Etxe Zuriko hurrengo maizterra izateko bi hautagai nagusiek ez zioten elkarri eskurik eman kanpainako bigarren eztabaida abiatu aurretik. Bisaia serioarekin igo ziren bi politikariak Sant Louisko Washington Unibertsitateko platora (Missouri), eta, eztabaidak iraun zuen 90 minutuetan, tentsioak eta liskarrek irentsi egin zuten erabat eztabaida politikoa. Donald Trump erosoago sentitzen da aurkariari eraso eginez, eta horrela lortu zuen aditu askoren ustez errepublikanoen ontzia ur azalean mantentzea. Garratz mintzatu zen Trump, unean-unean atzamar erakuslearekin Clinton seinalatuz, eta, bere burua estu ikusi zuenetan, mehatxuen kaxa zabaldu zuen: hautagai errepublikanoak hitzeman du azaroaren 8ko hauteskundeak irabaziz gero agindu berezia emango diola fiskaltzari, ikerketa bat abiarazi eta Clinton espetxeratzeko, mezu elektronikoen afera dela eta —estatu idazkari izan zenean, 30.000 mezu ezabatu zituen Clintonek—. «Esan berri duen guztia gezurra da, baina ez nau batere harritzen. Eskerrak Donald Trumpen izaera duen inor ez den arduratzen gure legediaz», erantzun zion Clintonek. Ez zuen gehiago esaterik izan, berehala moztu baitzion Trumpek: «Zu kartzelan egongo zinatekeen eta!».
Trump iltze batetik zintzilik iritsi zen igande gaueko debatera—hirugarrena eta azkena Nevadan egingo dute, hilaren 19an—, eta ikusteko zegoen nola erantzungo zuen hauteskunde kanpaina lehertu duen bideo eskandaluaren aurrean. Washington Post-ek 2005ean grabatutako bideo batean, emakumeen aurkako adierazpenak egiten agertzen da Trump; besteak beste, esaten du boterearekin «edozer gauza» egin dezakeela emakumeekin. Trump, ordea, ez zen gidoitik atera. «Hitz hutsak ziren. Aldagela itxi bateko solasaldiak». Moderatzaileak ostiralean zabaldutako bideoari erreferentzia egin zionean, gaiari heldu ordez, Bill Clintoni lotutako eskandaluak aurpegiratu zizkion hautagai demokratari. «Inor ez da egon politikaren historian hainbeste eraso egin duenik emakumeen aurka». Clintonenerantzuna: «Ederki, Donald; jostatzen ari zara gaur. Edozer gauza, ez hitz egiteagatik zure kanpaina nola lehertu den eta nola ari diren alde egiten errepublikanoak zure ondotik».
Etengabeko erasoekin, debatea erabat desitxuratu zen. Bere burua hondoratuta ikusirik, debate politikoa ere urperatu du Trumpek berekin. Debatearen aurretik prentsaurreko bat eman zuen hautagai errepublikanoak, lau emakumez inguratuta. Emakume haien aurka «maila ezberdineko sexu erasoak» egin izana leporatu dio Bill Clintoni. Tartean, emakume bat bortxatzea. Hillary Clintoni, berriz, emakume horiek «umiliatzea» eta «haien izen ona zikintzen saiatzea». Laurak publikoaren artean eseri ziren behin eztabaida hasita.
CNN telebista kateak egindako galdeketa batek Clinton jo zuen garailetzat. Galderari erantzun zioten ikus-entzuleen %57k egin zuten demokrataren alde, eta %34k Trumpen alde. Halere, inkestan parte hartu zutenen ia bi herenek (%63) adierazi zuten hautagai errepublikanoa lehen debatean baino hobeto aritu zela.
Ryanek ez du defendatuko
Inkesten eta adituen arabera,Trumpek itxura hobea eman arren, sutea ez da itzali alderdi errepublikanoan. Gutxienez, 33 kidek kendu diote babesa Trumpi —senatariak, kongresuko kideak eta estatu gobernadoreak—, eta gero eta gehiago eskatzen ari dira haren dimisioa. Mike Pence presidenteorde izateko hautagaiari lekua egiteko eskatu diote. Paul Ryan AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak, esaterako, esan du gehiago «ez duela defendituko» Trump. Ryan da egun errepublikanoen artean ahotsik nagusia. Gainera, alderdiko lider nagusiak ere beldur dira, lurrikararekin erori egin baitaiteke errepublikanoek senatuan duten gehiengoa.
Arrakala hori aprobetxatu nahi dute orain demokratek, begien aurrean zabaldu zaien mapa politiko berriaren aurrean. Bi urtean behin, Senatuko eserlekuen herenak berritzen dituzte AEBetan, eta helburuen artean kokatu dute gehiengoa berreskuratzea. Aste honetan bertan inkestak egingo dituzte alderdi errepublikanoa indartsua den zenbait estatutan—Arizonan, Georgian, Missourin eta Indianan—, ikusteko Clinton noraino lehiatu daitekeen.
Berekin batera hondoratu du eztabaida politikoa
Donald Trumpek mehatxuekin eta akusazioekin lehertu du kanpaina. Dozenaka alderdikidek kendu diote babesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu