Ipar Afrikako herri indigenetan ezagunenetakoa da, urteetan bere nortasunaren alde gehien borrokatu diren komunitate amaziga baitira. Aljer hiritik hurbil samar egon arren, Kabiliak Aljeriatik aparteko mundua dirudi, eta Magrebetik oro har. Are gehiago azken urteotan nagusitzen ari den jarrera erlijioso eta kontserbadorearekin alderatuta: kabiliarrek inoiz baino ozenago aldarrikatzen dute estatu eta gizarte laiko eta sekularra. Nortasunaren zati garrantzitsua dute hori, hizkuntza duten bezalaxe. Eta nortasun hori arabiartasunean urtzearen aurka luzaroan borrokatu diren legez, jarrera islamisten aurkakotasunak geroz eta jende gehiago Kabilia independente baten aldeko jarrerara eraman ditu.
Aljertik Tizi Uzura, Kabiliako hiriburu ez-ofizialera ordubetean joan liteke autobidean. Kultur jauzia erabatekoa da, horratik. Eta zer esanik ez, Aljeriako gainontzeko lekuetatik: Kabiliako mendi garaiek eta arroila estuek luzaroan gotortutako nazio baten irudia ematen dute. Eta halako batean, Bejaiako (Vgayet, amazigeraz) hondartza luzearekin egiten da topo, zenbait hotel turistiko hareatzaren luzeran, eta hiria bera gero, Aljeriako bigarren portu handienarekin. «Estatuak Mediterraneoan daukan gunerik garrantzitsuenetakoa da, inolaz ere galtzen utzi nahi ez duena, hemengo biztanle gehienon eskubideak zapaltzen dituen arren», dio Yuva Meridja militante gazteak. Ondo daki zeri buruz diharduen: oso engaiatuta dago kabiliarren nazio eskubideen aldeko mugimenduan, eta hamabi aldiz atxilotu dute; ekainean, azkenez. «Bejaian gauzak geroz eta okerrago daude, askatasunak murriztuz doaz, eta manifestazio eta biltzeko eskubideak txikituz; ezin da elkarterik eratu, ezta literatur kafe bat egin ere. Berriki debekatu egin dituzte Aoucha, Barbacha eta Bouzguen herrietan».
Merzoug Touati blogari espetxeratuaren kasua da Meridjak dioenaren adibide, eta haren azken atxiloketaren zioa: espetxeratze horren aurkako protesta batean atxilotu zuten militante gaztea. «Botere arrotz batekin inteligentzia partekatzea leporatzen diote, arduradun israeldar bati jendaurrean egindako elkarrizketa batengatik!», dio Meridjak. Kasuaren atzean, mendekua dagoela dio, blogariak egindako ustelkeria kasuen salaketa ugariengatik.
Kabiliara iritsi izanaren detaileak ez dira naturan edo paisajean soilik nabari. Tartekako errotulazioan ere bada, esaterako, amazigerarentzako tarterik leku izenetan. Baita militante amazigak Guidon plazan erakutsitako kafetegian emakumeak egotea ere, ordura arte Aljerian beste inon ikusi ez bezala, horiek gizonek betetzen dituzten espazioak baitira. Neska gazte bat beste batekin kafea hartzen, solasean, Mediterraneoaren iparraldean horren ohikoa den irudia, geroz eta zailagoa da hegoaldean, baina oso arrunta Kabilian oraindik.
Laikotasuna
Mendietan barna doa errepidea Kabiliako leku gehienetan herri txikiak igaroz, autobide eta saihesbideen aurreko Euskal Herri baten antzera, euritsu eta berde basoak. Gerrilla borrokarako eremu paregabea ere badela gogora dakarte herrien irteeratan dauden kontrol militarrek. Hala izan zen luzaroan independentzia gerran, eta, gerora, bestelako talde armatu batzuek ere hor hartu zuten aterpe, erakunde jihadistak horietako batzuk; militante amazigek gehiegitan leporatu diote estatuari beren lurraldearekiko utzikeria, osterantzean nekeziraun dezaketelako kabiliarrek erabat gutxiesten duten ideologia eta mundu ikuskera bat defendatzen duten bizardunek.
Bejaia kostaldeko hiri garrantzitsuan eta Tizi Uzun ez eze, bideko herrietan ere Magreben beste inon nekez irudikatu daitezkeen likore dendak ikus daitezke. Eta eskualdean presio erlijiosoa geroz eta handiagoa den sasoiotan esanguratsua da, halaber, zapirik gabeko emakumeak gehiago izatea burua estaltzen dutenak baino. Kaissa Ould Braham idazleak ohartarazi zuen: «Gurean, islama beti izan da nortasunaren bazterreko elementua, sarritan sinesmen tradizionalekin batera praktikatutako sinkretismoan. Ez zen txerrikirik saltzen azokan, baina basurde ehiza, esaterako,bazegoen».
Independentzia
«Botereak berak onartutako legeak hausten ditu Aljeriak etengabe, eskubide indibidualetan zein kolektiboetan. Geroz eta zailagoa da manifestatzeko edo biltzeko eskubideari eustea, eta edozein elkarte edo sindikatu eratzea», dio Hocine Acem militante historikoak. Munduko Amazig Kongresuko presidenteordea da, aurretik MAK Kabiliako Autodeterminazioaren aldeko Elkartean izan zen, eta berriki Kabiliako Errepublikarako Biltzarra sortu dutenen artean dago.
Tizi Uzuko autobus geltoki inguruan jarri du hitzordua, hiri erdigunetik urrun eta Kabiliako mendietarantz itzultzeko errazago, hiriburuan Poliziaren presioa itogarria izan daitekeelako. «Presioak presio, herrien erabakiaren garaian gaude, Afrika iparraldean eta munduan. Herritarren eskubideen eta autodeterminazioaren aroan, eta horrek ekarriko du estatu kabiliar demokratiko, sozial eta laikoa, bere kultura, bakearen eta balioen arabera eratuta».
Tizi Uzuko unibertsitatea da giro horren erakusleiho. Arabieraz, frantsesez eta amazigeraz daude errotulu gehienak, eta berbere militanteek marraztutako leloak ageri dira. «Kabiliar mugimendua indartsua da hemen, askatasun gunea ere badelako; Polizia sartzeko zailagoa da», dio Rabah ikasleak baso bat ardo eskuetan. Frantses dotorean dihardu. «Unibertsitateko hizkuntza nagusia da, eta, gugatik balitz, aurreko ikasketa nagusiak ere hala lirateke, amazigerarekin batera. Baina kolegioan arabieraz izan dugu ia guztia; berriki baino ez da sartu gure hizkuntza eskolan, oztopo askorekin»
Amer ikaskideak hartzen dio hitza: «Leku irekia da, baina gure nortasunarekiko errespetua behar da. Berriki, Aljerretik Constantinara bidean gautu zitzaien arabiar ikasle batzuk hemen gelditu ziren lotan, inolako arazorik gabe, gurekin garagardoak ere hartu zituzten batzuek», diote barrezka. Aljeriako hirugarren hirira bisitan joateko esan ziguten, baina ezetz diote ikasleek: «Bizardunek (islamistek) eurena inposatzen dute, ez dago ia tabernarik ere. Aljerren ere, erdi ezkutuka atea jo, eta gizonezkoak baino ez dauden lekuren batera jo behar duzu garagardo baterako. Guk Kabiliako askatasuna maite dugu». Burlaize horrekin begiratzen diote hiriburuari ere, Aljeriako intelektual gehienak kabiliarrak izan direla gogoraraziz.
Kabilian sortu zen hamarkada pare batean amazig guztien nortasuna ordezkatzea lortu duen bandera. Ipar Afrikako zein diasporako milioika berberek eskegi eta astintzen dute, eta Aljerian ere asko zabaldu da. «Une politikoaren arabera, gobernuak malguago edo zurrunago jokatzen du», diote ikasleek. Tizi Uzuko futbol taldeak partida garrantzitsua baldin badauka, ezinezko zaio milaka gazte kabiliarren suhartasuna geldiaraztea. «Aljeriako Kopako finaleko sarrera 4.000 dinar kostatu zitzaidan [20 euro, diru asko aljeriar gazte batentzat], baina badakizu zergatik joan nintzen? Aljeriako ereserkiari bizkarra emateko, eta oihu egiteko: Boterea hiltzailea, independentzia Kabiliarentzat», dio Rabah-ek.
Islamak debekatutakoak maite dituzte militante berbereek. Hala doa solasa, garagardo eta ardo, eta amazig banderarekin batera, Kabiliako bandera berria ere badarabilte. Horia eta urdina da,etaberbere banderak ere badaukan tifinag alfabetoko Z du erdian, askatasunaren sinbolo. Hark bezala, onarpen handia izan du urte pare batean, oso gazteria aktiboa baitauka atzetik. Bi ikurrak ez omen daude elkarren aurka: batek berbere guztiak biltzen ditu, besteak helburu politiko zehatzagoa du, Kabiliako errepublika independentea ordezkatzeko.
Berbere guztien erreferente
Aljeriatik argi bereizten duen nortasuna du Kabiliak. Mugimendu independentista indartsua du, eta nazio izaeraren zati garrantzitsua dira hizkuntza, eta gizarte laiko eta sekularraren defentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu