jo zituzten. Turkian daude, Sastrerekin batera, etxera itzultzeko zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu