Belgikaren amaieraren hasiera da, berriz ere. Eta etengabeak diruditen negoziazio politikoak itzuliko dira, enegarrenez.
Hori guztia gutxi balitz bezala, gaur egingo dituzten Ordezkarien Ganberarako hauteskundeek are gehiago zatituko dute lehendik ere zatituta dagoen herrialdea. Eta, batez ere, paisaia politikoa muturrerago geratuko da, VB Interes Flandriarra eskuin muturrekoak eta PTB Belgikako Langileen Alderdia ezker muturrekoak lortuko baitituzte, hurrenez hurren, ordezkaritzarik handienak Belgikako Parlamentuko behe ganberan; betiere, inkestek aurreikusi dutenaren arabera.
Herrialdea hiru eskualde federatutan antolatuta dagoen arren, politikoki bitan dago zatituta: Flandrian —iparraldean—, oro har, eskuina izan da nagusi urteotan; eta Valonian —hegoaldean— eta Bruselan —erdialdean—, ezkerra. Asteotako kanpainan ikusitakoak eta entzundakoak aintzat harturik, badirudi ez dela aldaketarik izango logika horretan, muturrerago dauden alderdien aldeko botoak handituta ere.
Horrek, ezinbestean, are gehiago zailduko du koalizio gobernua osatzeko negoziazioen labirintoa; besteak beste, VBk Flandriaren independentzia nahi duelako, eta, beste indar politikoek urteotako jarrerari eusten badiote, ez baitute harekin negoziatuko gobernatzeko aliantza osatzeko. Eta PTBren kasuan ere, ezker muturrekoa izanik, ikusteko dago zein alderdi egongo diren prest harekin hitz egiteko, eta zein ez.
Flandriako alderdi ultraeskuindarrak «subiranotasun deklarazio bat» egin nahi du eskualdeko parlamentuaren gehiengo osoaren babesarekin —horien osaketa ere hautatuko dute gaur boto emaileek—, eta horretarako N-VA Flandriako Aliantza Berria eskuindarraren babesa beharko luke, zeina Flandriako alderdi nagusia izan den 2010etik; N-VA ere independentista da, baina epe laburrera begira ez du helburutzat hori lortzea, eta nahiago du Belgika estatu konfederal bilakatu. Are, indar politiko hori jada izan da herrialdeko koalizio gobernu baten parte (2014-2018), eta prest legoke berriz aliantza batean sartzeko, betiere eskumen gehiago lortuta Flandriarentzat, eta herrialdearen egitura politiko eta ekonomikoak aldatzeko aukerarik balego.
Horretarako, Valoniako alderdiekin negoziatu beharko luke, eta, berez, horietako gehienak prest daude egiturazko moldaketak egiteko. Hori bai, eskualde horretako PS Alderdi Sozialistako presidente Paul Magnettek kanpainan ohartarazi du ez dutela akordiorik egingo «eskuin muturrarekin lan egiten dutenekin»; hau da, N-VAk ez luke tokirik izango Belgikako Gobernua osatzeko negoziazioetan baldin eta Flandrian VBrekin koalizio bat eratuko balu.
653Belgikan zenbat egun behar izan zituzten azken gobernua osatzeko. Belgikan 653 egun, hau da, urtebete eta bederatzi hilabete pasatxo behar izan zituzten azken koalizio gobernua osatzeko, Alexander De Croo Flandriako liberala lehen ministro izan duena (Open VLD Flandriako Liberalak eta Demokratak alderdikoa). Hango hedabideek Vivaldi izena jarri zioten 2020ko urrian eratu zuten kabinete horri; musikagilea zenaren lau urtaroei egiten die erreferentzia, aliantza osatu zuten indar politikoen koloreengatik: gorria (sozialdemokratak), berdea (ekologistak), laranja (kristau-demokratak) eta urdina (liberalak).
Eta PTBri dagokionez, alderdi horren buruzagi Raoul Hedebouwek Bel RTL irratiari emandako elkarrizketa batean esan zuen prest dagoela sozialdemokratekin —PS eta Vooruit (Flandriakoa)— eta ekologistekin —Ecolo (Valoniakoa) eta Groen (Flandriakoa)— elkartzeko, baina ez duela hori egiteko asmorik liberalekin —MR Mugimendu Erreformista (Valoniakoa) eta Open VLD Flandriako Liberalak eta Demokratak— eta CD&V Kristau-demokratak eta Flandriarrak indar politikoarekin.
Bihartik aurrera, beraz, kalkulu deseroso eta zailen eta oinarri komuna bilatzeko buruhaustearen garaia izango da; Belgikan ohikoa den konpromiso politiko eta estrategiko hori lortzekoa, alegia.
Garailea ez da nahitaez agintaria izango
Belgikako politikako urrezko araua bihur daitekeena: hauteskundeetan ordezkaritzarik handiena lortu duen alderdiaren buruzagia edo hautagaia ez da nahitaez lehen ministro bilakatuko.
Joera hori batez ere 2010etik honakoa izan da, negoziazioetan aintzat hartzekoa, eta, itxura guztien arabera, gaurko bozen ondoren ere gertatuko dena. Kasurako, azken bost gobernuburuen indar politikoak ez dira boto gehien bildu duten alderdiak izan: CD&Vko Yves Leterme (2009-2011), PSko Elio Di Rupo (2011-2014), MRko Charles Michel (2014-2019), MRko Sophie Wilmes (2019-2020) eta Open VLDko Alexander De Croo (2020tik).
Horrek, ordea, badu xehetasun bat: 2010etik honako bozetan N-VA izan dela boto gehien bildu duen alderdia, eta indar politiko askok ez dutela begi onez ikusten Flandriaren independentzia nahi duen politikari bat (Bart De Wever) izatea herrialdeko lehen ministroa; halere, badirudi jarrera hori aldatzear dela, kanpainan Valoniako zenbait alderdik atea ireki baitiote De Wever Belgikako lehen ministro bilakatzeari, baita egungo gobernuburuak ere.
Aukera hori gauzatuko ez balitz, badira beste aukera batzuk ere: Michelen, Wilmesen eta De Crooren kasuek erakusten baitute lehen ministroa ez dela zertan bigarren alderdikoa izan.