Kontuz ibili. Duela zazpi urte gertatu zena ez da berriz ere errepikatuko. Ez. Lehen porrot egin zuenak ez du orain arrakastarik izango. Ez. Argiki, ez nauzue ezagutzen». Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentearen adierazpenak dira. Tahrir plazako erreboltaren zazpigarren urtemugan bota zuen mehatxua. Eta haren hitzen oihartzuna ozen entzuten da oraindik.
«Amesgaizto etengabean bizi gara. Iraultzaren espirituaren arrastorik ez da geratzen», adierazi du Ahmed Maherrek, Apirilaren 6 mugimendu ezkertiarraren sortzaileak. Duela zazpi urte, Hosni Mubaraken aurkako herri matxinadaren aurpegirik ezagunena izan zen. Orain, baldintzapean aske bizi da: «Hiru urtez espetxeratuta egon ostean, aske utzi naute. Baina egunero 12 ordu komisarian pasatu behar ditut», azaldu du Maherrek. BERRIAri Signal izeneko aplikaziotik erantzun dio, ez baita telefonoaz fidatzen: «Elkarrizketa guztiak grabatzen dizkidate. Une oro kontrolatuta naukate».
Maherrek atsekabez gogoratzen du azken urteetan pairatu duen jazarpen politikoa: «Kartzelatu egin ninduten 2013ko estatu kolpearen ondotik manifestazio eta ekitaldi publikoak debekatu zituztelako. Eta ni ez nengoen prest etxean isilik geratzeko». Baina poliki-poliki jasangaitza egin zen Maherren bizitza: «Nire argazkia telebista guztietan agertzen hasi zen. Sisiren aldekoen mehatxuak bikoiztu ziren. Egun batean, etxera bueltatzen ari nintzela, eraso egin zidaten».
Al-Sisik oposizioko ahots guztiak isildu ditu Anaia Musulmanak boteretik indarrez kendu zituenetik: «Lehenik, islamisten atzetik joan zen. Garai hartan, egiptoar askori ongi iruditu zitzaion Anaia Musulmanen eta haien jarraitzaileen kontrako kanpaina. Rabaa al-Adawiyako sarraskian 1.000 pertsona akabatu zituzten, eta gehienek ez ikusiarena egin zuten. Ez zekitena zen hurrengoak haiek izango zirela», gogoratu du Maherrek. Laikoak eta ezkerreko iraultzaileak izan ziren hurrengo biktimak. Maherrek lortu du askatasun erlatiboa, baina Alaa Abdel Fatta eta Ahmed Douma ekintzaile ospetsuak espetxean daude oraindik, baita Azaa Soliman abokatua ere.
Zalantza izpirik gabe, Al-Sisiren diktaduraren errepresioak aise gainditu ditu Mubaraken garaiko arorik ilunenak. Datu zehatzak ez daude, baina giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute 60.000 ekintzaile inguru kartzelatu dituztela. «Mubaraken azken urteetan 8.000 inguru ziren preso politikoak», erantsi du Maherrek. Erregimenak hamasei kartzela berri eraiki ditu. «Iraultzaren belaunaldia espetxearen belaunaldia bihurtu da», nabarmendu du Amnesty International erakundeak bere azken txostenean.
Lorategia eta bandera
Gazte iraultzailearen ustez, Al-Sisiren errepresioak lortu du beldurra txoko guztietara zabaltzea. «Kairo erdigunean ez da 2011ko iraultzaren arrastorik geratzen», azaldu du. Tahrir plazaren erdian lorategi bat jarri dute, eta, biribilgunearen bihotzean, 30 metroko Egiptoko banderaren makila. Mohamed Mahmoud kaleko grafiti politikoak ere ezabatuta daude. «Desagertu egin da Mubaraken erorketak ekarri zuen eztanda artistikoa eta kulturala. Iraultzaren txoko ikonikoenak erregimenaren propaganda gune bihurtu da», adierazi du ekintzaile politikoak.
Iritzi berekoa da Mahienour el-Masry Alexandriako gaztea. El-Masry iragan urtarrilean atera zen kartzelatik. «Baimenik ez zuen manifestazio batean parte hartzeagatik espetxeratu ninduten. Ez dute pisuzko arrazoirik behar ekintzaileak atzemateko. Edozein txikikeriagatik atxilotu gaitzakete». El-Masryk emakumeentzako kartzela batean pasatu ditu bi urte. Haren arabera, 2011ko gazte iraultzaileei ez zaizkie aliatuak geratzen: «Sare sozialek traizionatu egin gaituzte. Orain ezinezkoa da Twitterren edo Facebooken gure iritzia ematea. Kontrolatuta gaude. Profil faltsu bat sortuta ere guganaino iristen dira»
«Hiltzaile odoltsua»
Bien aburuz, hori guztia posible da herritarren gehiengoak egungo egoera onartu duelako. «Etsipenagatik edo beldurragatik, Sisik lortu du gizarte zibila isilaraztea», uste du Maherrek. «Erregimen militarraren propaganda arrakastatsua izan da. Egiptoar askok sinisten du beste protesta olatu batek kaosa zabalduko lukeela eta islamistak kaos hori kapitalizatzen saiatuko liratekeela», erantsi du. «Sisiri esker, Egipto ez da Libia, ezta Siria ere», entzun ohi da gobernuak kontrolaturiko hedabideetan. «Horregatik, lider autokrata bat izatea beharrezkoa dela zabaldu da gizartean. Estatu kolpearen osteko erregimenak boterean luzatzeko asmoa du. Kosta ahala kosta», iruditzen zaio Maherri.
El-Masry, berriz, baikorragoa da. «Egiptoarrak konturatzen hasiak dira Sisiren benetako aurpegiaz. Gero eta jende gehiagori entzuten diot gupidarik gabeko hiltzaile odoltsua dela».
Halere, Egiptoko herritarrei indarrik geratzen al zaie iraultza berri bati hasiera emateko? «Ez», argi dio Maherrek, «eta matxinada batek eztanda egiten badu, ez da errepresio politikoagatik izango, kolapso ekonomikoagatik baizik».
Belaunaldi kartzelatua
Hosni Mubaraken aurkako iraultza bultzatu zuten gazteek kartzelan bukatu dute Abdel Fatah al-Sisi presidentearekin. Egungo diktaduraren krudeltasuna ikusirik, ezinezkoa iruditzen zaie Tahrir plazak 2011n bezala eztanda egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu