Berde itxurako paper fabrika

Herritarren haserrea eta gizartearen mobilizazioa piztu ditu Altri enpresak Galizian egin nahi duen paper fabrikak. Europako handiena izango da, eta enpresak deskarbonizaziorako funts publikoak jaso nahi ditu proiektua finantzatzeko.

2024ko ekainean Santiago de Compostelan egindako protesta bat. Galiziako Xuntaren egoitza inguratu zuten milaka manifestarik.
2024ko ekainean Santiago de Compostelan egindako protesta bat. Galiziako Xuntaren egoitza inguratu zuten milaka manifestarik. XOAN REY / EFE
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dena ondo bidean, Portugalgo Altri enpresak Europako paper fabrikarik handiena eraikiko du Galizian, Lugo probintziako Palas de Rei udalerrian, eta urtean 400.000 tona zelulosa disolbagarri ekoizteko ahalmena izango du. Galiziako Xuntaren babes osoa du proiektuak, eta horren seinale da gobernuak proiektu estrategiko izendatu izana: hala, tramitazioa udalen eskuetatik Xuntarenetara pasatu dute, eta epeak murriztu. Baina nola da posible egunean 8.000 tona gas isuriko dituen proiektu bat estrategiko izendatzea, Europak emisioak gutxitzeko helburua duen honetan? Horren atzean zuriketa berdea dagoela iradoki du Patricia Villarinok, proiektuaren aurkako mugimendua mamitzen ari den Ulloa Viva plataformako kideak: «Hasieran, esan zuten bio-eko lantegi zoragarri horietako bat izango zela, 2.500 lanpostu sortuko zituela, eta lyocell-a ekoiztuko zutela, ehun begetal bat, baina denborarekin ikusi dugu proiektua oso ezberdina dela».

Enpresaren asmoen berri izan eta gutxira, proiektuaren nondik norakoak jakin zituzten, eta garbi geratu zitzaien ez zela «inolako biofabrikarik» egingo: «Egunero 46 milioi litro ur erabiltzeko baimena eskatu du enpresak, eta horrek atentzioa eman zigun. Adituek esan ziguten horrenbeste ur kontsumitzen duen lantegi bat ez dela biofabrika bat, paper fabrika bat baizik». Ez dago inolako irizpide legalik lantegi bati biofabrika izena jartzeari buruz, eta Villarinok azaldu duenez, lyocell-aren ekoizpen hori hartu dute aitzakiatzat izen hori jarri eta proiektua «hobeto saltzeko». Horrez gain, aurreikusten dute urtean 1,2 eta 2 milioi tona eukalipto artean beharko dituztela lantegia hornitzeko, eta, horri buruz galdetuta, Villarinok gogora ekarri ditu enpresak egin zituen adierazpen batzuk: Galizian badagoela nahikoa eukalipto eskari hori betetzeko.

Hala ere, adierazpen hori «tranpatia» dela uste du: «Nahiz eta teknologiarik modernoenak erabili, egiten ari zarena zelulosa disolbagarria da». Galizian badira jada bi paper fabrika, Ence enpresarenak, eta horiek eta Altrik Portugalen dituen beste paper fabrikek kontsumitzen dute Galiziako eukalipto ia guztia, Villarinoren esanetan. Bada, enpresak esandakoari kontra eginez, Consello da Cultura Galegaren  txosten batek nabarmendu zuen paper fabrika hornitzeko eukaliptoa eta antzeko zuhaitz gehiago landatu beharko direla, nahiz eta oraindik ez den posible, abendura arte debekatuta baitago eukalipto gehiago landatzea, Bizkaian bezala.

«Gezurrak» eta beste

Bizilagunek uste dute enpresa hainbat gauzatan gezurrak esaten ari dela, proiektuak ahalik eta azkarren aurrera egin dezan. «Biofabrika» izendatzearena da lehena, eta hori gezurtatu du Villarinok: «Europako paper fabrikarik handiena izango da». Proiektua bultzatzen ari den sozietatearen izena ere zuriketa horren adibide da: izatez Greenfiber izena du enpresak, baina sozietate horren %75 Altrirena da, eta gainontzekoa, berriz, Greenaliarena. Bestalde, proiektuak aurrera egin ahala, ikusi dute enpresak iragarri zituen 2.500 lanpostu horiek 200-500 izango direla azkenean; gehienez bosten bat, alegia.

«Egunero 46 milioi litro ur kontsumitzen duen lantegi bat ez da biofabrika bat, paper fabrika bat baizik»

PATRICIA VILLARINOUlloa Viva plataformako kidea

Enpresak behin baino gehiagotan azaldu du proiektuak ez duela kalterik eragingo ingurumenean, baina Villarinok gogorarazi du lantegiak urtegitik egunero beharko duen ura Lugo probintziako biztanle guztiek kontsumitzen dutena adinakoa izango dela ─46 milioi litro ur egunean─, eta Ulloa ibaira 30 milioi litro itzuliko dituela, 27 graduan. Horrek egungo arazoa areagotuko du, jada hiru gradu berotu baita ibaia azken urteetan, Villarinoren esanetan.

Lantegiak izango duen tximinia da beste gai gatazkatsuetako bat. 75 metro garai izango da, eta Villarinok gogorarazi du eskualde horretan paisaia dela ezaugarri eta baliabide garrantzitsuenetako bat, Santiago Bidea pasatzen baita bertatik, eta ibiltarien inguruan saretzen da inguruko jarduera ekonomikoaren zatirik handiena. «Enpresak esan zuen tximiniarekin ez dela arazorik egongo, bertako zuhaitz espezieez osatutako eraztun bat izango duelako inguruan. Baina 75 metro izango ditu tximiniak; uste dut sekuoiak ez daudela bertako espezieen artean».

Aurrera doa

Lehentasunezko proiektu estrategikoa da Altrirena Galiziako Xuntarentzat, eta 2027rako martxan egotea da asmoa. Martxoaren 14an ingurumen baimena jaso zuen zelulosa lantegiak, 42 teknikarik sinatu baitzuten aldeko adierazpena ingurumen inpaktuari dagokionez. Galiziako Xuntarentzat proiektu bideragarria da ingurumenaren aldetik, baina, adierazpenean jasotakoaz gain, enpresak bestelako neurri batzuk hartu beharko ditu; ingurumen behaketarako programa bat, esaterako.

«Ekonomia zirkularraren ESEPEa lortzen saiatu ziren, baina esan zieten ez zela proiektu zirkular bat»

PATRICIA VILLARINOUlloa Viva plataformako kidea

Espainiako Gobernua zatituta dago, Sumar alderdiko buru eta Espainiako presidenteorde Yolanda Diazek esan baitu bere eskuetan balego proiektua bertan behera utziko lukeela; bestalde, Espainiako Industria eta Turismo ministroak, Jordi Hereuk, BNG alderdi galiziarrari esan dio Madrilek ezberdintasun «nabarmenak» ikusten dituela proiektuaren lehen zirriborroaren eta azken bertsioaren artean.

Enpresak, berriz, bere baldintzak jarri ditu: proiektuak izango duen 1.000 milioi euroko kostuaren laurdena, hau da, 250 milioi, funts publikoetatik ordaintzea, deskarbonizazioaren ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen diru laguntzen bitartez: «Ekonomia zirkularraren ESEPEa lortzen saiatu ziren, baina esan zieten ez zela proiektu zirkular bat».

Proiektuak ingurumen baimena jaso eta gutxira, herritarrak kalera atera ziren berriro. Enpresaren asmoak jakin zirenetik, proiektuaren kontrako mugimendua hasi zen, eta juridikoki aurre egiteaz gain, mobilizazioak egin dituzte hainbat hiri eta herritan; azkena martxoaren 22an izan zen, A Pobra do Caramiñalen, baina aurretik Palas de Rein, Santiago de Compostelan eta beste leku batzuetan egin zituzten, eta guztietan milaka pertsona bildu ziren paper fabrikari ezetz esateko asmoz. «Lehen manifestazioa Palas de Rein izan zen, 3.500 biztanleko herri batean, eta 20.000 pertsona baino gehiago elkartu ginen. Telefonia antena saturatu genuen».

Plataformako kideak alde batetik bestera aritu dira, beren kezken berri emateko. «Bruselara joan ginen, Espainiako Diputatuen Kongresuan izan ginen, baita Galiziako Parlamentuan ere». Villarinok esandakoaren arabera, kontra alegazio gehien izan dituen proiektu industriala da Palas de Reikoa, 27.000 alegazio baino gehiago zenbatu baitzituen Galiziako Xuntak horretarako ireki zuen epean. Baina ez du egitasmoa geldiarazteko balio izan: «Xuntak alfonbra gorria jarri dio Altriri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.