Aurreko asteartean bete ziren 1.000 egun Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta, nahiz eta Moskuren eta Kieven arteko gerrak ez duen etenik izan denbora tarte horretan, azken egunetan areagotu egin da tentsioa. Izan AEBek Ukrainari eman diotelako irismen luzeko misilak Errusian ere erabiltzeko baimena; izan Errusiak erabaki duelako arma nuklearrak baliatuz erantzun ahal izango diela Ukrainak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen armekin egindako eraso konbentzionalei; izan Moskuk misil hipersoniko bat jaurti duelako Ukrainara eta gehiago jaurtitzeko asmoa agertu duelako. Gainera, gatazkan gero eta gehiago esku hartzen ari da Ipar Korea: Ukrainak gaur jakinarazi duenez, Errusiako Kursk eskualdean ez ezik, Belgoroden ere hedatu ditu soldaduak.
Bi eskualde horiek muga egiten dute Ukraina ipar-ekialdearekin; bigarrenak, hain zuzen, Kharkivekin, eta han dago gerrako fronteetako bat. Soldadu batzuen lekualdatzearen berri eman dute Kieven iturri militarrek, Telegram bidez. Ukrainak berak, AEBek, NATOk eta Hego Koreak plazaratu dute azken asteetan Ipar Koreako armadaren 10.000 soldadu inguru Kursk eskualdera iritsi direla, han edo handik abiatuta Ukrainaren kontra borrokatzeko. Trukean, petrolioa, aireko defentsa sistemak eta dirua eman ei dizkio Moskuk Piongiangi. Hori adierazi dute iturri ofizialek, zerbitzu sekretuen informazioa aipatuta.
Hego Koreak aurreko astean azaldu zuenez, Ipar Koreako soldadu batzuek Ukrainako armadaren aurkako operazio militarretan parte hartu dute jada. AEBek ez dute hori baieztatu, baina Lloyd Austin Defentsa idazkariak esan du gaur hori gertatuko dela. «Kontuan hartuta zein formazio jaso duten eta nola integratu diren errusiarren lerroetan, uste dut laster borrokatuko direla Errusiako tropekin batera», nabarmendu du gaur kazetarien aurrean, bidaian ari zela Indo-Pazifikoko Fiji herrialdean egindako geldialdian.
%79Zenbat errusiar dauden bake akordio baten alde, ehunekotan. Russian Field etxeak gaur kaleratutako inkesta baten arabera, errusiarren %79 daude Ukrainako gerra amaitzeko akordio bat sinatzearen alde. Inkesta horrek dioenez, gainera, aurretiazko baldintzarik gabeko su eten bat sinatzeko prest daude herritarren %60.
Horrekin guztiarekin lotuta, Kievek onartu du abuztuan Kursk eskualdean konkistatutako lur eremuaren %40 inguru galdu duela azken asteetan. Hori kaleratu du Reuters berri agentziak, Ukrainako armadaren kargudun batekin hitz egin ondoren. Argitaratutakoaren arabera, Ipar Koreakoak kontuan hartu gabe, Errusiak 59.000 soldadu hedatu ditu Kursk eskualdean azkeneko hilabeteetan. Aintzat hartu behar da Ukrainak lurralde horren zati handi bat hartu zuela abuztuan, ezusteko eraso baten bidez. «Etsaia kontraerasoak areagotzen ari da», esan dio armadako kargudun horrek Reutersi.
Mobilizaziorako deirik gabe
Vladimir Putin Errusiako presidentea Defentsa Ministerioko kargudunekin eta industria militarreko buruzagiekin bildu zen atzo iluntzean, eta ondoren egindako agerraldian azpimarratu zuen jarraituko dutela Ukrainari irismen ertaineko misil hipersonikoekin eraso egiten. Gisa horretako bat —Orexnik du izena— jaurti zuen ostegunean herrialdearen erdialdeko Dnipro hirira, eta instalazio militar bat jo zuen. AEBek esan dute azken orduetan horien sorta bat besterik ez duela Errusiak, baina Kremlineko buruak iragarri zuen atzo horiek seriean ekoizten hastekoak direla. Agerraldian alboan zuen Sergei Karakaev armadako komandantea, eta hark ohartarazi zuen misil horrek Europa osoan jo ditzakeela helburuak.
Bestalde, tentsioa areagotzen ari den arren, Errusiak gaur adierazi du ez duela asmorik mobilizaziorako beste deirik egiteko. 2022ko irailean egin zuen halako bat, eta 300.000 erreserbista deitu. Horrek protestak eragin zituen, eta frontera joateko adinean zeuden milaka gizonezkok herrialdetik alde egin zuten. RIA Novosti berri agentziak Dmitri Peskoven hitzak jaso ditu gaur, eta, Kremlineko bozeramailearen esanetan, ez dago beste mobilizazio baterako beharrik; argudiatu du herritarrek «aktiboki» jasotzen dutela formazio militarra.