Benny Gantz Israelgo Gerra ministroak dimisioa eman du

«Netanyahuk galarazi egiten digu benetako garaipen baterantz aurrera egitea», esan du Gantzek.

Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroa, abuztu hasieran, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE.
Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroa, abuztu hasieran, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
jon olano
2024ko ekainaren 9a
19:55
Entzun

Israelgo Gerra ministro Benny Gantzek gobernua uztea erabaki du, prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Gantzek Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gerraren osteko planifikaziorik eza kritikatu izan du hainbatetan. Hori dela eta, lehen ministroari eskatu zion gehienez atzorako argitzeko Gazan gerra amaitu eta biharamunean nola jokatu behar duten. Oraingoz, ez dago zerrendan zer gertatuko den argitzen duen estrategiaren berririk, eta, horregatik, Israelgo hainbat hedabidek aurreikusia zuten Gantzek dimisioa emango zuela. Haatik, Israelgo armadak lau bahitu erreskatatu izanak ezbaian jarri zuen pauso hori. Azkenik, gaur iragarri du urratsa.

Agerraldian, Gantz Netanyahuren aurka mintzatu da: «Netanyahuk galarazi egiten digu benetako garaipen baterantz aurrera egitea». Lehen ministroari eskatu dio hauteskundeetara deitzeko.

Hamasek bahitutakoen senideei, berriz, barkamena eskatu die: «Asko egin genuen, baina porrot egin genuen. Ez dugu lortu bahituetako asko etxera itzultzea. Horren erantzukizuna ere nirea da. Erabaki genuen planaren atzean ni nago».

Netanyahuk, ordea, Gantzi erantzun dio ez dela gobernua «uzteko garaia», baizik eta «indarrak batzekoa»: «Israelgo herritarrok garaipena lortu eta gerraren helburu guztiak lortu arte jarraituko dugu, batez ere gure bahitu guztiak askatzea eta Hamas ezabatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.