Berlingo Harresia gainditu ezinik

Berlingo Harresia eraiki zuteneko 50. urtemuga gogorarazi dute Alemanian; bost hamarkadaren ostean, gizartean oraindik ere ez da zilegi auziaz modu arrazionalean eta zabalean eztabaidatzea.

Berlin
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Berlingo Harresia 1961. urteko abuztuaren 13an eraiki zuteneko urteurrenaren ekitaldiak erritu bihurtu dituzte, hein handi batean, eta ez diote argirik ekarriko egia historikoari. Angela Merkel kantzilerrak atzo gogora ekarri zuenez, egun hura ezin da ahaztu «milioika laguni ekarri zion saminagatik». Alemanian, oraindik ere, eragin handia du komunismoaren kontrako diskurtsoak, eta, herrialdea berriro batu zenetik hogei urteren buruan, ez dute lortu zatiketari buruz zabal eztabaidatzerik. «Harresiaren historia behin eta berriro haren amaieratik —eta ez haren hasieratik— azaldu nahi izatea» kritikatu du Hans Fricke idazleak.

Ikuspegi horretatik, Berlingo Harresia eraikitzea autodefentsa egintza bat izan zen, Gerra Hotzaren erdian gertatutakoa, egunetik egunera larriagotzen ari zen giroan: AEBen U2 hegazkinen operazioak, Giron hondartzaren erasoa... Mendebaldeko Berlinen, trinkotu egin zen blokeen arteko gerra hura. Hain zuzen ere, Konrad Adenauer kristau-demokrataren gobernuak sekula ez zituen ezkutatu Ekialdeko Alderdia bakartzeko ahaleginak, hala deitu baitzioten Alemaniako Errepublika Demokratikoari; hamazazpi milioi pertsona bizi ziren orduan han.

Garai hartako politika separatistaren ekarpenak izan ziren: Alemaniako Errepublika Federaleko diruaren erreforma, Lege Oinarrizkoa eta parlamentua osatzea. Bestalde, 1960ko urteen hasiera aldean, areagotu egin ziren estatu sozialistaren kontrako erasoak; batik bat, Mendebaldeko Berlindik egindakoak.

Eraso etengabeak

Fricke adituak eskuin muturreko 117 erakunde aipatzen ditu. Horien artean daude SSko kide izandakoak buru zituzten hainbat talde: Stahlhelm, Kyffhaeuser-Bund eta Verband deutscher Soldaten —soldadu alemaniarren elkartea—; Berlingo gune izandakotik aritu ziren guztiak ere. Egia historikoaren parte da mendebaldean zeharkako koalizio bat egon zela komunismoaren kontrako indar horien eta sozialdemokraziaren artean. Koalizio hartako ordezkari izan zen garai hartan Berlingo alkate zena, Ernst Reuter sozialdemokrata —komunista izandakoa—; «Ekialdeko Alemaniako muinean sartutako makila» deitu zion hiri itxiari.

1950eko urteen amaiera aldera eta 1960ko urteen hasiera aldera, Adenauerren gobernuaren migrazio politika bihurtu zen, hain zuzen, ekonomia sozialistari iraunaraztea eragozteko baliabide nagusi. Testuinguru hartan, mendebaldeko gobernuari —Bonnen zuen egoitza— lagungarri gerta zekiokeen Gerra Hotzean aliatu zituenen babes erabatekoa. 1961eko ekainaren erdialdera arte, Adenauerri 4.500.000 dolar eman zizkioten AEBek, eta 11.100.000 marko aleman Europako Kontseiluko demografia eta migrazio gaietarako batzordeak, zertarako eta ekialdeari langile adituak eta teknikariak kendu ahal izateko.

Brain drain samaldakako bat izan zen. 1961.era arte, Errepublika Federalera 1.500.000 profesional etorri ziren Europa hegoaldeko herrialdeetatik —batik bat, Espainiatik, Greziatik, Italiatik, Portugaldik eta Turkiatik—. Alemaniako estatu bietako ekonomia gazteetan eragin nabarmena izan zuen, onerako zein txarrerako.

Stefan Heym egileak —ekialdeko ahots kritiko bat izan da beti— honako hau ondorioztatu zuen Eraikuntza aleman bat liburuan: «Beraz, andre-jaunok, sozialismoa babestu beharrak sorrarazi zuen harresia». Gerora Alemaniako Errepublika Federaleko presidente Richard von Weizaecker —familia nazi bateko semeak— egin bezala, Heymek ere nabarmendu egin zuen ezinbestekoa zela lotura egitea 1961eko abuztuaren 13aren eta 1933ko urtarrilaren 30aren artean —Adolf Hitlerrek agintea hartu zuenekoa—. Egun, bi gertakariok, ez 1960ko urteen hasiera aldeko egoera politikoa eta ez historian aurrez izandako beste ezein gertakari, ez dira diskurtso ofizialaren parte, harresiari eta ekialdeari dagokienez.

Hasieran, Adenauerren orduko Atzerri estatu idazkari Walter Hallsteinen doktrina zeritzonaren bidez zuritu zituzten, batik bat, ekialdearen kontrako eraso politiko eta fisikoak. Hallstein doktrinak Ekialdeko Alemania estatu subirano gisa ez onartzeko irizpidea ezarri zuen 1955etik 1969ra. Ildo politiko hark ondorio larriak ekarri zituen: 1958an bakarrik, estatu sozialistaren muga erregimenaren kontrako 800 probokazio baino gehiago erregistratu zituzten ekialdeko agintariek. 1959an, 1.425 izan ziren, eta hainbat polizia taldek eta mugako polizia federalek behin eta berriro esku hartu behar izan zuten ekialdearen mugaldeko instalazioen kontrako erasoetan.

'Etxeko muga' hizpide

Probokazioak ikusirik, gero eta handiagoa bihurtu zen borroka armatuaren arriskua. Kontuan izanik, batik bat, 20.000 soldadu hedatu zituztela mendebaldean, eta beste horrenbeste soldadu sobietar, ekialdean.

Hala ere, Hallsteinen doktrinaren ideia nagusiak bere hartan iraun du Alemaniaren gaur egungo historiografian, etxeko mugaz hitz egiten baita oraindik ere. Hain zuzen ere, hitz horrek ez du hartzen harresia estatu bien arteko mugatzat. Hala, eztabaida politiko eta historikoari dagokionez, oraindik ere ez dituzte aintzakotzat hartzen hainbat ahots disidente: hala nola Egon Bahr sozialdemokrata —Willy Brand kantzilerraren aholkulari izandakoa atzerri gaietan—. «Ezinukatu dugu harresia izan zela ekialdearen eta mendebaldearen arteko muga», adierazi zuen ordu hartako Estatu idazkariak eta Alemaniako estatu bien arteko lasaitzea eragin zuenak. «Gerra Hotz bat izan zen», erantsi zuen Bahrrek, «baina gerra bat izan zen».

Harresia eraitsi zutenetik hogei urte baino gehiago igaro dira, eta, oraindik ere, bere zama historikoarekin borrokan ari da Alemania. Alemaniako prentsan harresiaren 50. urteurrena baino lehenago argitaratutako artikuluek argi erakusten dute zer-nolako ondorioak dituen, oraindik ere, Gerra Hotzaren propagandak. Gutxi dira salbuespenak. Adibidez, ARD telebista kate estataleko kazetari baten iruzkin hau: «Gogoan izan behar dugu erresistentziarik izan ezean sekula ez zela erretiratuko SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna; beraz, Ekialdeko Alemania desorekatu izan balitz, arriskuan jarriko zukeen Europa osoko bakea». Iruzkingile horrek esatera, Berlingo Harresiaren ingurukoak hizpide hunkigarriak dira askorentzat, orandik ere, haietaz modu arrazionalean eztabaidatzeko eta iritzia emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.