East Side Gallery mundu osoko aire zabaleko galeria luzeena da. 1961. urtetik 1989ra Berlin hiria bera nahiz Europako mendebaldea eta ekialdea bitan zatitu zuen berunezko harresiaren oroigarri, orainak eta iraganak bat egiten dute Friedrichshain-Kreuzberg auzoko mugan.
Harresia eraitsi zuteneko euforia eta itxaropen sentimenduak gogorarazteko, mundu osoko 100 artistak baino gehiagok 1,3 kilometroko horma zatia apaindu zuten 1990ean.
Ibai bazterra guztiontzat
Azkeneko urteetan asko aldatu da Berlin, eta Spree ibaiaren inguruko lur eremua hiriko leku preziatuenetako bat bilakatu da. Media Spree eraikitze planak etxe orratz, hotel, loft eta bulegoz bete nahi du ibaiertza.
2008. urtean, Spree Ufer für alle (Spreeko bazterrak guztiontzat) plataformak antolatu zuen galdeketan, Friedrischain-Kreuzberg auzoko bizilagunek ezezkoa eman zioten proiektuari, ibai bazterrak eraikinez libre laga nahi zituztela aditzera emanez. Hala ere, eraikitze prozesua ez da gelditu, eta, azkeneko urteotan, hondeamakinak East Side Galleryraino heldu dira.
Harresiaren eta Spree ibaiaren arteko eremuan (Heriotza Zerrenda izan zenean) eraikitzeko baimena lortu zuen Living Bauhaus enpresak eta, egun, luxuzko apartamentuak eraikitzen dihardu. Herritarren presioaren ondorioz eraispen lanak egun batzuetan gelditu zituzten arren,galeriaren bi zati kendu ziren 2013ko otsailean, kamioi eta langileei sarrera ahalbidetzeko.
«Ez dut ulertzen hiriak daraman joera berri hau; azkarregi aldatzen ari da. Leku historiko bat hartu eta auzoarekin zerikusirik ez duen jende aberatsa erakarri nahi dute. Zertarako? Hiri txiroa eta sexya zena aberats eta harroputz bihurtuko da horrela», dio Natasa Kramberger idazleak.
Living Bauhaus enpresak, salmenten igoeragatik, kanpaina mediatikoari eskerrak ematen dizkio, eta galeria babestu nahi duen taldeak, aldiz, informazio kanpaina berri bat jarri du martxan.
Legez kanpoko eraikuntza
«East Side Gallery, garai bateko muga izanik, alemaniarren kultur ondarea da. Gainera, muga izandako eremuak inguru babestuak dira Berlingo legeen arabera», dio Jordi Perez ezizenarekin ezaguna den ekintzaileak, Bündnis East Side Gallery retten (Elkarrekin East Side Gallery babestu) taldeko kideak.
Living Bauhausen proiektuaren alboan, Alon Mekel inbertitzaile israeldarrak 120 metroko altuera izango duen hotela eraikiko du. «Apartamentuetara eta hotelera sartu ahal izateko, bi edo hiru pasabide eraiki beharko dituzte. Living Bauhausek dio sarrera batekin nahikoa izango dutela, baina informatu egin gara, eta, legez, 13 metroko bat eta 26 metroko bi beharko dituzte», dio Perezek. Beren eskakizunak berriro gogora ekarri nahi izan dituzte, «berandu izan baino lehen» zerbait egin ahal izateko: «Heriotza zerrendan eraikuntza lan gehiagorik ez; harresiaren zulatzea gelditu; hotelaren inbertitzaileari kalte-ordaina eman, eremu horretan eraikitzea legez kanpo dagoelako».
Zutik dagoen harresi zatirik handiena izanik, datorren igandean, eraistearen urteurrenean, asko egongo dira East Side Galleryra begira. Momentu hori erabiliko du taldeak herritarren arreta bereganatzeko eta enpresa eraikitzaileari haien eraikinaren gainean pentsatzen dutena adierazteko. «Living Bauhausek eraikitzen ari den etxebizitzetako bat txukundu, eta, harresiaren urteurrena ospatzeko, festa bat antolatu nahi du han. Haien eraikinetik Heute feiern morgen abreiben (Gaur ospatu, bihar eraitsi) leloa duen pankarta erraldoia zintzilikatuko dugu, gure mezua argi ikus dezaten», dio Sascha Disselkamp taldeko bozeramaileak.
Berlingo Harresia. Eraistearen 25. urtemuga
Berlin berriaren «harrokeria»
East Side Gallery ezaguneko hainbat zati kendu egin dituzte Berlinen, luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzten langileei sarrera ahalbidetzeko. Bizilagunak kexu dira, ez datoz bat hiriak aurrera daraman eraikitze ereduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu