«Ez dugu guk lotsatu behar, haiek baizik. Gizarte hau aldatzeko nire nahia eta erabakia adierazi nahi ditut». Horrela mintzatu da Gisele Pelicot Avignongo Zigor Auzitegian (Okzitania) bera ia hamar urtez bortxatzeagatik Dominique Pelicot senarraren eta beste 50 gizonen aurka irekitako epaian. Iragan irailaren 2an abiatu zen epaiketa, eta, auzitegian aurretik hitza hartu bazuen ere, Gisele Pelicotek gaur deklaratu du auziaren zenbait esparru azaltzeko. Ondo bidean, epaileek abenduaren 20an ebatziko dute auzia.
71 urte ditu emakumeak, eta argi utzi nahi izan du zergatik ez zen egon senarrak ateak itxita egin zuen deklarazioan: «Prozesuan itxitako ateak ireki nahi ditut». Azpimarratu du auzia gizarteari ezagutaraztea indarkeria matxistaren beste biktimei babesa emateko era bat dela: «Zera nahi dut: bortxaketen biktima izan diren emakume guztiek bere buruari esatea 'Pelicot andereak egin bazuen, guk ere egin dezakegu'». Bestalde, gaineratu nahi izan du ez duela auzia ezagutarazten «haserreagatik» edota «gorrotoagatik», baizik eta «gizarteak aurrera egin dezan». Eta berriz nabarmendu du auzia hasi zenetik epaitegi barruan zein Frantzian eta nazioartean hedatu den mezua: «Bortxaketak ez ditugu gehiago ezkutatu behar».
Gisele Pelicot konortea galdu arte drogatzen zuen senarrak, eta, ondoren, senarrak berak zein Internet bidez harekin harremanetan jarritako gizonek bortxatzen zuten. Hala jardun zuen 2011tik 2020ra, eta horixe aitortu zuen Dominique Pelicotek auzitegian, irailaren 17an: «Bortxatzaile bat naiz, areto honetan dauden gizon akusatu guztiak bezala». Auzia 24 eta 74 urte arteko 50 gizonen aurka zabaldu duten arren, Frantziako Poliziaren ikerketan 70 gizon eta ehun bortxaketa inguru zenbatu dituzte. Senarrak sakelakoan zituen bideoak abiatu zuten ikerketa; izan ere, 2020ko udazkenean atxilotu zuten gizona, denda bateko nesken aldageletan kamera bat jartzeagatik; haren telefonoa miatzean, Gisele Pelicoten bortxaketen 20.000 irudi baino gehiago topatu zituzten.
Akusatuen defentsek harrabotsa eragin dute; batek baino gehiagok deklaratu baitute ez zutela emakumearen egoeraren berri eta uste zutela «bikote trukeen praktika sexualetan» ari zirela. Gisele Pelicotek aurre egin zien argudio horiei gaurkoaren aurretik auzitegian eginiko azken adierazpenean: «Esaten ari zaretena umiliazio bat da. Ni bortxatzera etorri ziren». Emakumeak auzitegian entzun behar izan dituenak «mingarriak» izan direla eta «asaldura» eragin diotela esan du gaurko deklarazioa hasi aurretik Stephane Babonneau Gisele Pelicoten abokatuak France Bleu irrati katean.
Ikusi gehiago
Gaurko adierazpenean, Gisele Pelicotek esan du «guztiz suntsitutako emakume bat» dela: «Ez dakit nola sendatuko naizen, nola berreraikiko dudan neure burua». Bere burua auzirako prestatu du, baina adierazi du ez duela ulertzen senarrak «zergatik egin zion hori»: «Saiatzen ari naiz ulertzen nola heldu zen senarra horraino. Zergatik jarri zuen nire bizitza hankaz gora».
Aldaketa aldarriak kalean
Gisele Pelicotek gizartea aldatzeko egin duen aldarria kalean ere bada. Iragan larunbatean, esaterako, ehunka ekintzaile feministak Frantziako hainbat auzitegiren aurrean egin zuten protesta, «bortxaketaren kultura» salatzeko. Are gehiago, irailean egin zen protesta batean 10.000 pertsona inguru bildu ziren. Ipar Euskal Herrian ere eragina izan du kasuak. Irailaren 14an, adibidez, Sutan kolektibo transfeministak Baionako Auzitegian egin zuen protesta. Gaur ere, haren deklarazioa hasi aurretik, babesa adierazi diote hainbatek Gisele Pelicoti. Avignongo Zigor Auzitegian sartu baino lehen txalo artean jaso dute. Emakumeak babes hori eskertu du: «Hemen jarraitzen dut nirekin dauden emakume eta gizon horiei guztiei esker, borroka honetan laguntzen nautelako».