Klima larrialdia. Herri indigenak

Berdea ez da bidezkoa samientzat

Norvegiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion sami herriari 2021ean: legez kanpokotzat jo zuen Fosen penintsulako parke eolikoa, indigenen eskubideak urratzen dituelako. Samiek kolonialismo berdearen adibidetzat jo dute beraien lurretan gertatzen ari dena.

Berdea ez da bidezkoa samientzat.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Berdea den oro ez da jasangarri», ohartarazten dute trantsizio energetiko justu bat aldarrikatzen dutenek. Horien artean daude komunitate indigena ugari. Nabarmentzen dutenez, klima krisiari aurre egiteko hartzen ari diren neurriek, askotan, giza eskubideak urratzen dituzte. Karbono isuriak murrizteko premiak bultzatuta, energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak ugaritzen ari dira munduaren luze-zabalean, eta proiektu horietako asko indigenen lurretan ari dira eraikitzen, aintzat hartu gabe beraien kulturaren arabera bizitzeko duten eskubidea.

Ikusi gehiago:Energia eskuratu nahian maputxeen lur sainduan

Azpiegituren sustatzaileek argudiatzen dute onurak askoz ere gehiago direla indigenek pairatzen dituzten galerak baino. Diskurtso eko horren atzean praktika zahar bat ezkutatzen da, ordea, kritikoen esanetan: beste behin ere, indigenak lurgabetzea, elite ekonomikoen eta aurrerabidearen mesedetan. Kolonialismo berdea izendatu dute. Samiek Eskandinavia iparraldean duten egoera da horren adibide.

Samiek Norvegiako Gobernuaren egoitza nagusietara eraman zuten protesta otsailaren amaieran. Energia Ministerioa okupatu zuten, eta mobilizazioak hedatu zituzten beste ministerio batzuetako eraikinetara ere, talde ekologista batzuen laguntzarekin. Mobilizazioetan parte hartu zuen Greta Thunberg ekintzaileak ere. Norvegiako Gobernuak sami herriaren eskubideak urratu dituela ebatzi zuen herrialdeko Auzitegi Gorenak 2021ean, baimena eman zuelako Fosen Vind parke eolikoa eraikitzeko elur oreinen zaintzarako lurretan, Fosen penintsulan. Azpiegitura hori Europako lurgaineko parke eolikorik handienetan bigarrena da —Suediako Markbygden parkearen atzetik—, eta 151 haize errota ditu.

Gorenak epaia eman zuenetik 500 egun baino gehiago igaro diren arren, gobernuak azpiegituraren jarduera mantentzen duela salatzen dute samiek. Gobernua da Statkraft enpresa ustiatzailearen akziodun nagusia —Azpeitian (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba) errotak jartzeko proposamenak aurkeztu ditu—. Astebeteko itxialdiaren ostean, Norvegiako Gobernuak barkamena eskatu zion sami herriari, haren eskubideak urratu zituela aitortuta.

Samien lurretan ezarri diren azpiegitura eolikoek herri indigenaren bizimoduan duen eragina aztertzen ari da Eva Maria Fjellheim Norvegiako Artikoko Unibertsitateko ikerlaria. Azaldu duenez, samiak ezin dira elur oreinen zaintzan aritu beren lurren eremu ia osoan, eraiki diren instalazioek eragozten dietelako. «Jarduera galarazten zaie, beraien bizimodua eragozten zaie. Ondorioz, baita beraien kultura praktikatzeko aukera ere. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak dio, 27. artikuluan, estatuek ezin dietela etnia gutxituei ukatu bizitza kultural propioa garatzeko duten eskubidea». Argudio bera erabili du Norvegiako Auzitegi Gorenak Fosengo parke eolikoa legez kanpokotzat jotzeko.

Elur oreinak ez dira gerturatzen haize errotak dauden eremuetara. Izutu egiten dira. Horrek murriztu egiten ditu bazkarako larreak. Gainera, errotek eten egiten dituzte orein taldeen ohiko migrazio bideak, eta nahasmenak ondorio kaltegarriak ditu bereziki neguan, oreinen ugaltzea zailtzen duelako.

Gorenak parke eolikoa legez kanpokoa dela ebatzi arren, ez du zehaztu errotekin zer egin behar den. Samiek azpiegitura desmuntatzeko eskatzen dute, eta natur eremua lehengoratzeko. Terje Aasland Energia ministroak, berriz, «irtenbide bat» aurkitzeko beharra azpimarratu zuen. Uste du posiblea dela elur oreinen zaintza eta haize errotak uztartzea.

Defizit energetikoa

Norvegia energia esportatzailea da gaur egun, baina, aurreikuspenen arabera, argindarra inportatzen hasi beharko du 2027tik aurrera, herrialdeko gune industrializatuenak elektrifikatze aldera. Aaslandek esana du gobernuak ahal duen guztia egingo duela defizit energetiko hori saihesteko, eta horretarako ezinbestekoa dela azpiegitura eolikoak hedatzea.

Defizit energetikoari aurre egiteko beharra lehenesten dutenen ikuspegiaren adierazgarri dira Jens Ullveit-Moe enpresariaren adierazpenak. Energia berriztagarrien industriaren aurpegirik ezagunena da Norvegian. Alderdi Berdearen batzorde zentraleko kidea da, eta bere alderdiaren jarreraren aurka adierazi du «tragedia bat» litzatekeela Fosenen haize errotak kentzea. «Orbainak onartu behar ditugu naturan, kalte handiagoak ikusiko baititugu planetak berotzen jarraitzen badu; haize energia ekoizteko proiektu honek eragiten dituen kalteak baino askoz ere okerragoak», adierazi zion Dagens Næringsliv egunkariari. Indigenek «zenbait tradizio sakrifikatu» behar dituztela uste du Ulltveit-Moek. «Ez da arrazionala hainbeste lur erabiltzea 3.000 orein-zainek haragia ekoitz dezaten».

Fjellheim ez dator bat. «Kolonialismo berdeak energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak hedatzen ditu, baina ez du zalantzan jartzen kontsumo eredua», nabarmendu du. «Ez du galdetzen nork egin beharko lukeen ahaleginik handiena karbono gutxiago isurtzeko, eta nork sakrifikatu beharko lukeen bere bizimodua, neurri batean». Gaineratu du ikuspegi horrek ez duela aitortzen herri indigenen ezagutzak eta praktikak «konponbidearen parte» direla.

Bestalde, ikerlariak ukatu egin du samiek lur eremu zabalak dituztela. «Gobernuak askotan esan du Norvegian lurren %40 erabiltzen direla abereen zaintzarako. Aldiz, ez du aipatzen lur horien %89tan esku hartu dela jada azpiegiturak eraikitzeko». Esaterako, meatzeetarako, zentral hidroelektrikoetarako, turismorako eta garraiorako. «Sami herriari bere lurren zatirik handiena kendu zaio jada».

Fjellemen esanetan, herri indigenei «zama bikoitza» jartzen zaie bizkar gainean klima larrialdiarekin lotutako neurriekin. «Batetik, klima aldaketaren ondoriorik larrienak pairatzen dituzte, eta, bestetik, berotegi gasak gutxitzeko politiken kalteak jasaten dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.