Ben Aliren alde egitea leporatu diote Europari

Hego Amerikako hainbat herrialdetako egoera ere salatu du Human Rights Watch erakundeak

Samara Velte.
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak gogor kritikatu du Europako Batasuna osatzen duten herrialdeen jarrera, Tunisian protestak hasi arte Ben Aliren gobernuaren alde egiteagatik. Gertatutakotik «ikastea» espero duela adierazi du erakundeko bozeramaile Kenneth Rothek: «Ezin da diktadore baten alde egin soilik terrorismoaren aurkako borrokan lagundu duelako».

Erakundeak 2010. urteko txostena aurkeztu zuen atzo Bruselan (Belgika), eta bertan egin zituen Rothek adierazpenok. Txostenaren arabera, Tunisiako Gobernuak «etengabe» zapaltzen zituen protesta baketsuak.

Uzbekistango eta Turkmenistango gobernu «zapaltzaileekin» akordioak egiteagatik ere kritikatu du Europako Batasuna.

Kubari presioa

Hego Amerikaz ere hitz egin du Human Rights Watcheko Ameriketarako zuzendari Jose Miguel Vivancok. Besteak beste, Kubari presioa egiteko eskatu dio Europako Batasunari, «trantsizio politikoa gauzatzen laguntzeko».

Bestalde, Brasil eta Ekuadorko Poliziaren inpunitatea salatu du; Brasilen Poliziak egindako gehiegikeriak eta ustelkeria kasuak «ia arazo kronikoa» direlako. Atxiloketen ondorengo baldintzak «gizagabeak» direla salatu du, eta torturak «arazo larria» izaten jarraitzen duela.

Venezuelaz esan du giza eskubideen arloan «atzerapausoak» eman dituela Hugo Chavezen gobernuak, adierazpen askatasuna «sistematikoki zulatzen» duela argudiatuta.

Kolonbiako Gobernua, berriz, txalotu egin du, aurrekoak baino jarrera «irekiagoa» duelakoan, baina esan du giza eskubideen alde eta sindikalismoan dihardutenen egoera ez dela hobetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.