Herritarren Iraultzako biltzarkidea da Esther Cuesta (Guayaquil, 1975), Rafael Correa presidente ohiaren alderdikoa, eta Europan, Asian eta Ozeanian dabil haren ordezkari. Elkarrizketa honetan, gogoeta egin, eta iritzia eman du presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliaren atariko jokalekuari buruz. Izan ere, bihar, oraingo presidentea, Daniel Noboa banana alorreko enpresaria, Luisa Gonzalez hautagai correistaren aurka lehiatuko da.
Zer diozu gaur egungo egoeraz?
Lehia oso estua izango da; izan ere, lehen itzulian, ia bi milioi pertsonak ez zioten ez Noboari ez Gonzalezi eman botoa, eta beste hautagai batzuei eman zieten; gainera, boto zuri eta baliogabe asko ere izan ziren. Horrez gain, ohartu gara hauteskunde prozesuko joko arauak aldatzen ari direla. Hauteskunde Batzorde Nazionalak debekatu egin du sakelakoak erabiltzea botoa emateko bionboan. Lehen, aukera zegoen boto paperari argazkia ateratzeko eta sare sozialetan jartzeko, demokraziaren aldeko ekintza gisa. Beldur gara hertsatzeren bat egongo ote den, eta jendea izutu eta irregulartasunak sakelakoetan erregistratu ezinik geratuko ote den. Konstituzioan eta legean ezarrita dagoenez, ezin dira joko arauak aldatu hauteskunde prozesua hasi baino urtebete lehenago; horrenbestez, nazioko eta nazioarteko begiraleei ohartarazten gabiltza. Era berean, egoera honetan garrantzitsua da jazarpen politikoa, hura judizializatua baitago.
Zure ustez, nork irabaziko du?
Noboak gaitasun, borondate eta gestio falta handia erakutsi du gobernuan, eta horren erakusgarri da nolako segurtasunik eza daukagun. Lehen, Latinoamerikako herrialderik seguruenetan bigarrena ginen, eta orain, berriz, bortitzenetan bigarrena; 100.000 biztanleko 39 hilketa daude, eta hori kontinenteko batezbestekoa baino handiagoa da. Abenduan, lau ume torturatu, bahitu eta kiskali zituzten, eta kasu horrek ere, Malvinas kasuak, argi utzi du gobernuak ez dituela babesten zaurgarrienak. Segurtasunik eza azken hiru gobernuen kontua izan da, eta, botoa emango duten herritarrentzat, horixe da gairik garrantzitsuena. Horrez gain, jendeak jakin nahi du ea gobernuak zer egingo duen energia jasangarritasuna dela-eta, zenbait hilabetez hamabi ordurainokoak ere izan diren argindar itzalaldiak jasan eta gero. Hori Noboari dagokionez. Beste hautagaiak, Luisa Gonzalezek, progresismoa ordezkatzen du, eta hori eskubideen bermea da, hala nola osasun eta hezkuntza eskubideena.
«Segurtasunik eza azken hiru gobernuen kontua izan da, eta, botoa emango duten herritarrentzat, horixe da gairik garrantzitsuena»
Correak herrestan darama bere kudeaketaren porroten zama: Luisa Gonzalezi kalte egiten dio Rafael Correaren alderdi politiko bereko kide izateak? Eta Daniel Noboari eragiten dio gaur egungo kudeaketaren arduradun izateak? Zerk eragingo du gehien?
Nire iritziz, Correaren kudeaketak arrakasta gehiago izan zituen porrot baino. Correa agintean egon zenean, gobernuak hezkuntza publikoan eta migratzaileentzako zerbitzuetan inbertitu zuen lehen aldiz, eta petrolioaren bidez eskuratutako diru sarrerak herritar gehienengana iristea lortu zuen. Gobernu hark irtenbideak eman zizkion gizarteari; ez dakit zer porroti buruz ari zaren.
Bueno, agian ez dira porrotak, ezpada egin ez ziren gauzak eta egiteke geratu zirenak…
Uste dut itxaropenak eragingo duela gehien. Noboak argi utzi du ez dakiela askorik kudeaketa publikoaz. Gauza bat da banana sektoreko korporazio bat gobernatzea, edo banku bat edo enpresa pribatu bat, eta beste gauza bat da publikoa kudeatzea, eta 18 milioi ekuadortarren ongizateaz gogoeta egitea, eta biztanleen erdiak pobrezian edo muturreko pobrezian bizi direla aintzat hartzea eta haiengan pentsatzea. Herrialde dolarizatua da, eta langabezia tasa txikia da; izan ere, herritarren %60 informalki ari dira lanean, hau da, Gizarte Segurantzarik gabe, onura sozialik gabe, osasungintza publikoan afiliatu gabe eta erretirorik izateko aukerarik gabe. Hortaz, herrialdean beste migrazio olde bat daukagu, jendeak ez dauka-eta etorkizuna eraikitzeko itxaropenik.
«Herrialdean beste migrazio olde bat daukagu, jendeak ez dauka-eta etorkizuna eraikitzeko itxaropenik»
Nori emango diote botoa lehen itzulian beste indar batzuen alde bozkatu zutenek?
Leonidas Izak, Nazio Indigenen Konfederazioaren presidenteak, jendaurrean adierazi zuen Gonzalezi emango ziola babesa, baita zentro-ezkerrerantz jotzen duten beste hautagaiek ere. Horrenbestez, nik uste dut hautagai haiei botoa eman zioten gehienek Luisa babestuko dutela. Izaren babesa izateak herritarren sektore oso baten babesa izatea esan nahi du; izan ere, Pachakutikek boto guztien %5,25 eskuratu zituen lehen itzulian. Eskuina, alegia Alderdi Sozialista Kristaua, ez zen botoen %1era ere iritsi.
Latinoamerikan, zer ondorio izango du batak ala besteak irabazteak?
Gonzalezek irabazten badu, badirudi indarra hartuko duela Latinoamerikaren integrazioak, eta horrek aukera emango digu mahaian esertzean munduko potentziekin paretsuago aritzeko. Gaur egun, Ekuador negoziatzera esertzen bada, ez du negoziatzeko ahalmenik, baina Brasil, Argentina, Txile, Kolonbia, Peru eta Venezuelarekin batzen bagara, baldintza hobeak ditugu. Zer aukera egon daitezke Celac-en? Edo Unasur-en? Europak lortu badu Europako Batasuna sortzea eta hango herritarren ongizatea hobetzea, Latinoamerikak ere lor dezake. Eskualdea batzea ez da ideologia kontua, estrategia globalerako kontua baizik.