Parisko Hitzarmenak bost urte. Mikel Gonzalez Egino. BC3ko ikertzailea

«Berehalako planak behar dira: hamarkada hau da gakoa»

Trantsizio ekologikoa hasita dagoela uste du. Hala ere, herrialdeek epe laburreko konpromiso zehatz indartsuagoak hartu behar dituztelakoan dago, Parisko Hitzarmenaren helburuak beteko badira.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
EHUko irakasle, ekonomialarieta BC3ko ikertzailea da Mikel Gonzalez Egino (Gasteiz, 1978). Parisko Hitzarmenaren bilakaera zorrotz aztertzen du, haren ikerlan askoren oinarrian baita.

Bost urte pasatu dira Parisko Hitzarmena sinatu zutenetik. Zer balantze egiten duzu?

Mugarri bat izan zen, inoiz baino herrialde gehiago batu zirelako itun batean klima aldaketari aurre egiteko. Balantzea egiterakoan, emaitza positiboa bada ere, argiak eta ilunak daude. Argietatik hasita, akordioak irauteko ahalmen handia erakutsi du.AEBek atzera egin izanak berekin eraman zitzakeen herrialde batzuk, euren konpromisoak jaistera lagunduz... Hori ez da gertatu, eta eutsi diete konpromisoei, Txinak, Europako Batasunak (EB)...

Eta ilunak zeintzuk dira?

Berotegi gasen isurketak jaisten hasi behar zutela uler zitekeen, baina tamalez hori ez da gertatu. Ez gara ari zientziak eskatzen duen erritmoan eta Parisko Hitzarmenak ezarritako helburuen baitan. Epe laburragoko konpromisoak behar ditugu herrialde kutsatzaileenengandik. Izan ere, NBEren Ingurumenerako Programaren (PNUE) azken txostenaren arabera, indarrean ditugun politikei eutsiz gero, hiru graduko berotzea espero daiteke.

Potentzia nagusietatik epe luzerako konpromisoak heldu dira. Ez dira nahikoak?

2020an herrialdeek Parisko konpromisoak berritu behar zituzten, eta isurketa murrizketa handinahiagoak hitzeman. Oraingoz NBEri bidalitako programen berri ez dugu, baina klima neutraltasunerako konpromisoak azaldu dituzte potentziek: Europako Batasunak, Japoniak, Hego Koreak... Eta bereziki Txinak, 2060erako. Isurketen %60 osatzen duten herrialdeek asmoa azaldu dute ekonomia deskarbonizatzeko mende erdirako. Pentsa genezake Parisko Ituna betetzeko bidean goazela. Baina berehalako plan zehatzak behar dira. Hamarkada hau da gakoa; galtzen badugu, zailagoa izango da xedeak betetzea.

AEBak Parisera itzultzekoak dira. Zer eragin dezake horrek?

Eragina positiboa izango dute bai haren itzulerak eta baita itun berri berdearekin azaldu duten atxikimenduak. AEBak itzultzea, Europako Batasunak lidergoa hartuta tira egitea, eta Txinak isurketen murrizketa iragartzea... Baldintzak sortzen ari dira Parisko Hitzarmenari bultzada bat emateko. AEBen rol oso garrantzitsua da, beste herrialde batzuei tira egiteko... Orain, adibidez, Brasilek zailago izango du orain arteko jarrerari eustea. Bestetik, AEBetan ere ezin dugu espero erabateko aldaketarik, oraindik ez baitakigu Senatuan nork izango duen gehiengoa, eta gainera estatu batzuk errepublikanoen eskuetan geratu direlako.

Trantsizio energetikoak hasita egon beharko luke. Hasi al da?

Bai. Ez doa zientziak eskatzen duen bezain bizkor, baina aldaketak gertatu dira. EBk isurketak %20 murriztea zuen helburu gisa 2020rako, eta 2019rako %24koa lortu du. Bi gauza azpimarratuko nituzke: energia berriztagarrien arloan iraultza teknologiko bat gertatu da. Hamarkada batean, energia fotovoltaikoaren eta eolikoaren ezartze kostuak %80 gutxitu dira, eta ia mundu osoan merkeagoak dira elektrizitatea sortzeko ikatza baino. Eta, horrekin batera, gizartearen txipa aldatu egin da. Inoizko mobilizaziorik handienak egiten hasi dira.

Ikatzak oso indar handia du, ordea. Txinan COVID-19aren ondorengo berpiztea berriz ere horretan oinarritu da. Zergatik?

Ikatza baztertzea ezinbestekoa da helburuak betetzeko, eta Txinak azken hamarkadan planta asko eraiki ditu, xede horiek arriskuan jartzeraino. Halako bat eraiki ostean, 30 eta 50 urte artean pasatu daitezke eraitsi arte, errentagarritasuna atera nahi dietelako. Beraz, erronka da zentral berririk ez egitea lortzea. Batetik, berriztagarriek ordezka ditzaketelako; eta, bestetik, plan global bat behar delako planta horiek baztertzen joateko ahalik eta azkarren, zenbait kasutan errentagarritasun guztia atera gabe ere.

Ikatzaren erabileraren hazkundea noiz etengo da?

Aurten, lehenengo aldiz, gehiago izan dira itxi diren ikatzezko zentralak ireki direnak baino. Horrek erakusten du Txina ere aldatzen ari dela beste energia iturri batzuetara. Eta, horrez gain, aipatzekoa da 2020an energiaren alorreko inbertsioen %90 iturri berriztagarrietara bideratu direla. Hau da, arazo larria dugu ikatzarekin, baina energia berriztagarrietan inbertitzen dutenak gero eta gehiago dira, ikatzean inbertituz gero planta horiek itxiarazteko eta dirua galtzeko beldurra direlako, Parisko Hitzarmenaren ondorioz.

Karbonoari zergak handitzea da planteatu izan den bide bat, baina ez da ezer zehatzik iristen hortik ere, ezta Europan ere.

Fiskalitatea garrantzitsua da, zeren laguntzen du inbertsioak bide egokira eramaten. Ildo horretan, bai Europan, bai AEBetan eta baita Txinan ere, oso hasierako fasean bada ere, CO2ari zergak ezartzen hasi zaizkio. Zein da arazoa? Prezioak oso apalak direla. Zientziak dioenez, prezioak 50 eurotik gorakoa izan beharko luke jadanik, tona bakoitzeko. Oraingoz oso azpitik gaude. Badakigu zergak handitzea eraginkorra dela. Erresuma Batuan, prezioa handitu, eta handik gutxira ikatz zentral gehienak itxi dituzte. Espainian ere antzekoa gertatu da.

2020an, CO2 isurketak %7 urritu dira. COVID-19 da arrazoi nagusia, baina ba al da besterik?

COVID-19a zoritxar bat izan da, bainaCO2 isurketak gutxitzen lagundu du, erregai fosil gutxiago erabili dugulako, bereziki mugikortasuna apaldu delako. Dudalitzateke ea aldaketa horietako batzuk betiko izango diren, edo momentukoak. Esaterako, ea telelanari eutsiko zaion. Bestalde, aukera historikoa dugu ezarriko diren suspertze planak (inoizko handienak, II. Mundu Gerratik hona) inflexio puntu bat izan daitezen, diru hori bideratzen bada sistema ekonomiko-soziala eraldatzera, eredu iraunkor eta deskarbonizatu batera joateko.

Zergatik eusten zaie ikatzaren inbertsioei herrialde askotan?

Iraultza teknologikoa ez dihoalako gizarteak egin ditzakeen aldaketen parean. Badira beharginak, sektore kaltetuak... Imajinatu Poloniaa, non 200.000 langile dituen ikatzaren sektoreak. Trantsizioak bidezkoa izan behar du, beste neurri sozial batzuek lagundut. Bestetik, Txinaren kasuan, eskualdeek badute autonomiarik erabakitzeko zer inbertsio egiten dituzten, eta hori batzuetan kontraesanean egon daiteke gobernuak dituen irizpideekin. Batzuetan, ikatza kentzen duzun toki batean ez da horren erraza energia berriztagarriak ustiatzea. Pentsatu, adibidez, Asturiasen. Ikatza ken dezakezu, baina agian ez daukazu geografia egokiena berriztagarrietarako.

Nola ikusten duzu petrolioaren sektorea: pasatu du ekoizpen handieneko urtea?

Energiaren Nazioarteko Agentziak adierazi du litekeena dela ekoizpen handieneko urtea 2019a izatea. Uste dut hori hala izango dela suspertze funts horiek modu egokian bideratzen badira, zeren egoera ez da aldatuko zuritik beltzera, gure ekonomia eta garraioa petrolioan oinarrituta daudelako. Pixkanakako prozesu bat has daiteke petrolioa alde batera uzten joateko. Mugikortasun elektrikoa oso gertu dago jadanikpetrolioarekin lehiakorra izateko.

Baina ez da ikusten horretarako behar den azpiegitura nahiko aurreratuta dagoenik.

Auto elektriko bat erostea ia-ia berdintsukostatzen da jadanik, bizitza osoan izango dituen gastuak txikiagoak direnez amortizatu egiten duzulako hasierako prezioa. Baina, jakina, aldaketa hori egiteko, sare eta azpiegitura bat behar da, erabiltzaileari berme bat emateko aldaketa egiteko. Mugikortasun elektrikoa sustatzeko erabili behar dira suspertze diru horiek, eta ez hori bakarrik: beste mugikortasun eredu bat bultzatu behar da, hirien diseinua aldatuz, besteak beste.

Petrolio industria handiak hor daude, baina...

Haiek ere ohartu dira trantsizio energetikoa serio doala. Gure inguruko bat inbertitzen hasi da kargagune horietan, eta baita energia berriztagarrietan ere. Erritmoetan agian ez gara ados jartzen, baina haiek ere badakite etorkizuna berriztagarria dela.

Berriztagarriek ere kalte egin diezaiokete biodibertsitateari, trantsizio horrek eskatzen duen material ugariarengatik.

Egia da berriztagarrien azpiegiturek espazioa okupatzen dutela, eta, beraz, horren erantzuna da: behar dugu ahalik eta energia gehiena aurreztu eta ahal den eraginkortasun handienaz erabili. Ehuneko ehun berriztagarria izango den eredua behar dugu, baina ahalik eta kontsumo txikiena izango duena. Egia da energia berriztagarriek inpaktua dutela, baina, ingurumenarekiko errespetuan ezartzen badira, ez edozein tokitan eta modutan, asmatu egingo dugu. Energia berriztagarriak ezar daitezke gure hirietan, etxebizitzen teilatuetan... Erronka, beraz, hori da: haiek erabiltzea ingurumenari ahalik eta kalte gutxiena eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.