Beltzen eskubideak AEBetan

Malcolm Little, Malcolm X. BERRIA.
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1954

Brown eta Hezkuntza Saila.

1954ko maiatzean AEBetako Auzitegi Gorenak Hezkuntza Sailaren aurkako Brown kasuaren inguruko epaia eman zuen. Eskoletan arrazaren araberako banaketa konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen. Epaiak Berdin, baina banatuta doktrina ezeztatu zuen.

1955

Emmett Till. 1955eko abuztuan, Emmett Till izeneko 14 urteko haur beltza Mississippira joan zen familia bisitatzera. Ustez, emakume zuri bati era limurtzaile batean hitz egin zion. Hiru egunera, emakumearen gizonak eta bere anaiak mutila bahitu eta tiroz hil zuten, bere gorpua Tallahatchie ibaira botaz. Biek aitortu zuten egindakoa, baina zuriz osatutako epaimahi batek aske utzi zituen. Kasuak sortutako haserreak bultzada handia eman zion eskubide zibilen mugimenduari.

Rosa Parks. Abenduan, Rosa Parks emakume afroamerikarra Montgomeryko (Alabama) autobus batera igo zen. Gidariak eserlekua gizon zuri bati uzteko eskatu zion. Parksek ezetz esan zuen eta hiriko arrazagatiko segregazio legea ez betetzeagatik atxilotu zuten. Martin Luther Kingek hiriko autobus enpresaren aurkako boikota bultzatu zuen, eta autobusetako legezko bereizkeria amaitu zuen.

1957

Arkansaseko institutua. Nahiz eta eskola publikoetako bereizkeria konstituzioaren aurkakotzat jo zuten 1954an, estatu askotan neurria aplikatzea zaila izan zen. Arkansasen Orval Faubus gobernadoreak Poliziari deitu zion hiriko institutuan bederatzi afroamerikar sar ez zitezen. Protesten ostetik, AEBetako Gobernuak neurriak hartu zituen, eta afroamerikarrek, Poliziaren eta AEBetako segurtasun indarren babespean, eskola hartan ikasten hasi ahal izan zuten.

1961

CORE. CORE Arraza Berdintasunaren Batzordea diskriminazioa eta arrazen arteko erlazioak hobetzen saiatu zen eta zuriek eta beltzek osatutako Adiskidetze Bidea bidaia antolatu zuen. Estatuen arteko Merkataritza Batzordeak ebatzi zuen autobus konpainia guztietako bidaiariak arraza kontuan hartu gabe eseri behar direla.

1964

Eskubide Zibilen Legea. Martin Luther King buru zuen erresistentzia baketsuaren kanpainari esker, 1950etik aurrera eskubide zibilen mugimenduak indar handia eskuratu zuen. 1960an eskubide zibilen legedi berria onartua zuen Kennedyk. Arrazagatiko diskriminazioa eta bereizkeria ezabatzeako neurriak hartu zituen.

1965

Selmatik Montgomeryra. Alabamako Poliziak afroamerikar manifestari bati tiro egin zion eta Martin Luther King buru zuen Hegoaldeko Lidergo Kristauaren Konferentziak Selmatik Montgomeryra protesta ibilaldia antolatu zuen.

Malcolm X. NOI Islamaren Nazioaren buru bihurtu zen Malcolm Little kartzelatik irten ondoren. Martin Luther Kingen metodo baketsua baztertu zuen eta zurien erasoei «edozein bitartekorekin» aurka egitea bultzatzen zuen.

Hauteskunde eskubideen legea. Afroamerikarren boto eskubidea babesten duen legea onartu zutenean, Mississippin bakarrik, boto emaile beltzen erregistroa %5etik %60ra igaro zen.

1968

Martin Luther King hil zuten. Apirilaren 4an Tennesseen hil zuten tiroz. Luther Kingen heriotzak AEBetako zurien eta beltzen arteko ebakia handitu zuen. Ustezko hiltzaile James Earl Rayk bere erruduntasuna aitortu zuen eta 99 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

1992

Rodney King. Gehiegizko abiaduragatik, Rodney King behargin beltzari jarraiki joan zen Los Angeleseko Polizia. Geldiarazi zutenean, jipoitu egin zuten. Poliziaren eta gidariaren arteko liskarraren bideoak mundua zeharkatu zuen. Inplikatutako poliziei zigortzea eskatu zuten manifestazioetan, baina epaimahiak errugabe jo zituen. Ebazpenak liskar ugari eragin zituen kalean eta guztira 55 pertsona hil, 2.300 zauritu eta 1.000 eraikinetik gora erre zituzten.

1995

Milioi bat Lagunen Martxa. Louis Farrakhan ministroak Washingtonen milioi bat lagun elkartzeko eskaera egin zuen. Beltzen baldintzak hobetzeko elkartasun eta ardurazko espiritua bultzatzeko helburua zuen martxak.

2008

Barack Obama, AEBetako 44. presidentea. 2009ko urtarrilaren 20an AEBetako 44. presidente bihurtu zen Barack Obama: lehen afroamerikarra izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.