Bera hiltzen saiatu direla salatu du Boliviako presidente ohi Evo Moralesek

Politikariaren gidaria zauritu dute. Gutxienez 14 tiro egin dizkiote Moralesen ibilgailuari, berak esan duenez.

Evo Morales Boliviako presidente ohia, artxiboko argazki batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Evo Morales Boliviako presidente ohia, artxiboko argazki batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 27a
15:38
Entzun

Evo Moralesek bart eraso bat jaso izana salatu du gaur. 2006 eta 2019 artean Boliviako presidente izan zen Morales, eta, esan duenez, bere autoari egin diote tiro. Ibilgailuak 14 tiro jaso ditu, eta politikariaren gidaria zauritu dute erasoan.

Villa Tuñari eta Lauca Eñe herrien artean gertatu da erasoa. Morales irrati baterako bidean zen, han asteburuero egiten duen irratsaiora zihoala. Kontatu duenez, bi auto atzetik segika zituztela konturatu zen Morales, eta desbideratzeko agindu zion gidariari. Haatik, auto susmagarriak euren atzetik jarraitu zuten. «Hor konturatu nintzen operazio bat zela», esan du.

Halako batean, jazarleak tiroka hasi zitzaizkien. Gutxienez 14 tiro zenbatu zituela esan du. Horietako batek ibilgailuaren gurpil bat zulatu zuen. Orduan, Morales eta ibilgailuan zihoazen beste bidaiariak ikusi zuten gidariari odola zeriola burutik. Gertaeraren hainbat bideo zabaldu ditu Moralesen prentsa taldeak.

Moralesek Luis Arceren Gobernua jo du gertaturikoaren erantzuletzat. Bera politikoki eta epaitegietan «suntsitzeko» eginiko saioek huts egin ostean, «ni hiltzeko plana bete nahi» izan dutela salatu du.

Protestatan murgildurik dago Bolivia. Moralesen jarraitzaileak bideak blokeatu dituzte bi astez, presidente ohiaren aurkako prozesuak bertan behera uzteko eskatzeko. Besteak beste pertsonen trafikoa leporatzen diote. Prozesuok jazarpen politikoa direla argudiatu dute Moralesen jarraitzaileek.

Horrez gain, elikagaien garestitzearen kontra ari dira protestan, besteak beste.

Arceren Gobernuak salatu du «ordena demokratikoa zapuzteko saio bat» direla. Ostiralean, Armadaren agintari nagusiak kargugabetu zituen gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.