Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatuak Panamako kanala eta Groenlandia AEBen parte egiteko asmoa adierazi du egunotan, baita Kanada anexionatzeko aukera aipatu jarri ere. Bada, Trumpi erantzunez, lurralde horiek beren subiranotasuna defendatu dute. Groenlandiako Gobernuak ez ikaratzeko eskatu die groenlandiarrei, eta nabarmendu du AEBekin «elkarlanean» jarraitu nahi duela. Panamako presidente Jose Raul Munilok agindu du kanala panamarra dela eta aurrerantzean ere panamarra izango dela. Eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak «distrakzio teknika» gisa definitu ditu Trumpek esandakoak.
Hautsak harrotu dituzte AEBetako presidente hautatuak berriz ere kargura iritsi aurretik egindako adierazpenek. Urtarrilaren 20an Etxe Zurira itzuliko denak —AEBetako presidente izan zen 2017tik 2021era— prentsaurreko bat eman zuen asteartean; hartan, ez zuen baztertu indar militarra erabiltzea Panamako kanala eta Groenlandia anexionatzeko. Armada erabili gabe, baina Kanada AEBetako «51. estatu» bilakatzeko asmoa ere plazaratu zuen, eta horretarako «indar ekonomikoa» baliatzeko aukera.
Bada, Kanadako lehen ministroak atzo gauean ziurtatu zuen hori ez dela inoiz gertatuko, AEBetako presidente ohi (1977-1981) Jimmy Carterren hileta elizkizunaren ostean egindako adierazpenetan. Ordu batzuk geroago CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean, azaldu zuen Trumpen esanek AEBetako herritarrak «distraitzeko» asmoa dutela. Herrialdea anexionatzeko ideiarekin Trumpek Kanadari ezarri nahi dizkion muga zergek eragingo dituzten kalteak estali nahi dituela ziurtatu zuen Trudeauk. Izan ere, AEBetako presidente hautatuak esan izan du Kanadako produktuei %25eko muga zergak ezarriko dizkiela. Trudeauk argi utzi zuen: «AEBetako presidentea gai da Kanadako ekonomiari kalte egiteko, baina horrek kalte egingo die AEBetako kontsumitzaileei, langileei eta hazkunde ekonomikoari».
Trudeauk astelehenean iragarri zuen Kanadako lehen ministro kargua utziko duela. Ia hamar urte egin ditu gobernuburu karguan, baina, gobernukideen artean babesa galdu duela-eta, dimisioa aurkezteko asmoaren berri eman zuen. Trudeauren ordezkoa hautatzeko lanetan murgilduta dago Alderdi Liberala, eta gaur iragarri du martxoaren 9an argituko duela nor izango den alderdiko buru berria. Aurten egingo dituzte hauteskunde orokorrak Kanadan, urriaren 20a baino lehenago.
Groenlandiako agintariek ere erantzun diote Trumpi. Atzo, Groenlandiako lehen ministro Mute Egedek herritarrei eskatu zien ez ikaratzeko. Nolanahi ere, AEBetako presidente hautatuak indar militarra erabiltzea baztertu ez duela-eta, Egedek esan zuen ulertzekoa dela groenlandiarrak kezkatuta egotea; eta desberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin egoteko deia egin zien, The Guardian egunkariak jasotzen dituen adierazpenen arabera. Groenlandiako Gobernuak ohar bat kaleratu zuen herenegun; hartan, azaldu zuen esperantza duela AEBetako gobernu berriarekin «elkarlanean» jarduteko, «Artikoko segurtasuna eta egonkortasuna bermatze aldera».
Artikoko uharteak bere gobernua badu ere, Danimarkaren menpeko lurralde bat da, eta Kopenhagek erabakitzen du, besteak beste, uhartearen defentsa eta atzerri politiken inguruan. Atzo gauean ezohiko batzar bat egin zuten Danimarkako Gobernuko zenbait kidek. Bilkuraren ostean, Mette Frederiksen herrialdeko lehen ministroak esan zuen ez dagoela arrazoirik Trumpek Groenlandia inbadituko duela sinesteko. Eta prest agertu zen AEBetako presidente hautatuarekin hitz egiteko.
Panama, kanaleko subirano
Panaman, Martirien Eguna ospatu zuten atzo; 61 urte bete ziren soldadu estatubatuarrek Panamako kanala panamarrena zela aldarrikatu zuten 22 ikasle hil zituztenetik. Kanala AEBen kontrolpean zegoen garai hartan, eta ez zen guztiz Panamaren esku geratu 1999ra arte. Orain, Trumpek hizpidera ekarri du kanala berreskuratzeko asmoa. Atzoko ekitaldien ostean egindako adierazpenetan, Panamako presidente Jose Raul Munilok aldarrikatu zuen Panama bere lurralde guztietako subiranoa dela «ehuneko ehunean».