Eliza katolikoa

Benedikto XVI.ak barkamena eskatu die sexu abusuen biktimei

«Sexu-abusu kasu bakoitza konponezina da», aitortu du argitaratu duen gutun batean. Vatikanoak, ordea, aitortu du aita santu emerituak bilera bat izan zuela 1980an, abusuak egozten dizkioten apaiz batekin.

Aita santu emeritua, 2020ko agerraldi batean. ETTORE FERRARI, EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko otsailaren 8a
14:29
Entzun

Bere burua defendatu du Benedikto XVI.a aita santu emerituak. Azken egunetan hainbatek egotzi diote sexu-abusu kasuen berri izan arren haiek estali izana, Municheko artzapezpikua zenean batez ere. Joseph Ratzingerrek, ordea, abusu horien berririk ez zuela esan du gaur argitaratu duen gutun batean, eta barkamena eskatu die bere agintaldian zehar abusuak jasan zituzten biktimei: «Lotsa sakona sentitzen dut».

Benedikto XVI.aren inguruko polemika berriz piztu da, Alemaniako abokatuen kabinete batek duela bizpahiru aste argitaratu zuen txosten batengatik. Dokumentu hark 173 apaizek egindako 497 abusu kasu biltzen ditu, eta Ratzingerri egozten dio lau kasutan neurriak hartu ez izana, Municheko artzapezpikua zenean (1977 eta 1982 artean).

Txosten hori argitaratu eta gero, aita santu emerituak aitortu zuen ez zuela egia esan ikertzaileei bidali zien 82 orriko dokumentuan. Zehazki, idatzi zuen ez zuela parte hartu 1980ko urtarrilean egindako bilera batean. Bilera hartan, abusuak egozten zizkioten apaiz baten lekualdatzeari buruz hitz egin zuten.

Txostenean, gezurra esatea egotzi zioten Ratzingerri; Municheko artzapezpikua zena han izan zela erakusten zuten frogak aurkitu zituzten. Orain, berriz, hutsegite bat izan zela esan du Benedikto XVI.ak, baina gehitu du berak ez zuela sexu-abusu kasu haien berri. Sexu abusuak estaltzea egotzi diote ikertzaileek.

Argitaratu duen gutunean, deitoratu egin du berari gezurti deitu izana. Esan du lan handia izan zela txosten hori osatzea, eta nahi gabe egindako huts bat izan zela bilera hartan ez zela egon jartzea: «Espero dut barkatuko didazuela». Besteak beste, Frantzisko egungo aita santuak erakutsi dion babesa eskertu du.

Barkamena

Gutunaren zati handi bat, ordea, biktimentzat da. Benedikto XVI.ak aitortu du sexu-abusu kasu bakoitza «konponezina» dela, eta barkamena eskatu die biktimei: «Ardura handiak izan ditut Eliza katolikoan. Min handia sentitzen dut nire agintaldian hainbat lekutan egin diren abusuengatik», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.